100 parte hartzaile baino gehiago, III. Esneki Txapelketan

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urr. 29a, 16:01

Azaroaren 8an eta 9an ospatuko da Euskal Herriko Gazta eta Esnekien azoka berezia; esneki eta frisoi lehiaketak izango dira ekitaldi nagusienak.

Gozo zaleen ahosabaiak ase ondoren, badator esneki zaleen hitzordua Tolosara. Azaroaren 8an eta 9an ospatuko da Esneki, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien azoka berezia, Tolosako Udalak, Hazik eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta, eta Basque Culinary Center-en, Esneki Zentroa Leartikerren, Euskadiko Frisoi Federazioaren, Gipuzkoako Frisoi Elkartearen eta Tolomendiren laguntzarekin.

Bi txapelketa dira Esnekiren muina. Batetik, III. Esneki Euskal Herriko Esne, Gazta eta Jogurt Txapelketa eta Euskal Herriko XV. Frisoi Txapelketa. Lehena, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan ekoiztutako esne, gazta eta jogurt moten txapelketa da. Beotibar pilotalekuan egingo dute azaroaren 9an, eta aurten, 100 parte hartzaile baino gehiago aurkeztu dira. Bederatzi kategoriatan banatuko da: gazta freskoak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi gazta onduak, ardi gazta onduak, ahuntz gazta onduak, jogurtak, eta behi esne pasteurizatua. Azken hori, berritasuna izango da. Kategoria bakoitzean bi azpi-kategoria bereiziko dira: gaztagileak berak ekoiztutako esnearekin eraldatutako esnekiena eta hirugarren bati esnea erosi eta eraldatzen dutenena. Maila bakoitzeko saridunak argitu ondoren, sari nagusia nork irabaziko duen ebatziko dute.

Elikagaien sektoreko 24 pertsonek osatuko dute epaimahaia, eta esnekien itxura, ehundura, zaporea eta usaina epaituko dituzte. 10:00etan hasiko da dastaketa, eta 13:00etan izango da sari banaketa. Bitartean, publikoari irekita egongo da pilotalekua; bertaratzen denak, txapelketako gaztak dastatzeko aukera izango du.

Egun berean, Euskal Herriko XV. Frisoi Txapelketa ospatuko da Ferialekuan. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zazpi abeltzainek ekarritako 88 animaliak hartuko dute parte, adinaren araberako zortzi mailatan sailkatuta. Goizean zehar, behiak ile-apaindegian nola prestatzen dituzten ikusteko aukera egongo da, eta sari banaketa 14:00etan izango da; ezaugarri morfologiko egokienak dituztenak sarituko dituzte. Eneko Dorronsoro Frisoi Elkarteetako ordezkariak adierazi du txapelketaren helburu nagusia «ganadu zaleak eta sektoreko eragileak biltzea» dela, eta azoka «horretarako tresna garrantzitsua» dela.

Azoka, dastaketa, tailerrak eta liburu aurkezpena

Lehiaketez gain, goiz guztian zehar, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien azoka berezia egingo da. Askotariko gazta eta esnekiak erosteko aukera egongo da Trianguloa plazan jarriko dituzten 25 postuetan. Raimundo Ruiz de Escudero Haziko zuzendari nagusiak azoka berezi honen garrantzia azpimarratu du: «Euskal Herriko gazta eta esneki mota guztiak ezagutarazteko eta sustatzeko erreferentziazko lekua da, ekoizleentzat eta nekazaritzako elikagaien industriarentzat oso garrantzitsua». Aldi berean, gogoan izan du sektoreak bizi duen «momentu txarra, prezioen igoera dela eta».

Aitor Agirresarobe udaleko Garapen Ekonomikoa, Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Azokak Saileko zinegotziak ere eskaintzaren aniztasuna azpimarratu du: «Euskal Herriko esnekien sektorea askotarikoa da eta, Esneki bezalako plazek, eskaintza zabal hori ezagutzera eman eta kontsumo ohituretan eragiteko aukera ematen dute. Sektorea sustatu ez ezik, ekoizleak saretzeko ere aukera ematen du. Horregatik, balio nagusi bat erakusten du: zailtasunak zailtasun, sektore bizia dela».

