Larunbat goizean, Tolosa Goxua azoka berezia ospatuko da Tolosan. Hori ez da, baina, ekitaldi bakarra izango, Tolosako Udal Musika Bandak kalejira egingo baitu, Alde Zaharrean eta erdigunean zehar. Gorriti plazatik abiatuko dira, 11:30ean. «Azken urteetan egutegian ohiturazko emanaldia bilakatzen ari da udazkeneko kalejira, eta aurten, larunbat honetan egingo dugu. Iaz, Mikologikako asteburuan egin genuen; aurten, berriz, herriko kaleak goxatzea egokitzen zaigu», adierazi dute bandatik.
Bandatik adierazi dutenez, kalejiretan ohikoak diren biribilketa eta pasodobleez gain, bestelako doinuak ere entzun ahalko dituzte herritarrek, hala nola, balts erritmoan jotzen den Maria Bonita bolero mexikarra, Itsas Gizoneri euskal jota herrikoia, Europe taldearen The Final Countdown eta Queen taldearen Don’t stop me now.
Xexili Eguna
Emanaldi honen ondoren, musika bandaren hurrengo emanaldia Xexili Eguneko kalejira izango da, azaroaren 22an. «Eta ohiturak agintzen duen moduan, Xexili Eguneko kontzertua ere egingo dugu, Leidor antzokian. Aurten, azaroaren 24an izango da, eta ohi bezala, herriko musika talde gehiagorekin partekatuko dugu oholtza», gaineratu dute.