Aitzol Euskal Pizkundea bezala ezagutzen den garai oparoan kokatu behar da. Hirugarren Gerra Karlistak (1876) eta 36ko Gerrak mugatzen dute Euskal Pizkundea, kultur garai oparoa, batez ere literaturan. Euskarak eta abertzaletasunak gorakada nabarmena ezagutu zuen hamarkada horietan. Hego Euskal Herrian kokatu badaiteke ere, Tolosan garrantzi berezia izan zuen, idazle ugari bertakoak baitziren, Lizardi eta Orixe besteak beste. Gizarte eta politika mailan Aitzol, Lopez-Mendizabal, Ziaurriz eta Labaien nabarmendu behar dira. 1913ko Euskal Jaiak Tolosan izan zirela ere ez da ahaztu behar.
Euzko Alderdi Jeltzaleko kide ziren Euskal Pizkundeko pertsonaietako asko: Lizardi, Aitzol, Labaien, Ziaurriz, Eizagirre, Irazusta,… Ziaurriz Euskadi Buru Batzarreko lehendakari eta alkate izan zen, Labaien alkate, Lizardi Gipuzkoa Buru Batzarreko idazkari, Irazusta GBBko buru eta Madrilen diputatu, Lopez-Mendizabal EBBko lehendakari eta zinegotzi.
Elkarren artean lagunak ziren eta euskara eta kulturaren inguruko ekitaldi askotan parte hartu zuten, Euskal Herri osoko beste euskaltzale batzuekin batera. Atzerrian euskal arazoa aurkezten izan ziren, adibidez Labaien Londresen eta Lopez-Mendizabal Lausanan. Gehienek erbestea ezagutu zuten 36ko gerra iritsi zenean.
Orain arte aipatutakoak, Euskal Pizkundeko pertsonaia garrantzitsuenak izan ziren, baina ez ziren bakarrak izan. Idazleen artean, Emeterio Arrese olerkaria, Baleriano Mokoroa antzerkigile eta olerkaria, bere seme Justo Mari Mokoroa apaiza, Juan Antonio Irazusta kazetaria, Aldabako Inazio Larrañaga gotzain euskaltzaina, Ramos Azkarate olerkaria, Jose Elizondo eta Andres Amonarriz antzerkigileak, Manuel Urreta, Jose Manuel Lertxundi eta Eugenio Urroz aipatuko ditugu. Doroteo Ziaurriz eta Pepe Eizagirre eragileak, Jesus Elosegi argazkilaria eta Aranzadiren sortzailea. Hauez gain, Periko Laskibar, Patrizio Orkaiztegi, Luis Sese, Ramon Larrañaga eta Inazio Mokoroa musikaria ere mugimendu honetan koka daitezke.
Tolosaldetik, Zizurkilgo Teodoro Hernandorena, Albizturko Emiliano eta Juan Mujika anaia olerkariak, Altzoko Olano anaia kaputxinoak: Migel Angel misiolaria, Dionisio irakasle eta idazlea eta Anizeto filosofo, etnografo eta idazlea. Pio Montoya apaiz alegiar euskaltzalea, Altzon eta Anoetan apaiz izan zen Luis Jauregi Jautarkol apaiz idazlea eta Berastegiko Txomin Jakakortajarena apaiz idazlea ere ez dira ahaztu behar.
36ko gerraren ondoren, frankismoaren azken urteetan, Bigarren Euskal Pizkundea deitu zena sortu zen. Gerra aurretik aritu ziren eragile eta idazle batzuez gain, belaunaldi berria aipatu behar da hemen: Estanislao Urruzola Uxola, Manuel Ugarte, Xabier Peña, Iñaki Begiristain alegiarra, Inazio Goikoetxea Gaztelu gazteluarra, Luis Rezola Tximela, Luis Egia, Jesus Insausti Uzturre, Bibiano Larramendi… besteak beste.