Bestetik, aurten ere, Euskal Herriko Gazta Mahaia dastaketa gidatua antolatu dute. Azokako gazta aukera zabala ezagutzeko eta jateko aukera izango da Beotibarren, Leartikerreko adituen eskutik. Ordu erdiko lau txanda eskainiko dituzte –hiru euskaraz, eta bestea, gaztelaniaz–. Esneki.eus webgunean eskuratu daitezke txartelak 8 euroren truke; gehienez ere, 20 laguneko taldeak izango dira.

Iaz bezala, familiei bideratutako bi tailer ere antolatu dituzte aurten. Lehena, azaroaren 8an, ostirala, izango da, Ferialekuan. 18:00etan hasita, Errapetik ahorainoko bidea saioa egingo dute, haurrek esnea nondik datorren azaltzeko helburuarekin. Baserritar batek azalpenak emango dizkie, behi bat jezten duen bitartean. Horrez gain, behiak jezteko simulagailua jarriko dute, eta natillak kozinatzen ikasiko dute txikienek. 5 eta 10 urte arteko haurrentzat da gomendagarria eta Esneki.eus-en eman behar da izena; 40 plaza daude.

Bigarren tailerra, berriz, azaroaren 9an egingo dute. 11:00etatik aurrera, Frisoi Elkarteak eta Basque Culinary Center-ek, Esnetan jarduerak antolatu dituzte San Frantzisko pasealekuan, Gipuzkoako Artxibo Orokorraren parean. Txekorren zainketa-gunea kokatuko dute, eta behia jezteko simulagailua jarriko dute berriro. Esnekiak eraldatzen eta jogurtak egiten ikasteko zenbait txanda antolatu dituzte haurrentzat, baina ez da beharrezkoa izango aurrez izena ematea.

Testuinguruak lagunduta, Euskal Herriko Emakume Gaztagileak liburua aurkeztuko dute, azaroaren 8an, 17:00etan, Beotibarren. Euskal gaztagintzaren kulturan emakumeek utzitako ondarea berreskuratu eta omentzen du, 12 elkarrizketen bitartez. Fernando Hualde idazlea eta Joseba Urretavizcaya argazkilaria dira egileak.

Autobus zerbitzu berezia

Azoka berezietan bisitari asko hurbildu ohi da Tolosara. Herriaren erdigunean aparkatzeko aukera mugatuez jabetuta, udalak Usabal industriagunean aparkatzeko dei egin die bisitariei. Handik, doako autobus zerbitzu zuzena jarriko dute, erdigunerako joan-etorria errazteko. 09:30etik 14:30era ibiliko da autobusa. Usabal kiroldegiko, Oria beilatokiko eta Amarotz auzoko Iruñea etorbideko geltokietan geldituko da eta zuzenean erdigunera joango da. Geltoki bakarra izango du erdigunean, bidaiariak utzi eta hartzeko: Jon Andoni Irazusta pasealekuan (biala), Naparzubiaren ondoan. Hiribusak, berriz, ohiko ordutegi eta ibilbidea izango du.

Egitaraua
  • Azaroak 8, ostirala
    • 17:00. Euskal Herriko Emakume Gaztagileak liburuaren aurkezpena Beotibar pilotalekuan.
    • 18:00. Errapetik Ahorainoko Bidea familientzako saio hezigarria, Ferialekuan. Izen ematea: Esneki.eus.
  • Azaroak 9, larunbata
    • 09:00. Euskal Herriko XV. Frisoi Txapelketa Ferialekuan (erakustaldia 09:00etan, lehiaketaren hasiera 09:45ean, eta sari banaketa 14:00etan), eta azoka berezia Trianguloa plazan.
    • 10:00. III. Esneki Euskal Herriko Esne, Gazta eta Jogurt Txapelketa Beotibarren. 13:00etan, sari banaketa.
    • 10:00-12:45. Euskal Herriko Gazta Mahaia dastaketa gidatua Beotibarren, ordu erdiko lau txandatan banatuta. Izen ematea: Esneki.eus.
    • 11:00. Esnetan familientzako jarduerak San Frantzisko pasealekuan. Ez da beharrezkoa izena ematea.
      Goiz osoan zehar, doako autobus zerbitzua egongo da Usabal industriagunetik erdigunera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!