Gurasoei zuzendutako ikastaroa Tolosan, mundu digitalean bere seme-alaben bidelagun izateko

Ataria 2024ko urriaren 28a

Tolosatzen Eskola Irekiak, nerabeek mundu digitalaren erabilera segurua egiteko, DBHko 1. eta 2. mailako gazteen gurasoei zuzendutako tailerra antolatu du; azaroko lau asteazkenetan izango dira saioak.

Tolosako DBHko 1. eta 2. mailako gazteen gurasoei bideratutako tailer bat antolatu du Tolosatzen Eskola Irekiak, mundu digitalean bere seme-alaben bidelagun izan daitezen. Gazteen familiei tresna praktikoak eskaintzea izango da helburua, teknologiaren erabilera modu arduratsu eta seguruan gidatzeko. «Gaur egungo gazteak gero eta murgilduago daude mundu digitalean, eta hori erronka bat da helduentzat»., adierazi dute antolatzaileek. «Hori dela eta, funtsezkoa da gurasoek alfabetatze digitalari buruzko oinarrizko ezagutzak izatea, pantaila-denbora behar bezala kudeatzea eta interneten arriskuez jabetzea», gaineratu dute.

Ikastaroak 8 orduko iraupena izango du eta azaroko asteazkenetan izango dira saioak: azaroaren 6an, 13an, 20an eta 27an, Tolosako kultur etxeko bilera-gelan (lehenengo solairuan). Familia guztien parte hartzea errazteko, bi ordutegi eskainiko dira: 16:00etatik 18:00etara euskaraz, eta 18:00etatik 20:00etara gaztelaniaz. Parte hartu nahi duten familiek aurrez izena eman beharko dute, galdetegi hau osatuta, urriaren 31 baino lehen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!