Udaten hitzordua online eskatzeko aukera dute herritarrek

Ataria 2024ko urriaren 17a

Webgunearen bidez hitzordua eskatu eta gero, udala 24 orduko epean jarriko da harremanetan eguna eta ordua adosteko, eta erabiltzaileak egin beharreko izapiderako behar duen dokumentazioa zein den azaltzeko.

Udaten, Tolosako Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan, hitzordu presentziala webgunetik eskatzeko aukera eskaintzen hasi da Tolosa.eus ataria. Aukera berri honek udal tramiteak azkarrago eta erosoago egitea du helburu, itxaronaldiak saihestuz eta prozesua eraginkorragoa eginez.

Webgunean, orrialdearen azpiko eskuineko aldean Hitzordua eskatu botoia aurkituko dute herritarrek. Botoi hori sakatu ondoren, galdetegi bat bete beharko dute. Galdetegia osatu eta 24 orduko epean (egun baliodunetan) zehaztutako telefono zenbakira deituko du udalak, egindako kontsultari erantzuteko edota hitzorduaren eguna eta ordua berresteko.

Aldaketa honek hiru helburu ditu. Batetik, herritarraren erosotasuna bermatzea. Behin udaletxera joanda, itxarote denborak saihesteko hitzordua aurrez hartzea gomendatzen da. Bestetik, eraginkortasuna hobetzea. Hitzordua baieztatu ondoren, Udatek ekarri beharreko dokumentazioa zein den jakinaraziko die herritarrei, izapidea bisita bakarrean egin ahal izateko. Azkenik, zerbitzu pertsonalizatua. Hitzorduaren arrazoia zehaztu beharko da telefonoz, eta, horrela, beharrezko dokumentazioa eskura izatea erraztuko da, bisita ahalik eta ondoen prestatzeko.

Informazio gehiagorako edo hitzordua eskatzeko, udal webgunea bisitatu edo Tolosako Udate bulegoarekin harremanetan jarri daiteke, 943 654 466 telefono zenbakira deituz edo udate@tolosa.eus helbidera mezua bidaliz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!