Boluntariotzari balioa eman eta elkarlana sustatzeko eguna

Ataria 2024ko urr. 21a, 11:59

Asteazkenean, urriak 23, Tolosako Elkarteen eta Boluntarioen Azoka ospatuko dute Zerkausian; herriko 27 elkartek parte hartuko dute eta 693 ikasleren bisita aurreikusten da.

Tolosako Udalak eta Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolak elkarlanean antolatuta, Tolosako Elkarteen eta Boluntarioen Azoka ospatuko da asteazkenean, hilak 23, 10:00etatik 14:00etara, Zerkausian. Azokaren helburu nagusia Tolosako elkarteen aniztasuna eta boluntarioen lana ikusaraztea izango da, eta, era berean, boluntariotza sustatzea, herritarrak gizartearekin inplikatzeko eta herriko eraldaketan parte hartzeko aukera emanez. «Komunitate izaera indartzea da gure helburuetako bat, eta gisa honetako egitasmoek bide horretan sakontzeko aukera ematen dute», adierazi du udalak.

Azokan 27 elkartek parte hartuko dute eta, guztira, 693 ikasleren bisita aurreikusten dute antolatzaileek, Orixe, Herrikide, Laskorain Ikastola, Tolosaldea LHII, Gainberri eta Inmakulada ikastetxeetakoak. Bisitaldiak bi txandatan banatuta egingo dituzte, 10:00etatik 11:15era lehena, eta 12:15etik 13:30era bigarrena. Tartean, herritarrek izango dute azoka bisitatzeko aukera eta mahai inguru bat ere egingo dute, Gizalderen eskutik, boluntariotzaren eta elkartegintzaren egungo egoeraz eta erronkez hausnartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!