Bi hamarkadaz, kultura eta hizkuntza gutxituen arteko zubi

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urr. 24a, 16:00

20 urte bete berri ditu Laskorain Ikastolaren eta Bretainiako Diwan Ar Releg ikastetxearen arteko eskola-trukeak, eta urteurren berezia ari dira ospatzen Tolosako ikastetxean.

2004ko azaroan, Laskorain Ikastolan frantsesa ikasten zuten ikasleek eta Bretainiako Diwan Ar Releg ikastetxean gaztelania ikasten zutenek, astebetez elkarrekin bizitzeko aukera izan zuten, lehen aldiz. Gerora, urtero egin dute eskola-trukea. Aurten, 20 urte bete ditu ekimenak, eta edizio berezi hau ere ari dira ospatzen. Urriko bigarren astean, Tolosan izan ziren bretoiak; 57 ikasle eta 5 irakasle etorri ziren. Gauzak ondo bidean, Laskoraingoak martxoan joango dira hara; guztira, 30 ikasle eta hiru irakasle. «Egun horietan, ikastetxean ikasitakoa praktikan jartzeaz gain, arrotz zaien kulturaren bihotzean murgiltzen dira gazteak, elkarrizketei, jarduerei eta bizitako momentuei esker», adierazi dute Laskoraindik.

Diwan ikastetxeak murgiltze-eredua bretoieraz gauzatzen duten hezkuntza-erakundeak dira, zeinetan eskola-bizitza eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesua bretoieraz gauzatzen den. Laskorain Ikastolak, helburu horrekin bat eginik, Ar Releg-Kerhuon herriko ikastetxearekin antolatzen du elkartrukea.

Euskarak eta bretoierak, hizkuntza gutxituak izan arren, «kultura-aberastasun izugarria» dutela nabarmendu dute Laskoraindik: «mendez mende mantendu dituzte ahozko tradizioak, literatura, eta musika-adierazpen propioak, hiztun komunitateen identitatearen oinarri direnak. Euskara eta bretoiera, horrenbestez, komunikaziorako tresna izateaz gain, aparteko mundu ikuskera gordetzen duten hizkuntzak ere badira».

Laskoraindik adierazi dutenez, gazte euskaldun eta bretoiek, bere herrian bizi duten errealitate soziolinguistikoa atzerrikoarekin partekatzeko aukera izaten dute. «Testuinguru sozio-politikoak testuinguru, hizkuntzarekiko kontzientzia eta jarrera balioan jartzeko balio izaten die, Euskal Herrian bezala, Bretainian ere, jatorrizko hizkuntzaren kale-erabilera erronka izugarria baita», azaldu dute.

Ondare emozionala
Murgiltze-astea, beste kultura bat eta beste bizimodu bat ezagutzeko lehen aldia izaten da ikasle askorentzat. «Eguneroko jarduerek, kultura-txangoek eta hango zein hemengo ikasleek elkarrekin egiten dituzten lanek, lagun berriak egiteko aukera ematen diete eta, beraz, esan dezakegu truke honen inpaktua akademiko hutsa izatetik haratago doala, lotura emozionalei bide emanez. Modu horretara, bete-betean eragiten da ikastolak landu nahi duen pertsona-ereduan, desberdintasun kulturalak elkarren arteko harremanerako oztopo ez baino, elkarrenganatzen gaituzten zubiak direla ohartaraziz».

Elkartrukearen 20. urteurrenean, totebag zorro bereziak egin dituzte. LASKORAIN

Truke hau «beste herrialde batean astebete igarotzea baino askoz gehiago» dela ere nabarmendu nahi dute. «Gure gazteak, giro seguru eta lagunkoian atzerriko hizkuntza ikasteaz gainera, pertsona gisa ere hazten dira, munduarekiko ikuspegi irekiagoa garatuz eta kultura- zein hizkuntza-aniztasunarekiko errespetua balioetsiz».

Ikastolatik gogorarazi dute «proiektu hau 20 urtez garatzea ez zela posible izango hasieratik eutsi dioten irakasleen lanik eta ilusiorik gabe». Beatris Ar Roue, Bretainiako gaztelaniako irakaslea, «funtsezko zutabeetako bat» izan dela nabarmendu dute, «ikastolako hainbat irakaslerekin batera». Eta urteurren berezi honetan, gurasoentzat ere izan dituzte hitzak: «Hamaika izan dira urtez urte gure proiektuan sinetsi dutenak eta haien etxea eta bihotza gazte atzerritarrei eskuzabal eskaintzeko konpromisoa hartu dutenak», nabarmendu dute. «Itxaropentsu eta gogo betez» begiratzen diote etorkizunari, «helburua lankidetza hori indartzea eta iraunaraztea» delako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!