Tolosa bizileku duen Sarah Ugartek (Donostia, 1986) erronkak gustuko ditu. Iaz egin zuena berriro egin du aurten, denbora jaisteko asmoz, eta baita lortu ere. Tolosatik abiatuz eta bertara itzuliz, hiru handiak egin ditu, errepidean bizikletan joanez eta mendian korrika, Hain justu, 230 kilometro eta 3.300 metroko goranzko desnibela errepideko bizikletaz, eta 42 kilometro mendian korrika 2.200 metro gehituz gorantz, Aizkorri, Anboto eta Gorbeiako tontorretara igoz. Iaz 17 ordu eta 8 minutuko denboran egin zuen, eta aurten, 16 ordu eta 3 minututan. Duela bi aste, urriaren 13an, gainditu zuen erronka.
Erronka burutzerakoan nola sentitu zinen?
Ideia hau izan nuen aurreko urtean, eta erronka bera egin nuen, eta orduan 17 ordutan egin nuen. Pentsatu nuen jaitsi nezakeela denbora hori. Berriro hasi nintzen motibatzen, entrenatzen, eta horrela hasi zen erronka berriro egiteko ideia.
Ez zinen, beraz, guztiz gustura geratu iaz.
Egia esan ez; abuztuan egin nuen eta sekulako beroa egin zuen. Oso gaizki egin nituen Anboto eta Gorbeia, ia denbora guztian oinez. Orduan pentsatu nuen errepikatu egin behar nuela, eta ondo joan da. Aurten Anboto 20 minutu gutxiagoan eta Gorbeia ordu erdi gutxiagoan egin dut, askoz hobeto.
Nabaritu da aurten urrian egin izana, eguraldiaren aldetik?
Bai, askoz hobeto. Hori bai, urrian egiteak beste kontu bat du, argi gutxiago dagoela. Goizeko zortzietan ateratzen da eguzkia eta abuztuan goizeko sei eta erdietan. Baina frontalarekin moldatu gara.
Egin zenuen egunean ez zuen euririk egin behintzat.
Argi nuen euria egiten bazuen ez nuela erronka egingo. Aste osoa egon nintzen begiratzen eguraldia, eta igandean ona zetorrela ikusi nuen. Haize pixka bat emanda zegoen, baina azkenean nahiko ondo joan zen. Urkiolan haizea izan nuen kontra eta komeriak pasa nituen, baina azkenean baldintza onak izan ziren; agian niretzako pixka bat beroa egiten zuen, 25 edo 26 gradu. Baina aurreko urtean 35 gradu izan nituen.
Nola bizitu zenituen azkeneko orduak?
Oso pozik. Ondo bukatuko nuenaren sentsazioarekin.
Aurretik ere beste erronka bat egin zenuen, Tolosatik abiatuta eta bizikleta eta korrika uztartuz, Hiru Erregeen Mahaira igoz. Bizikleta eta mendian korrika aritzea uztartzen ari zara azken aldi honetan.
Niretzako bi kirol politenak bizikleta eta mendian korrika aritzea dira. Duela bi urte pentsatu nuen erronka bat egin nahi nuela. Bestela, lasterketak izaten ditugu, eta horiek irabazteko dena ematera joaten gara. Gehiago motibatuko ninduen zerbait nahi nuen, eta horregatik pentsatu nuen erronka bat egitea. Etxetik Hiru Erregen Mahairaino joan nintzen duela bi urtekoan. Hartan helburua 15 ordutik jaistea zen, eta 14.36 egin nuen. Ondo atera zen.
Azken erronka honetan eguraldia izan da gakoetako bat. Besterik izan al da?
Niretzat oso garrantzitsua da zure alboan zer talde duzun. Oso inportantea da leku batera ailegatu, bizikleta utzi eta guztia, hau da, zapatilak, txalekoa, janaria... prestatuta edukitzea. Eta, hori bete da. Oso ondo egin dute nire ahizpek, nire bikotekideak eta lagun batzuk. Proban zehar nire aldamenean joan dira gainera. Aipatzekoa da, aurten fisikoki hobeto egon naizela, eta hori ere oso garrantzitsua da.
Bakarrik ez egiteak ere abantaila izango du.
Asko laguntzen du, ez zaudelako denbora guztian bakarrik. Egia da erronkaren zati handi bat, ia guztia, bakarrik egin dudala. Baina, aldamenean gertukoak izan ditudan tarteak oso onak izan dira, hitz egiteko aukera ematen duelako. Gainerakoan, burua etengabe erronkaren gainean pentsatzen joaten da.
Une zailak ere izango ziren.
Bai. Bi une izan ziren bereziki zailak, batez ere buruari dagokionez. Nire buruari galdetzen hasi nintzen zer ari nintzen egiten. Fisikoari dagokionez, txakalaldia izan nuen Anboton. Urkiola bizikletarekin igo nuen, oso gogorra da, eta ahulaldia izan nuen hor. Baina, zertxobait jan nuen, lasai jarraitu nuen, eta buelta eman nion. Azken lau orduak ere gogorrak izan ziren. Baina, une horretan oso pozik nengoen, banekielako bukaerara iritsiko nintzela.
Eta, orain, ba al duzu beste erronkarik buruan?
Bai. Hurrengo urtean beste bat egitea dut buruan. Guztia aurreikusi bezala badoa, pixka bat zailagoa izango da. Ikusi beharko da gorputza nola dagoen, prestaketak nola doazen, eta laguntzaileak ere nola dauden.
Erronka berri hori ere bizikleta gainean eta korrika izango al da?
Bai, biak uztartuz egin nahiko nuke.
Erronka prestatzearekin batera mendi lasterketetan parte hartzen jarraituko al duzu?
Bai. Jarraituko dut. Mendia asko gustatzen zait.Bizikleta baino gehiago gustatzen zait. Nire ideia da mendi lasterketekin jarraitzea, eta urtero erronka bat egitea. Zerbait desberdina egitea da asmoa, nolabaiteko pizgarri bat izateko.
Erronka hauek gaindituta esan dezakezu zure burua ondo ezagutzen duzula?
Uste dut ondo ezagutzen dudala. Azken proba honetan, esaterako, une batean botagura sentitu nuen. Sentsazio horrek esan nahi zuen gorputza mugan zegoela, beraz, pentsatu nuen erritmoa jaitsi beharra nuela, eta zerbait jan. Horrela buelta eman ahal izan nion egoera horri.
Horrelako erronkek, gainditzearen asebetetzeaz gain, zertan laguntzen dizute?
Helburu handi bat jartzen baduzu eta lortzen baduzu oso pozgarria da. Beteta sentitzen zara.