Misteriozko istorioak, Alde Zaharrean barrena

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urr. 21a, 16:24

Amaia Pagola antzezlea eta Amaia Senperena Galtzaundi Euskara Taldeko kidea, gaurko aurkezpenean. J. A. D.

'Misteriozko Kale Antzerkia' antolatu du Galtzaundi Euskara Taldeak, urriaren 31n, Tolosan; 20:00etan hasiko da Euskal Pizkundea plazan eta ez da beharrezkoa aurrez izena ematea.

XX. mendearen erdialdera arte euskarari eta euskal landa-eremuari oso lotuta egon den ospakizuna da Gau Beltza edo Arimen Gaua. Azken urteetan, tradizio hori baliatu nahi izan du Galtzaundi Euskara Taldeak, Gau Beltzari indarra emateko. Hala, 2022an eta iaz, Beldurrezko ibilbidea egitasmoa burutu zuten Elosegi parkean.

Horregatik guztiagatik, aurten ere Gau Beltzari ikusgarritasuna eman nahi dio Galtzaundik, baina beste modu batera, Gau Beltza herriaren erdialdera eta adin guztietara gerturatuz. Horretarako, urriaren 31n, familia guztiari zuzendutako Misteriozko Kale Antzerkia antolatu dute Tolosako Alde Zaharrean zehar. «Ibilbidea Euskal Pizkundea plazan hasiko da, 20:00etan, eta hirigune historikoko kaleetan zehar misterioz betetako istorio bat kontatuko da, iluntasunak lagunduta», esan du Amaia Senperena Galtzaundi Euskara Taldeko kideak.

Galtzaundi Euskara Taldeko kideez gain, Udaberri dantza taldeko dantzariek, Tolosako Ahots Gazteak abesbatzako kideek eta eskualdeko zenbait antzerkigilek eta euskaltzalek antolatu dute ekimena, eta horiez gain, bertsolariek eta musikariek ere parte hartuko dute antzezlanean. Guztira, 90 parte hartzaile inguru izango direla aurreratu du Galtzaundiko kideak. Aldi berean, Tolosako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ekimena gauzatzen lagundu dutela adierazi du Senperenak.

Azken bi urteetan ez bezala, aurten ikusleak ez dituzte talde txikitan banatuko. «Oraingoan, txanda bakarra egongo da, eta ikustera etortzeko ez da aurrez izena eman beharko. Beraz, nahikoa izango da egunean bertan 20:00etarako Euskal Pizkundea plazara azaltzea», azaldu du Amaia Pagola antzezleak. «Inor ez da kanpoan geratuko; aurten, gainera, ez da adin mugarik egongo. Herrian galduta dabilena ere, gonbidatuta egongo da parte hartzera», gaineratu du. Herritar ugari bertaratzea espero dute antolatzaileek. «Azken bi urtetan, 200 ikusle inguru bildu izan ditugu, eta dagoeneko aurten zerbait antolatuko ote dugun galdezka ditugu herritarrak», esan du Senperenak.

Beldurretik misteriora

Ekimen «polita» izango delakoan daude antolatzaileak. «Aurreko urteetakoekin alderatuta, oso desberdina izango da, formatutik hasita. Orain arteko Gau Beltzetan beldurrari egin diogu tokia, eta aurten, misterioan jarri dugu fokua. Herritarrak, gainera, bertako istorio baten parte izango dira», adierazi du Senperenak.

Pagolak kontatu du herriko gertakarietan oinarritutako istorioak eta narrazio fantastikoak uztartuko dituztela: «1.500 urtean sute bat izan zen Tolosan, eta izurriteak ere izan dira azken mendeetan. Ibilbidean zehar herriko pertsonaia historiko, esanguratsu eta garrantzitsuen inguruan ere hitz egingo dugu».

Mozorrotzeko deia

Kale antzerkira gerturatzen diren haur, gazte zein helduei, Gau Beltzeko jantziekin mozorrotzeko deia luzatu diete. «Polita da herritarrak antzerkian murgiltzen direla ikustea, baita Gau Beltza geroz eta presenteago dugula ikustea ere», esan du Senperenak. Pagolak nabarmendu du Gau Beltzak «estetika zehatza» duela, baina aurreratu du ez dela beharrezkoa izango ezer erostea. «Nahikoa izango da etxeko trapu zaharrak jantzita etortzea». Horrez gain, ibilbidera, lurra jotzeko makilak eramatea ere eskatu du. «Gau Beltzaren aurretik, ordu aldaketa helduko da eta, Amalurrari deitzeko eta berau esnatzeko oso garrantzitsuak izango dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!