Tartean-tartean itzuli bada ere, bi hamarkada daramatza Isabelek etxetik kanpo, Madrilera interpretazioa ikastera joan zenetik. Etorri da etxera, baina ez bizitzera, baizik eta gaixo den ama zaintzera. Hala hasten da Masustondoen patioa, eta datorren asteko larunbatean, urriaren 25ean, egingo dute Tolosako Leidor antzokian, 20:00etan. Vaiven ekoiztetxeak ondu du antzezlana eta Sara Cozar aktoreak (Ordizia, 1980) gorpuzten du Isabel. Lehen aldia du Cozarrek protagonista nagusi baten azalean, eta Tolosako oholtzara igotzeko gogoz hitz egin du obraz, rola prestatzeko lanaz eta bestez.
Zer topatuko du Leidorrera joaten denak?
Maitasun, kontu eta errespetu handiz egindako lan bat topatuko du. Entseguetan hiru hilabeteko lana izan zen, gutxi gorabehera. Lantzen den gaia sakona, garrantzitsua eta delikatua da. Eta uste dut denok —bai antzezleok, bai zuzendariak— gure parte pertsonaletik ere asko jarri dugula pertsonaietan eta antzezlanean. Argi eta garbi ikusiko du maitasun handiz egindako lan sakon bat.
Isabel interpretatzen duzu, istorioko protagonista. Nolakoa da bera?
Isabel da oso pertsona alaia. Haren amak aipatzen du antzezlanean: «Hau beti parrez ari da». Bere bizitzan erabaki handiak hartu ditu: etxetik alde egin zuen 20 urterekin arte dramatikoa ikastera, Madrilera. Hori erabaki handi bat da klase baxuko familia batean, eta inguruan inork ez duenean harremanik izan antzerkiarekin. Ameslaria da, eta indarra izan du bere ametsei jarraitzeko.
Etxera itzultzen denean berak energia hori eramaten du; eta familiako gehienei on egiten die. Pertsona positiboa da, gauzei alde ona ikusten saiatzen da eta asko maite ditu bere senideak.
Nola prestatu zara lan horretarako?
Nahiko erraza izan da. Zuzendaria Sandra Ferrus da eta Isabel, erdaraz, berak egiten du. Nik euskaraz eta erdaraz prestatu nituen. Banekien segur aski euskarazkoak bakarrik egingo nituela, baina Sandrak kanpotik zuzendu ahal izatea behar zuen eta, euskaraz ez dakienez, bi bertsioak prestatu nituen. Berari utzi diot prozesua gidatzen, berak idatzi duelako pertsonaia, ondo ezagutzen duelako eta berak ere interpretatzen duelako. Bidea bion artean egin dugu, jakina, bakoitzak bere nortasuna ematen diolako eta nire eta bere Isabel ez direlako berdinak. Baina bere eskutik joan naiz bide honetan, eta asko lagundu dit.
Ba al daukazue antzekotasunik Isabelek eta zuk?
Gauza askotan bai. Biok erabaki genuen 20 urterekin aktore izan nahi genuela, senide asko dituen ertain klaseko familia batekoak gara, zeinak aurretik ez duen zerikusirik izan antzerkiarekin... Biok egin behar izan dugu jauzi hori: ingurua oso bat ez etorrita ere, ametsari heltzeko lan egitea. Horretan antzekotasun handia daukagu.
Urrun bizita ere, Isabelek bere familia asko maite du; nahiz eta momentu horretan egoera zaila den. Urrun bizi da, baina asko joaten da; eta niri ere antzekoa gertatzen zait. Familiarengandik gertuago bizi banaiz ere, egunerokoan ez da erraza elkar ikustea. Dena dela, harreman handia dugu, Isabel eta bere senideak bezala.
«[Isabelek] berak antzezlanean esaten dituen gauza asko, nik ere esango nituzke»
Antzekotasun handia daukagu. Alaia da Isabel; ni ere alaia naiz, eta saiatzen naiz —bera bezala— gauzen alde positiboa ikusten. Zorionez, berari egokitu zaion egoera nik ez dut bizi, eta espero dut ez bizitzea. Oso antzekoak gara gauza askotan; berak antzezlanean esaten dituen gauza asko, nik ere esango nituzke.
Horregatik onartu zenuen rola?
Horretara iritsi baino askoz lehenago erabaki nuen egingo nuela. Sandra Ferrus aspalditik ezagutzen dut, lagunak gara eta bere aurreko bi lanak ikusita ditut; eta zoragarriak iruditu zitzaizkidan. Sandrak aipatu zidanean Masustondoen patioan parte hartzea nahi zuela, nire erantzuna baiezkoa izan zen zuzenean, itsu-itsuan, testua irakurri gabe. Banekien zerbait oso polita egingo zuela.