Nikolas Ormaetxea Orixe
(Orexa 1888-Añorga 1961)
Artikulista, poeta, itzultzaile eta idazle bezala nabarmendu zen. Apaiz egin zen Jesusen Konpainian eta irakasle aritu zen, baina konpainiako agintariek uztera gonbidatu zuten, segur aski bere euskaltzaletasunagatik. Ondoren, Euskaltzaindian hasi zen lanean. Euskaldunak poema nazionala idatzi zuen Euskaltzaindiak –Aitzolek zehazki– enkargatuta, eta bere obrarik ospetsuena izan da. Gerran atxilotuta eta erbesteratua egon zen, baita Gurseko kontzentrazio zelaian.
Xabier Agirre Lizardi
(Zarautz 1896-Tolosa 1933)
Umetan etorri zen Tolosara bizitzera eta Perot tela metalikoen fabrikan aritu zen lanean gerente gisa. Idazle moduan euskal poetarik garrantzitsuenetakoa izan zen Biotz-begietan eta Umezurtz olerkiak liburuekin – Aitzolek argitaratuak izan ziren bera hil ondoren– eta antzerkia eta kazetaritza ere landu zituen. Euskarazko egunkaria zuen amets. Euskaltzaleak erakundearen sustatzailea izan zen.
Jose Ariztimuño Aitzol
(Tolosa 1896-Hernani 1936)
Ekintzaile eta antolatzaile sutsua izan zen: komunikabideetan idazten, Kardaberaz eta Euskaltzaleak euskal erakundeak sortzen, bertso lehiaketak antolatzen, ELAn sindikalgintzan, mitinak ematen, Yakintza aldizkaria eta El Dia egunkaria – Pio Montoya apaizak diru gehiena jarri zuen– sortzen…apaiz izan arren.
Euskal Pizkundeko idazle taldeari Aitzolen belaunaldia deitu izan zaio, berak antolatzen baitzituen Olerki Egunak. Gerran, atxilotu eta fusilatu egin zuten frankistek.
Antonio Maria Labaien
(Tolosa 1889-1994)
Idazle eta politikaria izan zen, eta erbesteratu beharra izan zuen. Idazle bezala, genero guztiak landu zituen, baina batez ere, antzerkigintzan erreferente bihurtu zen euskal literaturan. Antzerti aldizkaria sortu eta zuzendu zuen, eta Euskaltzaindiako kide izan zen.
Ixaka Lopez-Mendizabal
(Tolosa 1879-1977)
Tolosak eman duen pertsonaiarik berritzaileena, ekintzaile aparta eta aitzindaria. Aitaren inprentarekin jarraituz, Filosofia eta Letrak eta Zuzenbidea ikasketak egin zituen, abokatu eta fiskal izan zen, kultura handiko gizona, Eskualzaleen Biltzarraren eta Euskaltzaindiaren sortzaileetakoa, euskaltzain urgazle eta ohorezko, Batzokiaren eta gerra aurreko ikastolaren bultzatzaileetakoa… Gerran Argentinara erbesteratu behar izan zuen eta Buenos Airesen Laurak bat euskal etxea, Ekin argitaletxea eta Saski-naski elkartea sortu zituen.
Lehen euskarazko egutegia, hiztegia, Xabiertxo eta Marti txilibitu bezalako haur liburuak idatzi zituen. Editorial de Musica Vasca sortu zuen eta Orfeon Tolosano bultzatu. Alemana, ingelesa eta italiera menderatzen zituen eta esperanto kongresua antolatu zuen Tolosan.
Emakumearen presentzia urria
Emakumearen presentzia bizitza publikoan oso urria zen, baina Pilar Sansinenea –Doroteo Ziaurrizen iloba eta Jesus Elosegiren emaztea– eragilea izan zen. Gerra aurreko ikastolako irakasle izan ziren: Inaxi Munita, Dolores Arbilla, Juanita Goikoetxea, Isidora Mokoroa, Miren Brau, Modesta Segurola, Maria Rezola eta Teresa Saizar. Angelatxo Arrue Emakume Abertzaleen Batzako lehendakaria Batzokian. Lupe eta Tere Urkiola ahizpak ere aipatu behar dira mugimendu honetan.