Gure ondarearen ondorengo

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urr. 23a, 16:00

Joxe Migel Barandiaran ataundarrak egindako lana ezagutarazi eta horri zabalpena eman asmoz, 10 eta 12 urte arteko ikasleei bideratutako proiektu berri bat jarri dute martxan Samaniego ikastetxean.

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Jose Migel Barandiaran Katedrak proiektu berri bat jarri dute martxan, ikertzaile ataundarraren bizimodua eta ikerketa arkeologiko zein etnografikoak Euskal Herriko haurren artean ezagutarazi eta zabaltzeko asmoz. Tolosako Samaniego ikastetxean abiatu dute, 10 eta 12 urte arteko ikasleekin. Aitzindari izango dira, beraz, aurrerantzean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beste zenbait ikastetxetan proiektuari jarraipena ematea baita asmoa.

Gaur aurkeztu dute proiektua Tolosako ikastetxean. Bertan izan dira Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko zuzendari Abel Ariznabarreta eta Jose Migel Barandiaran Katedrako zuzendari Joxean Mujika. Haurrei Barandiaranen inguruko zenbait azalpen eman ondoren, ikertzaile ataundarrarekin bizitako zenbait esperientzia ere partekatu dizkiete. Aurkezpenak egin ondoren, Historian doktorea den Erik Arevalok bideratu du lehen saioa –bera izango da proiektuaren gidari–, zenbait material eta baliabide erakutsiz, hala nola, hezurrak, harriak, liburuak eta bideoak.

Samaniego ikastetxeko Euskara Batzordeko arduradun Iñigo Mujikak «oso harro» daudela esan du, proiektuaren abiapuntu izateagatik. «Ohore bat da guretzat, ezinbesteko proiektu bat izango delako. Batetik, Barandiaran nor izan zen ezagutzeko, eta gogoz lan egiteari esker, haurrak noraino heldu daitezkeen erakusteko. Familia xume bateko senide gazteena zen eta, hasieran, euskaraz bakarrik zekien. Azkenean, sei hizkuntza ikastera heldu zen. Bestetik, zientzia alorrean egindako lanak eta emandako aurrerapausoak gertutik ikusi ahal izango dituztelako».

Elkarrizketa etnografiko bat egitea izango da Samaniegoko ikasleek egin beharreko lehen lana. Hain justu, adineko pertsonei bere garaiko bizimoduaren inguruan galdetzea gure historia hobeto ezagutzeko modu bat dela esan die Arevalok. Ariznabarretak ere ideia hori nabarmendu du Barandiaranen inguruko pasarte bat kontatuz: «Ia 102 urtez bizi izan zen, eta eguneroko batean idatzi zituen bere bizitzako pasarte ia guztiak. Horiek gorde, irakurri eta aztertu ondoren, nolako pertsona zen ezagutu ahal izan dugu. Umila eta eskuzabala zen, baita desberdin pentsatzen zutenekin ere».

Lana bai, izaera ere bai
Joxean Mujikak azaldu duenez, Barandiaranek zientzia alorrean nahiz Euskal Herriko kulturan eginiko lanari jarraipena ematea izango da proiektuaren helburua. «Duela 30 bat urte hil zen Barandiaran, eta haurren artean ez da batere ezaguna. Gure belaunaldikoentzat eta gazteagoentzat bai, baina azken urteetako belaunaldientzat pertsonaia ezezaguna da. Hori dela eta, bere bizitza, ikerketa lanak eta izaera ezagutzeko aukera polita izan zitekeela pentsatu genuen. Gure artean badira betikotzat ditugun lanak, besteak beste, Barandiaranen eta beste ikertzaile batzuenak, gorde zituztenak eta, gerora, ezagutzera eman zituztenak, gizarteak berezko hartu dituenak».

Ariznabarretak, Barandiaranen ikerketa lanak ez ezik, bere izaera ere kontuan hartu beharreko ezaugarria dela nabarmendu du: «Guztiok dakigu XIX. mendean jaio zela eta XX. mendeko euskal ikertzaile esanguratsuenetakoa izan zela, baita apaiza izan zela ere. Berak, ordea, bazituen printzipio eta balio batzuk, bere lan egiteko moduan nabarmentzen zirenak: apaltasuna, zuhurtzia eta elkarlanerako asmoak. Balio horiek oso erabilgarriak dira gaur egungo gizartean, bai guretzat eta, nola ez, hurrengo belaunaldientzat».

Ikertzaile ataundarraren inguruan orain arte jasotako ezagutza zaindu eta zabaltzea da Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren eta Jose Migel Barandiaran Katedraren ardura. «Zenbait alorretan, historiaurrean, arkeologian, antropologian edota etnografian, Euskal Herrian egin izan diren azterketetan ezinbesteko pertsona izan zen. Aitzindaritzat jo daiteke», esan du Ariznabarretak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!