Tolosa CF Atletismoko atletak maila bikainean lehiatu dira

Ataria 2024ko azaroaren 5a

Idoia Arrospide eta Manex Civico txapeldun izan ziren Lasarteko krosean. Naroa Rojo, hamasei urtez azpikoen eta absolutuen taldeak ere podiumera igo ziren.

Donostiako hipodromoan nazioarteko Lasarteko krosa egin zen igandean, eta Tolosa CF Atletismoko atletak bertan izan ziren maila ezberdinetan lehiatzeko. Hamasei urtez azpikoen mailan, gizonezko eta emakumezkoen taldekako sailkapenean bigarren postua eskuratu zuten Tolosarrek.

Hemezortzi urtez azpikoen mailari dagokionez, Idoia Arrospidek garaipena eskuratzea lortu zuen emakumezkoetan, eta Manex Civico ere lehen postuan helmugaratu zen hogei urtez azpikoen gizonezkoen proban. Naroa Rojo ere garaipenetik hurbil izan zen nesken mailan, eta amaieran, meritu handiko hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Azkenik, eguna borobiltzeko, gizonezko absolutuen taldeak ere hirugarren postua lortu zuen taldekako sailkapenean. Lasterketa irabazteko leian ibiltzea lortu ez bazuten ere, Ander Ortiz 20.postuan helmugaratu zen Donostiako hipodromoan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!