Lasa eta Zabala oroitu dituzte Bentaundin

Ataria 2024ko urr. 16a, 19:56

Olarrain auzoan gogoratu dituzte duela 41 urte, gaurko egunez, Baionan bahitu zituzten bi gazte tolosarrak. Torturatu eta erail egin zituzten.

Joxean Lasa eta Joxi Zabala oroitu dituzte gaur Tolosako Olarrain auzoan, bahitu, torturatu eta erail zituztenik 41 urtera. Agurra dantzatu eta senitarteko eta lagunek lore sortak utzi dituzte bi gazteen argazkien oinetan. Jende ugari bildu da bertara, baita zenbait ordezkari politiko ere.

Ekitaldiaren amaieran Aitor Sukia Sortuko kideak hartu du hitza. Haren esanetan, «gatazkan izan duen ardura errekonozitu gabe jarraitzen du Estatuak». Herri honetan, oraindik ere, hainbat pasarte argitu gabe jarraitzen dutela esan du: «Gerra zikina bere dimentsio osoan, milaka tortura kasuak, gaur egun oraindik desagertuta jarraitzen duten euskal herritarren kasuak edota segurtasun indarrek hildako ehunka eta ehunka euskal herritarren eta militanteen kasuak».

Sortuko kidearen ustez, azken asteetan eman diren gertakariek erakusten dute zenbaitzuk ez dutela onartzen ofiziala ez den kontakizuna. «Gasteizko gertakarien atzean dagoen jarrerak argi erakusten du gatazka honetan zenbaitzuk izan duten erantzukizuna eta gatazkaren izaera politikoa ezkutatzeko duten borondatea».

Gertatu zena argitara atera beharraz hitz egin du Sukiak, eta beharrezkotzat jo du, «herri honek agertoki demokratiko bat, bakea eta askatasuna lor ditzan». Gaineratu du, etorkizuna ezingo dela abiatu «iraganean gertatutakoaren egia, aitortza, justizia eta erreparaziorik gabe». 

Bildutakoen txalo zaparradarekin amaitu dute ekitaldia.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!