Zabaldu dute Belate eta Larramendi lotzen dituen oinezko pasabidea

Ataria 2024ko urr. 16a, 19:00

Argazkia: Tolosako Udala

Zubian egiteke zeuden egokitzapenak egin eta dokumentazio guztia egokia dela ziurtatu ondoren, gaur goizean sinatu dituzte azken agiriak; martxan daude jada bi aldeetako igogailuak.

Gaur goizetik zabalik da Tolosako Belate eta Larramendi auzoak lotzen dituen oinezko zubia. Zubian egiteke zeuden egokitzapenak eginda daudela eta dokumentazio guztia egokia dela ziurtatu ondoren, hilabeteetako atzerapenaren ondoren, goizean sinatu dituzte azken agiriak.

Bi izan dira zubiaren irekieraren atzerapenaren arrazoiak. Batetik, ikuskapenak egitean, gabezia batzuk antzeman zituzten teknikariek, eta horiek konpondu behar izan ditu enpresa arduradunak. Bestetik, eta behin konponketa horiek burututa, dokumentazio guztia aurkeztu behar zuen udalak, obra amaierako baimenak eskuratu ahal izateko. Bada, pasa den astean jaso zituzten agiri guztiak, eta azken ikuskapena eginda, gaur eman da ontzat.

Ander Figuerido hirigintza zinegotziak azaldu du udaletik behin eta berriro exijitu diotela enpresari lanak berehalakoan amaitu zitzala eta dokumentazio guztia modu egokian aurkez zezala. «Atzerapenak ezinegona eragin du auzoetan eta, hein batean, elkarbanatu ere egiten dugu sentipen hori. Hala ere, guztia ondo zegoela ziurtatu arte, eta dagokigun arduragatik, udaletik ezin izan diegu baimena eman», esan du.

Zenbait zalantza

Figeridok nabarmendu du hasieratik zalantzak eragin dituen proiektua izan dela, eta badela zubiaren beharraz galdetu izan duenik ere. Udal gobernuak, agintea hartu berritan, proiektua bertan behera uzteko edo moldatzeko, edota inbertsio hori beste zerbaitera bideratzeko aukerak aztertu zituen, azpiegituraren egokitasuna eta beharra zalantzan jartzen zituelako, eta mantenu-lanen kostuak udalak bere gain hartzea ekidin nahi zuelako, igogailuenak kasu.

Pasabidea Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko (HAPO) «egiturazko antolamenduaren parte» dela, eta «urbanizazio-karga gisa» zehaztuta zegoela azaldu du zinegotziak. «2009an, Larramendi inguruko urbanizazio lanen plangintza egin zenean, garapen urbanistikoa egin behar zuen enpresari lan hori egiteko baldintza jarri zitzaion. Hortaz, proiektua behin betiko etetea erabakiko balitz, eta urbanizazio-karga hori oso zehatza zela kontuan hartuta, ez zegoen azpiegitura horren truke beste ezer egiteko aukerarik aurreikusten. Lanak hasita izanda, gainera, ondorio juridiko eta ekonomikoak ekar zitzakeen ez egiteak».

Figueridok gaineratu du udalaren nahia ez zela zubia egitea. «Beste ezaugarri batzuetako zubi bat beste lekuren batean edo auzorako beste ekipamendu bat egokiago ikusiko genuke. Baina, lanak hasita zeudenez, genituen aukerak urriak ziren eta, gogoz kontra bada ere, zentzuzkoena eta bideragarriena lanekin jarraitzea zen». Bizilagunen eskariei erantzuteko, aldaketa bat egin zela gogorarazi du: Larramendi aldeko igogailuaren dorrea lekualdatu eta etxeetatik aldentzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!