100 bizkotxotik gora, 20.000 biztanleren omenez

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urr. 22a, 07:59

Tolosako hiru ikastetxeetako ikasleak, gozogileak eta alkatea, atzoko prentsaurrekoan. J. A. D.

Larunbateko Tolosa Goxua azoka berezian, herriko gozogileek, hiru ikastetxeetako ikasleekin elkarlanean, Tolosaren ikur den T formako bizkotxo erraldoi bat osatuko dute, aurten gainditu den biztanleria langa ospatzeko.

Hasi da Tolosako azoka berezien garairik emankorrena. Pasa den larunbatean, Casino elkarteak antolatuta, onddo zaleen Mikologika ospatu ondoren, larunbat honetan, urriak 26, gozo zaleen txanda izango da. 29. Tolosa Goxua azoka berezia ospatuko dute Tolosako erdigunean, herriko hiru ikastetxeek eta Eceiza, Gozona eta Rafa Gorrotxategi gozotegiek elkarlanean antolatuta.

Hain justu, 100 urte bete berri dituen Eceiza gozotegiaren lantegian aurkeztu zuten, atzo, aurtengo edizioa. Guztira, 22 postu izango dira Trianguloa plazan, 09:00etatik 14:00etara. Askotariko postre eta gozoak ezagutu, dastatu eta erosteko aukera egongo da, hala nola, erroskillak, pastelak, tartak, txokolateak nahiz bertako Xaxu eta bonba ezagunak.

Ohi baino bereziagoa izango da aurtengo azoka herritarrentzat. Herrian erroldatutako biztanleen kopuruak 20.000ko langa pasa du eta mugarri horri keinu bat egin nahian, Tolosaren ikur den T formako bizkotxo erraldoi bat osatuko dute gozogileek, Herrikide ikastetxeko, Samaniego Herri Ikastetxeko eta Laskorain Ikastolako ikasleekin batera. «Elkarlana izango da aurtengo indargunea, eta hori da aldarrikatu nahi duguna», adierazi du Eceiza gozotegiko Moira Eceizak.

Ikasleek larunbaterako bizkotxoak egiteko ardura izango dute. Ikastetxe bakoitzak 30 bizkotxo bilduko ditu eta, larunbatean, gozogileek egindakoekin batera, aipatutako bizkotxo erraldoia osatuko dute. Behin T forma osatuta, gozogileek 20.000 tolosar leloa idatziko dute bertan, eta gero ikastetxe bakoitzeko bina ordezkarik apainduko dute. Ondoren, herritarren artean banatuko dituzte bizkotxo zatiak.

Gozona gozotegiko Rakel Ibañezek Tolosa Goxuaren garrantzia azpimarratu nahi izan du: «Azoka honen helburua ez da bakarrik Tolosan festa giroa jarri eta herritarrei gure gozoak aurkeztu eta salgai jartzea. Lana nola egiten dugun ikusi behar dute. Izan ere, tartean, badira artisauak direnak. Horretarako modu bakarra, lantegiak utzi eta kalera ateratzea da. Gozogileak oraindik borrokan ari gara. Ateak zabaltzea dagokigu, eta gazteei gurekin egoteko gonbita luzatu behar diegu».

Lehiaketa, San Frantzisko pasealekuan

Ohikoa den moduan, aurten ere, sagar tarta lehiaketa antolatu dute. Hala ere, berrikuntza bat izango da: San Frantzisko pasealekura lekualdatuko dute. Parte hartu nahi duen orok –gutxienez 18 urte izan beharko ditu– 10:00etatik 11:00etara bitarte izango du tarta bertan uzteko aukera, erabili eta botatzeko erretilu edo ontzi batean. Egunean bertan egin beharko da izen ematea eta, tartarekin batera, erabilitako errezeta aurkeztu beharko dute parte hartzaileek.

Elena Arzakek, Eva Argiñanok, Armintz Gorrotxategik eta Jon Sorarrainek osatuko dute epaimahaia, eta 11:00etatik 11:30era dastatuko dituzte tartak; segidan saridunak jakinaraziko dituzte. Txapeldunak Tolosako gozotegietan erabiltzeko 240 euroko erosketa txekea jasoko du; bigarren sailkatuak, berriz, 180 euroko txekea jasoko du.

Mundu osoko txokolateak, Topic-en

Gozo zaleen aukerak, baina, ez dira larunbatera soilik mugatuko; beste berrikuntza bat ere izango da aurten. Hilaren 29an, asteartea, 19:00etan hasita, Euskal Gastronomiaren Akademiak eta Rafa Gorrotxategi gozotegiak antolatuta, herrialde desberdinetako kakao eta txokolateak dastatzeko aukera egongo da, Topic-en. Sarrera librea izango da, eserlekuak agortu bitarte.

Egitaraua
  • Urriak 26, larunbata
    • 09:00-14:00. Tolosa Goxua azoka berezia, Trianguloa plazan.
    • 10:00-12:00. XXIX. Zurea da Sagar Tartarik onena? postre lehiaketa, San Frantzisko pasealekuan.
      • 10:00-11:00. Tartak aurkezteko epea.
      • 11:00-11:30. Epaimahaiak tartak dastatuko ditu.
      • 11:45-12:00. Sari banaketa.
    • 10:00-12:00. Tolosako ikastetxeetako umeek T formako bizkotxo erraldoia apainduko dute herriko gozogileen laguntzaz.
    • 12:00-12:30. Bizkotxo dastaketa. Gozogileek bertaratutakoen artean banatuko dituzte bizkotxo zatiak.
    • 12:30. Tolosa Kantari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!