Beste urte batez, Ogi-Berri Torneoa Migel Soroa Oroimenezkoa izango da jokoan Tolosako Beotibar pilotalekuan. XI. edizioa izango da eta hasiera larunbat honetan emango zaio, 16:30ean hasiko den jardunaldian. Aurten hiru mailatan jokatuko da, jubenilak, etorkizunekoak eta eliteak, eta lehian momentuko pilotari onenak ariko direla esan dute antolakuntzatik. Guztira bederatzi jardunaldiz osatuta egongo da txapelketa, eta finalak 2025eko urtarrilaren 4rako daude iragarrita.
Txapelketaren aurkezpena Alegiako Route 33 Gourmeten egin zuten atzo arratsaldean, eta bertan antolatzaileak, hainbat babesle eta lehian ariko diren pilotari ugari izan ziren. Alex Sanchez Ogi-Berriko ordezkariak «txapelketa on bat» izatea espero zuela azaldu zuen, eta pilotari guztiei zorte ona opa zien. Migel Soroa zenaren semeak, Antton Soroak, hartu zuen hitza eta familiaren aldetik «esker ona» adierazi zien «Anizeto Lazkano eta antolakuntza talde guztiari», eta baita eskertu zien Ogi-Berri, Tolosako Udala eta beste babesle guztiei txapelketa aurrera eraman ahal izatea. «Hamaikagarrenera iritsi gara, eta gogoan dut aurreneko urtean Artola eta Tolosa izan ziren txapeldun, eta Altunak ere parte hartu zuela. Orain beste pilotari batzuk daude lehian, bide berean dabiltzanak; beraz, animo guztiei». Dut Asesores babeslearen Iker Ariznabarreta ordezkariak azaldu zuenez, «eskualdean pilotaren inguruan harrobia badago, eta guk kirol hori babestu nahi dugu, eta horregatik gaude hemen». Peru Eraikuntzak ordezkatuz Laida eta Maddi Perurena izan ziren, eta pilotariei animoak emateaz gain, etorkizunean pilotari profesional bilakatzea opa zieten. Tolosako Udalaren ordezkari moduan Andu Martinez de Rituerto alkate eta Kirol zinegotzia izan zen, eta poza adierazi zuen, aurrean «hainbeste pilotari» ikusita: «Eskerrak eman hau posible egiten duzuen guztioi; pilota sustatzeko ezinbesteko lana da horrelako txapelketak antolatzea. Ez da edozein txapelketa, eta lehia handia espero da. Aurreko urtean ikusi nituen partida batzuk, eta maila bikaina eman zuten, eta aurten horrela izatea espero dugu ere».
Larunbateko lehen jardunaldia jubenil mailako partidarekin hasiko da, Paraguayo-Segurola eta Arregi-Castro bikoen artekoa. Lehen bikoteko pilotariek aurrekontratua dute Baiko enpresarekin. Ondoren etorkizunekoen mailako partida izango da, Apaolaza-Galartza eta Egurrola-Beloki bikoteen artean. Galartza, Egurrola eta Belokik aurrekontratuak dituzte pilota enpresekin; partida oso irekita dago eta ez dago faborito argirik. Jaialdia amaitzeko, elite mailako partida jokatuko da, afizionatu mailako lau pilotari ezagunekin: B. Apezetxea eta Apeztegia bikoa I. Egiguren eta Irazustabarrena bikoaren aurka. Apezetxeak eta Apeztegiak pilota enpresekin loturak dituzte.