Aste honetan egin da publiko gizonezko batek emakume bat eraso duela Tolosako kiroldegian, eta indarkeria matxistaren kasu honen aurrean gaitzespenak ari dira biderkatzen. Tolosaldeko Itaiak asteartean eman zuen gertaeraren berri eta esan du horren harira dinamika bat jarri duela martxan. Dinamika horren barruan dago atzo Tolosako kultur etxean egindako batzar irekia. Bertan erasoaren berri ematearekin batera, gaurko elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du; elkarretaratzea 19:30ean izango da Euskal Herria plazan. Elkarretaratzera bertaratzera gonbidatu dituzte herritar guztiak, «argi» gera dadin «horrelako» gertaerak gaitzetsi eta salatuko dituztela. Azken eraso hori salatzeaz bat, Itaiak gogora ekarri ditu urtean zehar jazotako beste hainbat, horien artean, osteopataren kasuak, inauterietakoak eta azken asteetakoak. Eta, harago, uste dute erasoak «normalizatzen» ari direla: «Gaur egun ideia erreakzionarioek eta horien ondorio den matxismoaren ukapenak agerian uzten du erasoen normalizazioa eta erasotzaileen inpunitatea».
Tolosako asanblada feministak ere elkarretaratzea egingo du gaur, Trianguloa plazan, 18:30ean. «Ezin dugu normalizatu gertatzen ari den hau. Beste eraso bat gertatu da gure herrian, oraingoan, kirol eremuan. Erasotzaileak nonahi! Aski da!», adierazi dute.
Udalak bere aldetik erasoa gaitzetsi du eta esan du sexu erasoak bizi dituzten emakumeei arreta emateko erakunde arteko protokoloa aktibatu duela. Gehitu du udalak bat egin duela asanbladaren deialdiarekin, udalbatzaren adostasunarekin. «Udalak jada emakumearen eskura jarri ditu bere baliabide guztiak, besteak beste, Gizarte Zerbitzuen edota Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxearen bitartez doako laguntza psikologiko edota juridikoa eskaintzeko. Berehalako neurri gisa, gainera, kiroldegirako sarbidea debekatu zaio erasoa egin duen gizonezkoari», zehaztu du.
Jarrera hauek modu irmoan gaitzestearekin batera, Tolosako Udalak neurri gehiago hartzen jarraitzeko konpromisoa azaldu du. Alde batetik, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa eguneratzeko lanean murgilduta dago; «azken urteetan aldaketa asko egon dira indarkeria matxistaren trataeran, baita legediari dagokionean ere, eta horietara egokitzea da asmoa». Bestalde, kiroldegiko araudia eguneratzeko lanketa abiatuko du. Aurrera begira ere zein beste neurri har daitezkeen aztertuko du.