Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuko ordezkariak Tolosara hurbildu ziren atzo, Tolosaldeko eskualdeko herritarrekin Baserritar Misto Profesionala ekimenari buruzko xehetasun gehiago emateko. Foru Erakundeak ekimen hori abian jarri du lehen sektorearen belaunaldi erreleboa bermatzeko helburuarekin.
Ekimen honen bidez, lehen sektorean jarduera profesional bat garatu nahi duten pertsonei laguntza eman nahi diete, enpresatik esparru horretara modu jasangarrian igarotzeko, prozesu honetan bi lanak uztartuz. Horretarako, ekimenak % 50eko lanaldi-murrizketa aurreikusten du, interesdunak jarduera hori baserriko lanekin bateragarri egin ahal izan dezan modu profesionalean, diru sarrerak bi jardueretatik etor daitezen.
Programaren xehetasunak
Programa baserritar misto profesionala izateko interesa duten 18 eta 55 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da kontratu mugagabea eta lanaldi osokoa izatea eta enpresan gutxienez 18 hilabeteko antzinatasuna izatea. Bazkide langileen kasuan, 10 bazkide baino gehiago dituzten erakundeetako bazkide langileek soilik izango dute laguntza jasotzeko aukera. Langile berrien kasuan, lan-kontratu mugagabe berriak lanaldiaren % 50 izan beharko du.
Enpresei dagokienez, parte hartzeko baldintza nagusia haien jarduera lehen sektoreari lotuta ez egotea da.
Aldundiak bultzatutako programak sei urteko iraupena izango du guztira. Foru erakundeak konpentsazio ekonomikoa emango die baserritarrei eta enpresei lanaldi-murrizketari aurre egiten laguntzeko.
Ekimenari buruzko informazio gehiago eskuratzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunera jo behar da edo bmp@gipuzkoa.eus helbidera idatzi.