Euskararen aurkako azken erasoa, Tolosan

Ataria 2024ko urriaren 25a

Euskararen oldarraldiaren kontrako mobilizazioa, Tolosan, iazko urrian. A.IMAZ

Iurreamendi egoitzako lanpostuak egonkortzeko lan-deialdian hizkuntza eskakizunen aurkako epaia eman du Donostiako epaitegi batek. Hori salatzeko, elkarretaratzea deitu du Galtzaundik, datorren astelehenean, Tolosako epaitegiaren aurrean.

Euskararen aurkako oldarraldia salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak eta Galtzaundi euskara taldeak: «Kasu honetan, gainera, adineko egoitzei eragiten die epaiak, gure herrietako sektore zaurgarrienetako baten eskubideak urratuz. Jasotako sententziak, Kabia erakundearen baitako egoitzetan euskaraz artatuak izateko bermea ezabatzen digu herritarroi».

Honela, euskalgintzak gogoratu du «herritarrokin zuzeneko harremana izango duten lanpostuetan euskararen ezagutza eskatzeak, herritar guztion eskubide linguistikoak bermatzea ziurtatzen» duela.

Azken sententzia hau herritarren hizkuntza eskubideen aurkakoa izanik, helburu argia duela salatu dute: «Euskararen erabilera oztopatu eta gaztelania inposatzea».

Honela, eskualdeko herritarren hizkuntza eskubideen alde egiteko, Galtzaundi euskara taldeak dei egiten die herritarrei urriaren 28an, 19:00etan, Tolosako epaitegiaren aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!