Gertakaria ostiral gauerdian jazo zen Tolosan. Hain justu, N-1 errepidean, Donostiako norazkoan, gertatutako istripu baten berri jaso zuen Ertzaintzak 00:30ak aldera. Hiru ibilgailu zeuden ezbehar horretan nahasita, eta bi pertsona arin zaurituta. Bertaratu zirenean, agenteek ikusi zuten kaltetutako furgonetetako batean 11 bidaiari zeudela, gehienez bederatzi egon zitezkeen arren. Halaber, susmoa zuten bidaiariak legez kontra zeramatzatela, eta gerora egiaztatu zuten horrela zela.
Gauzak horrela, polizia etxera eraman zituzte bidaiari guztiak, eta banaka identifikatu ostean, 24 urteko gidaria atxilotu zuten langileen legez kanpoko trafiko delitua egotzita eta bide segurtasuna arriskuan jartzea leporatuta.