Domu Santu egunean hilerrira joateko Hiribusaren zerbitzu berezia egongo da Tolosan

Ataria 2024ko urriaren 28a

09:00etatik 13:15era eta 15:00etatik 18:30era bitarte eskainiko da; bestalde, autoz joan ohi direnentzat, zenbait argibide eman ditu Udaltzaingoak.

Azaroaren 1ean, ostirala, Domu Santu eguna ospatuko da. Horren harira, Tolosako Udalak hilerrira joateko autobus zerbitzu berezia eskainiko du. Goizez, 9:00etatik 13:15era, eta arratsaldez, 15:00etatik 18:30era, emango da zerbitzua.

Autobusa musika eskolatik abiatuko da eta, hilerrira bidean, honako geldialdiak egingo ditu: San Frantzisko elizaren parean, Geltoki kalearen alboan, Berazubin, Iurreamendiko biribilgunean, Usabal kiroldegian eta Amarotz auzoan. Itzuleran, berriz, Iparragirre auzoan, Bizkaia kalean, Jon Andoni Irazusta pasealekuan (biala) eta Trinkete plazan geratuko da.

Autoak aparkatzeko argibideak

Bestalde, egun horretan trafiko arazoak ekidin eta zirkulazioa hobetzeko gomendio bat luzatu du Udaltzaingoak. Azken urteetan hilerrira doan maldaren eskuinean aparkatu izan dute gidari batzuk, nahiz eta seinaleek hori debekatu. Horrek Hiribusa bertaraino iristea oztopatzen duenez, hori ez egiteko eskatu du Udaltzaingoak.

Ostiralean, beraz, hilerriraino igotzeko eta, bertan seinaleekin sortuko duten biribilgunean itzulia eman ondoren, beheranzko noranzkoan espaloira itsatsita aparkatzeko dei egin diete gidariei, autobusaren joan-etorriak ez oztopatzeko. Udaltzaingoak laguntzeko deia luzatu die gidariei eta trafiko arazoak saihesteko arauak errespetatzea eskatu die.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!