«Zerbitzu publikoek ezin digute gure hizkuntzan aritzeko eskubidea oztopatu»

Ataria 2024ko urr. 28a, 19:59

Iurreamendi egoitzako lanpostuak egonkortzeko lan-deialdian hizkuntza eskakizunen aurkako epaia eman du Donostiako epaitegi batek. Hori salatzeko, elkarretaratzea egin dute, Galtzaundi Euskara Taldeak deituta, Tolosako epaitegiaren aurrean.

Aitzondo Irungo Euskara taldeak, Dobera Euskara Elkarteak, Etakitto Euskara Elkarteak, Galtzaundi Euskara Taldeak eta Jardun Euskara Elkarteak adineko edota mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako egoitzetan lanpostuak egonkortzeko lan-deialdian hizkuntza eskakizunen aurkako epaiaren aurrean kezka azaldu dute. «Azken epaiak, beste behin ere, euskararen biziberritzea oztopatzea du helburu eta herritarren hizkuntza eskubideen aurkakoa da», esan dute kaleratu duten ohar bateratuan.

Euskalgintzako elkarteen ustez, zerbitzu publikoek herritarron hizkuntza-eskubideak bermatu behar dituzte eta epai hau kontrako noranzkoan doala uste dute. «Herritarrokin zuzeneko harremana izango duten lanpostuetan euskararen ezagutza eskatzeak, herritar guztion eskubide linguistikoak bermatzea ziurtatzen du. Euskaraz artatua izatea ez bazaigu bermatzen, euskara erabiltzea oztopatzen zaigu euskaldunoi». 

Euskararen aurkako azken epaiaren kasuan, adineko egoitzei eragiten dien heinean, herriko sektore zaurgarrienetako baten eskubideak urratzen dituela diote. «Adinean aurrera joandako edo mendekotasun egoeran dauden herritarrak dira zerbitzua zuzenean jasotzen dutenak eta egoera horietan are gehiago, zaintza behar bezala jasotzeko benetan erabakigarria da hizkuntza. Pertsona zaurgarrienak duintasunez eta beraien hizkuntza erabiliz zaintzeko baldintza eta bermea da lanpostu horietarako hautagai guztiak zerbitzuak eta arreta euskaraz eskaintzeko gai izatea. Izan ere, zerbitzu publikoek ezin digute gure hizkuntzan aritzeko eskubidea oztopatu». Hala, azken epaiak Kabia erakundearen baitako egoitzetan euskaraz artatuak izateko bermea «ezabatzen» diela herritarrei diote.

Elkarteek diotenez, eta norabide berean jasotako epaiak kontuan hartuta, «euskararen kontrako eraso eta estrategia judiziala da aurrean duguna». Bada, Gipuzkoako Foru Aldundiari azken epaiari helegitea jartzeko eskaria luzatu diote, eta lege-araudia garatzeko eskumena duten gainerako erakundeei euskararen indarberritze-prozesuari lege-babes sendoa bermatzeko pausoak ematea eskatu diete.

Gisa horretako epaietan euskara «bazterketarako tresna» dela adierazten dela aipatu dute. Euskalgintzako eragileen ustez, baina, euskara «gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbesteko osagaia» da. «Euskararen aurkako erasoak gelditzeko, gure hizkuntzaren normalizazioan pausoak emateko eta guztiok euskararen erabilera indartzeko garaia da», esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!