Abenduaren 14an ospatuko da Babarrunaren Festa

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urr. 18a, 13:15

Antxon Iglesias Gure Kaiola elkarteko kidea, Aitor Agirresarobe zinegotzia, Xabier Goikoetxea ekoizleen elkarteko lehendakaria eta Mikel Sarasola ekoizlea, gaurko agerraldian.

Aurtengo uztaren ezohiko atzerapenak baldintzatuta hilabete atzeratu behar izan dute antolatzaileek. Aurrerago emango dute tolosarren egutegian zita garrantzitsu bilakatu den festa eguneko xehetasunen berri.

Abenduan ospatuko da aurtengo Tolosako Babarrunaren Festa, zehazki, abenduaren 14an. Ia hilabete atzeratuko da, berez, azaroaren 16an egitea aurreikusten baitzuten antolatzaileek. Festa atzeratzeko erabakiaren arrazoi nagusia aurtengo uztaren ezohiko atzerapena da, eta horren inguruan azalpenak emateko presazko agerraldia egin dute gaur ekitaldiaren antolatzaileek. «Orain arte inoiz bizi izan gabeko egoera baten aurrean gaude. Uztak jasota eta lehortuta beharko lukeenean, oraindik gehiena landarean dago», adierazi du Xabier Goikoetxea ekoizleen elkarteko lehendakariak.

Goikoetxeak nabarmendu du «asko» berandutu dela aurtengo uzta. Garai honetarako lanean hasita behar zuten elkartean, makinak martxan. «Geldirik dauzkagu, inoiz gertatu ez zaigun bezala. Eta datorrenak itxura ona eta maila paregabea badu ere, aurtengo uzta inoiz baino beranduago dator. Klimaren menpekoa da nekazaritza, eta eragina izan du aurten», gaineratu du.

Ezohiko egoera honek bete-betean eragin dio Babarrunaren Festari. Ekoizleek argi adierazi dute ez dagoela Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketa edota Gure Kaiolak antolatzen duen lehiaketa gastronomikoa egiteko behar adina babarrun, ez eta egun horretan saltoki eta jatetxeetara bideratzeko nahikoa kopuru ere. Horiek biak dira egun horretako ekitaldirik esanguratsuenak, eta egiteko bermerik ez dagoela ikusita, data atzeratzea erabaki dute, aho batez, egunaren antolaketan parte hartzen duten eragile guztiek, Tolosako Babarruna Ekoizleen Elkarteak, Babarrunaren Kofradiak, Gure Kaiola elkarteak eta Tolosako Udalak.

Aitor Agirresarobe Merkataritza, Turismoa eta Azoketako zinegotziak baieztatu du udalean azaroaren 16rako guztia prestatzen hasita zeudela, besteak beste, azokarako postuen izen emate batzuk jaso dituzte. «Pasa den aste amaieran, ordea, ekoizleen elkartetik arduratuta deitu ziguten, ezohiko egoera honen berri eman eta data atzeratzeko eskatuz», azpimarratu du.

Babarrunaren presentzia, «ezinbestekoa»

Zinegotziak aitortu du «kontziente» direla aldaketak eragingo duenaz. «Azken urteotan dimentsio handia hartu du festak, eta herri osoan eragiten duen eguna da. Askok egutegian ondo gordetakoa izan ohi da, eta jende asko batzen da mahaien bueltan». Hori dela eta, aukera eta data ezberdinak landu dituztela esan du, «eragina ahalik eta txikiena» izan zedin. «Baina azoka eta festa egun honi zentzua ematen dion produktu nagusirik gabe, asmoekin aurrera egitea bideraezina da, eta atzeratzea erabaki dugu antolaketan parte hartzen dugun eragile guztiok. Tolosako Babarruna da egun honetan sustatzen duguna, gure herriaren nortasunaren parte da, eta egun honetan bere presentzia ezinbestekoa da», gehitu du.

Horrenbestez, Babarrunaren Festa, bere osotasunean atzeratuko dute abenduaren 14ra. Egun horretan izango dira azoka berezia, bi lehiaketak eta Euskal Jaia, baita egunaren bueltako gainerako ekitaldiak ere. Aurrerago emango ditu udalak egitarauaren inguruko xehetasun guztiak. Aldaketa guztiak egitearekin batera, martxan jarriko dituzte data berrirako izen emateak.

Aurtengo uzta berandutzearen arrazoiak azaldu ditu Goikoetxeak: «Irailean oso politak ikusten ziren landareak, baina lehen asteetan hotz handia egin zuen, eta eragin handia izan du. Ondorioz, nahi baino babarrun gutxiago jasoko dugu, %40 gutxiago edo. Zaila da kopuru zehatza esatea, baina ez dut uste 15 tonatara iritsiko garenik. Azken egunotako euriteen eragina ere ikusi beharko da. Espero dugu kalte handirik ez eragitea».

Baikor, baita arduratuta ere

Lehendakaria, ordea, baikor dago aurtengo uztaren kalitatearekin. «Gutxiago dator, baina horrek ere badu, nolabait, bere alde ona. Aurreko urteekin alderatuta, itxura hobea duela dirudi, eta hori nabarituko da bere ezaugarrietan. Mantso datorrenean eta nekez heltzen denean, normalean, kalitate oso oneko babarruna biltzen dugu. Prozesuak azkartzen direnean, alderantzizko joera izaten da».

Aldi berean, arduratuta dago Goikoetxea, datozen urteetako uztari begira. «Kezka erabatekoa da. Gaur egun, garai bateko erreferentziek ez dute balio. Babarrunari, batik bat, bero kolpeak min handia egiten dio. Udako landarea da, baina maila batera arte. Muturreko tenperaturekin asko sufritzen du. Aurtengo udan itxura ona zuen, baina abuztuaren 8an 40 gradu inguru egin zituen, eta pikutara joan zen uzta. Berriro hasi behar izan genuen landatzen».

Aldaketa klimatikoaren eragina dela eta, azken urteetan uzta atzeratzeko joera garbia dagoela nabarmendu du ekoizleak. «Ez da Tolosan bakarrik gertatzen den fenomenoa. Hortaz, hartu dugun erabaki honek baserritarren eta ekoizleen lanari balioa eman eta klima aldaketak eta egungo baldintzek nolako eragina duten ikusteko balio behar du», esan du Agirresarobek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!