Atsedenik gabeko asteburua izan zen Tolosako judokentzat

Ataria 2024ko urriaren 30a

Judo Klub Tolosako judokek Gipuzkoako eta Espainiako Superkopa txapelketetan emaitza politak lortu zituzten asteburuan, eta dagoeneko Euskadiko Txapelketa buru-belarri prestatzen ari dira.

Alde batetik, Ruben Lekuona Madrilera joan zen Euskal Federazioaren selekzioarekin Espainiako Superkopa jokatzera. Rubenen helburua sailkapenerako puntu batzuk biltzea zen eta horrekin Espainiako txapelketako azken faserako txartela lortzea. Ez zen Rubenen egunik onena izan eta ezin izan zituen kanporaketak pasa.

Bestetik, klubeko beste 6 kideek Gipuzkoako txapelketa jokatu zuten Urnietan. Inhar Leundak (-60kg) eta Markel Caballerok (-81kg) ez zuten egunik onena izan, biak domina lortzeko hautagaiak ziren baina biek bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Aipatzekoa da; Inharrek ostera txapelketa irabaziko zuena menderatu zuela, baina ezin izan zuen fisikoki txapelketa ondo bukatu eta txapelketa erdian erretiratu beharrean izan zen. Ioar Olano (-60kg) eta Lur Zabalak (-57kg) brontzezko domina eskuratu zuten eta Nahia Fernandezek (-70kg) zilarrezko domina bereganatu zuen.
Orokorrean postu onak izan ziren tolosarrentzat, baina gauzak hobeto egiteko aukera zegoenaren sentsazioa dute Judo Klub Tolosakoek. Azkenik, Jon Ander Lizarralderen (-81kg) lehen partaidetza goraipatzekoa izan zen, izan ere, bere lehen txapelketa izan zen onetan, esperientzia handiko arerioak estu hartzeko gai izan bai zen.

Judoka hauen hurrengo helburua, Zarautzen azaroaren 3an ospatuko den Euskadiko Txapelketa izango da. Txapelketa honetan irabazteaz gain lehen bi postuetan amaitzea garrantzitsua izango da. Hain zuzen ere, emaitza horiekin Ipar Sektoreko faserako txartela eskuratu eta Espainiako Txapelketako azken fasera hurbiltzeko urrats handia izango bai da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!