Astearte gaua da eta Iñigo Agirrezabala Zapirainek (Tolosa, 1965) amaitu ditu gaurko lanak Realak hiriburu nipondarrean sortutako futbol akademian. Duela urtebete eskas, talde donostiarrak hitzarmen berri bat sinatu zuen Japoniako Yasuda Group enpresarekin, hiru denboraldiz bere babesle nagusia izan zedin. Hitzarmen horren bidez, otsailean, Tokiora bidaiatu zuen Agirrezabalak, eta bertan ari da jokalari berriak hezten. 22:00k dira bertan, baina tarte bat hartu du Ataria-rekin hitz egiteko.
Otsailean, Japoniara joan zinen, Yasuda Group babeslearen bitartez, Realak futbol akademia bat sortu baitu bertan. Zertan aritzen zara lanean?
Tokion futbol akademia bat sortzea zen lehen helburua. Hitzarmena hiru urterako sinatu zuen Realak, eta otsailean etorri ginen. Tokio ezagutu ondoren, futbol akademiarako zelaiak eta egoitzak non kokatuko genituen erabaki behar izan genuen. Horrez gain, haurrak ere lortu behar izan genituen; hautaketa fase bat egin genuen horretarako. Apirilaren 22an jarri genuen martxan ofizialki akademia.
Akademia martxan jartzea zen zuen egitekoa?
Bai. Orain Japoniako haurrekin formakuntza saioak egin, balioez hezi eta potentzial handiena dutenak, tarteka, Donostiara eramatea da helburua, Realeko harrobiko taldeekin entrenatu eta Zubietan esperientzia berriak bizitzeko. Guk hemen hezitako jokalari batek Realeko lehen taldean jokatzea da gure erronka nagusiena. Hori bai, oraindik oso urruti dago nahi hori.
«Haurrekin formakuntza saioak egin, balioez hezi eta potentzial handiena dutenak, tarteka, Donostiara eramatea da helburua»
Nola egiten duzue lan Japoniako haurrekin?
Realeko bi prestatzaile gaude hemen, Manu Merino eta biok, eta bion artean egiten ditugu saio guztiak. 7 eta 12 urte bitarteko 120 haur ditugu, hiru kategoriatan banatuta: 12 urtez azpikoak, 10 urtez azpikoak eta 8 urtez azpikoak. Astelehenetik ostiralera, arratsaldero egiten ditugu entrenamenduak. Bost zelai ditugu Tokion; bi hirian bertan daude, eta beste hirurak inguruko hiriguneetan banatuta.
Eta ba al dago potentzial handiko jokalaririk 120 horien artean?
Oraindik oso goiz da hauetakoren bat Lehen Mailara helduko dela esateko, baina badira batzuk begiz jota ditugunak.
Nolako garrantzia du futbolak Japonian?
Ez da kirol nagusia. Beisbolak eta sumoak jarraipen handiagoa dute. Futbolak ere badu indarra, baina kirol berria da herrialdean. Duela 20 urte hasi zen tokia egiten. Hori bai, emaitza onak lortu dituzte urte gutxitan, eta hori oso zaila da berez. Hemen, ordea, espazioen kudeaketa da arazo handiena. Hiri barruan ez dago espaziorik futbol zelaientzat. Hori dela eta, zelai asko eraikinetako atikoetan daude, esaterako, supermerkatuetako teilatuetan. Ondorioz, altueran eta espazio txikietan entrenatzen dugu. Etorkizunean, zelai handiago bat eraiki eta horri indarra ematea da gure nahia, jokalari gehiagorekin aritu ahal izateko.
«Tokion zelai asko eraikinetako atikoetan daude, esaterako, supermerkatuetako teilatuetan»
Abenduan Tolosara itzuliko zara lau asterako. Zer dela eta?
Lehenik, Madrilera joango gara. Bertan txapelketa bat jokatuko da abenduaren 3tik 11ra, eta hemendik bost talde eramatea nahi dute. Ondoren, hiru aste izango ditut Tolosara itzuli eta familiarekin egoteko.
Senideen falta sumatzen duzu Japonian zaudenetik?
Bai, handia, gainera. Uztailaz geroztik ez naiz beraiekin egon. Luze doa, baina uste baino azkarrago igarotzen da denbora. Harremana mantentzen dugu, astero hitz egiten baitugu eta bideo-dei bidez elkar ikusten dugu. Oso urrun egonda ere, gertutasuna sentitzen dut. Oro har, ondo daramagu, arazorik gabe. Duela gutxi, gainera, Tolosako lagunak izan ziren hemen. Bi asterako etorri ziren, nire etxean egon ziren hiruzpalau egun eta herrialdea bisitatzeko aukera ere izan dute. Ikaragarri eskertzen ditut horrelako bisitak.
Lanari dagokionez, zer izaten ari da zailena zuretzat?
Beraien erritmora egokitzea. Gurekin alderatuta, oso motelak dira. Ordu asko egiten dituzte lanean, baina erabakiak hartzeko bilera ugari egiten dituzte. Irudipena dut lanean egindako ordu kopururako etekin txikiegia lortzen dutela. Gure kasuan, ordu gutxiagorekin etekin handiagoa lortzen dugu. Bi kulturen arteko talka oso handia da.
«Japoniarren erritmora egokitzea izaten ari da zailena. Gurekin alderatuta, oso motelak dira»
Bestetik, komunikazioa ere ez da oso erraza izaten ari. Gutxi dira ingelesez moldatzeko gai, eta japonierak indar handia du. Guk ez dugu menperatzen, baina ni gutxika bi alfabeto ikasten ari naiz: hiragana eta katakana. Goizero, tarte bat hartzen dut horretarako, praktikarako, eta dagoeneko badakit karaktere bakoitza idazten edo marrazten, baina ulertzea eta hitz egitea beste kontu bat da. Entrenamenduei dagokienez, futboleko terminologiako hitz solteak japonieraz esaten ditut, haurrek ulertu dezaten. Saio bakoitzean itzultzaileak ere izaten ditugu eta horiek asko errazten dute gure lana.
Abenduan etxera etorri ondoren, urtarrilean berriro itzuliko zara Japoniara. Noiz arte egongo zara bertan, edo zein da behintzat, aurreikuspena?
Oraingoz, urtebeterako daukagu bisa. Martxoan berrituko dugu, eta hasiera batean, hiru urterako hitzarmena dute sinatuta. Gauzak ondo bidean, luzatu egingo dute. Nik ez dakit hemen egingo ditudan hiru urteak, baina irudipena dut hurrengo urtean, 2025ean, hemen ariko naizela.
Zein izango da datorren urterako zure eginkizuna, eta zein izango dira zuen helburuak Japonian?
Akademia sortu ondoren, haztea izango da erronka nagusia. Ez bakarrik jokalari kopuruari dagokionez, baita belaunaldiei dagokienez ere. Infantil mailako jokalariak heztea nahiko genuke, 13 eta 14 urtekoak, alegia. Bestetik, Realeko profesional mailako bi taldeetarako scouting lanean ere aritzen gara. High School edo unibertsitate ligako partidak ikusten ditugu, jokalari onenak antzeman eta Realaren lehen edo bigarren taldera eramateko.
Ez al dituzu eginkizun asko egiten?
Ni, berez, hautatzaile izan naiz beti; espezialista sentitzen naiz zeregin horretan. Aurten 25 urte egin ditut Realean lan horretan.
1999an sartu zinen Realeko errekrutamendu unitatean. Nola suertatu zen aukera?
Aurrez, Tolosa CF-n sei urtez aritu nintzen entrenatzaile, infantil eta jubenil mailatan. Urte horretan, futbola uztea erabaki nuen, baina Realetik scouting lanean hasteko eskaintza jaso nuen. Baiezkoa eman nuen eta 25 urte pasa dira dagoeneko. Azkar pasa dira baina gustuko lana izan da beti, eta urte aberasgarriak izan dira denak. Hasieran ez zen nire ofizioa, baina 2018an lan profesionala bilakatu zen.
Beti izan da hori zure eginkizuna?
Bai. 2002an, aldaketa handiak izan ziren Realean, batez ere, metodologian. Entrenatzaile berri asko sartu ziren. Jubenil mailan hautatzaile ardura eman zidaten niri. 6 urte egin nituen Realerako jubenil mailako jokalariak aztertzen eta hautatzen. 2007an, Reala Bigarren Mailara jaitsi zenean, ardura asko galdu ziren, dirurik ez zegoelako. Nik, baina, hautatzaile modura jarraitu nuen, eta bigarren entrenatzaile izan nintzen jubenil mailan, sei urtez.
Orain arte egin al duzu aurkikuntza handirik Realean?
Garbi utzi nahi dut nik ezin izaten dudala hautatzeko erabakirik hartu; iritzia eman, aholkatu eta lagundu besterik ez. Baina, bat nabarmentzekotan, Antoine Griezmann. Urtebetez izan nuen jubenilen taldean. 16 urte besterik ez zituenean, oso garbi nuen Lehen Mailara helduko zela. Berezia zen, txikia, indar gutxikoa, baina azkarra, oldarkorra eta teknikoki abila. Bestela, gerora profesionalak izan diren jokalari asko igaro dira nire taldetik: Aritz Elustondo, Alvaro Odriozola, Iñigo Diaz de Cerio.
2022an, hitzartutako kluben arduradun izatera pasa zinen. Nola suertatu zen aldaketa?
Urtebete egin nuen zeregin horretan, baja bat tarteko. Argi utzi nien ez nuela aurreko ardura utzi nahi. Ondorioz, lan bikoitza egin behar izan nuen, eta urte oso gogorra izan zen. Hitzarmen berri bat sinatu zuen Realak, eta Gipuzkoako hitzartutako taldeei horren inguruko azalpenak ematea egokitu zitzaidan. Horrez gain, etengabeko harremana mantendu behar izan nuen talde horietako arduradunekin, metodologia dela, formakuntza saioak direla eta abar. Gustura aritu nintzen, baina ez ninduen betetzen.
'Scouting' lana egiteko, futbol zale amorratua izan behar da. Zenbat futbol partida ikusi ote dituzu?
Auskalo! Larunbat, igande eta jai egunetako lana izaten da. Bataz beste, gutxienez lau partida ikusten ditut asteburuetan; zazpi partida ere ikusi izan ditut asteburu bakarrean. Oso gustuko dut harrobiko futbola.
Zer ematen dizu ofizio honek?
Pertsonekin egindako harremanak, benetako harremanak. Pertsona oso bereziak ezagutu ditut: Meho Kodro, Imanol Alguacil, Jagoba Arrasate, Sergio Francisco eta Javier Olaizola, besteak beste. Entrenatzaile horiekin urte bana egin nuen laguntzaile; Alguacilekin bi.
Exigentzia handia eskatzen du Realean lan egiteak?
Bai. Kanpotik oso polita ikusten da Reala, askok nahi dute bertan lan egin, baina eguneroko lanak erritmo oso altukoak dira eta ordu asko eskaintzea eskatzen dute. Zubietan une honetan hori da zailtasun handiena.