Gerora irakurri nuen eta borobila iruditu zitzaidan. Eta, gainera, esan zidanean lankideak nor izango ziren... Aspalditik ezagutzen ditudan lankideak eta lagunak dira, beraz, bai eta bai; behin eta berriz eta inolako zalantzarik gabe.
Zein izan da erronka nagusia?
Erronka nagusia izan da, agian, antzerkian egiten dudan lehenengo protagonista dela. Orain arte bigarren mailakoak egin izan ditut; edo koralak, Erlauntzan bezala. Asko egin ditut horrela, eta baita binaka ere... Baina oraingo honetan nik daramat batuta: obra nire bakarrizketa batekin hasten da, nik kontatzen dut istorioa, ez naiz inongo momentutan eszenatokitik ateratzen... Batzuetan naiz Isabel, publikoan istorioa kontatzen duena, eta besteetan naiz Isabel, egoerak bizitzen ari dena.
«Hasieran beldurra ematen zidan, baina argi nuen egingo nuela»
Erronka handia da pertsonaia protagonista jokatzea. Bakarrizketa luzeak ditu eta emozio asko sentitzen ditu. Bidaia gogorra da. Hasieran beldurra ematen zidan, baina argi nuen egingo nuela; eta erronkei aurre egin behar zaie bizitza honetan. Gainera, banekien oso esku onetan egongo nintzela, beraz, ez nuen zalantzarik eduki.
Emakumeak dira pertsonaia gehienak. Ba al dago mezurik horren atzean?
Hori Sandrari galdetu beharko genioke, zehatz erantzuteko. Nik esango nuke zeharkako intentzio edo mezu bat badagoela, zaintzari buruz hitz egiten delako. Eta denok dakigu zaintza, oraindik, emakumeengan erortzen dela amatasunean, gurasoak zahartzen direnean... Badira betebehar horiek egiten dituzten gizonak ere, baina oraindik emakumeei egozten zaie. Kontatu nahi zuen istorioa kontatzeko beharrezkoa zen oholtzan gizon baino emakume gehiago egotea; bestela, beste istorio bat kontatuko luke.
«Kontatu nahi zuen istorioa kontatzeko beharrezkoa zen oholtzan gizon baino emakume gehiago egotea; bestela, beste istorio bat kontatuko luke»
Lehen aipatu duzu zuretzat lagunak eta lankideak direla proiektuko gainerako kideak. Nolakoa da zuen arteko elkarlana?
Oso ona; elkarrekin denbora asko daramagu lanean. Maila oso altutik hasten gara lanean: konfiantza handia dugu, elkar ondo ezagutzen dugu... Esan nahi dut, aurretik egindako lan handia dago hor. Hasi aurretik badakigu nolakoa den bakoitza, batek zer egiten duen erraz, bestari zer kostatzen zaion... Eta elkarri asko laguntzen diogu. Laguntasun, kidetasun eta konfiantza handia dugu elkarrekin; eta errespetu handia diogu elkarri. Labur esanda: zoragarria da haiekin lan egitea.
Zer esan nahi du zuretzat Leidor antzokian aritzeak?
Leidorren askotan-askotan egon naiz, eta plaza polit horietako bat da. Antzokiaren arabera ere aldatzen dira gauzak: errazagoak eta zailagoak izan daitezke. Leidor hamarreko bat da. Antzokia eta bertako langileak zoragarriak dira, besaulki pila bat ditu, leku handia dago eszenatokian... Eta hori guretzat zoragarria da.
«Esango nuke Tolosa badela antzerkira joateko ohitura duen herri bat»
Esango nuke Tolosa badela antzerkira joateko ohitura duen herri bat; bertan izan naizen guztietan jende asko bildu da, eta hori ez da gertatzen beste herri batzuetan. Tolosan, nik uste, jendeak gustuko duela antzerkia. Oraingoan ere espero dugu jendea biltzea eta gozatzea antzezlan honekin.
Antzerkia ikusi ondoren jendeak zer hartzen du gogoan?
Ikusi ondoren nirekin hitz egin dutenek esan didate hunkituta ateratzen direla. Bukaera indartsua du antzerkiak eta, oro har, guztiok ukitzen gaituen gai bat da. Denok eduki dugu ama edo aita egoera horretan, amona edo aitona... Enpatia berehala sortzen da antzezleen eta publikoaren artean, eta nabaritzen da arretaz jarraitzen dutela antzezlana.
Esango nuke jende askok eskertu egiten duela gai honi buruz hitz egitea; eta garrantzitsua da besaulki batean eseri eta sentitzea ez zarela bakarra. Pisu handiko gaiak ateratzen dira obran: duintasuna, eutanasia, heriotza, hutsunea... Eta jendea triste edo hunkituta ateratzen bada ere, goxo ateratzen dira, baretuta.
Hitz politak ere esan dizkigute: jendeari asko gustatzen zaio obra, eszenografia... Eta gure lana ere goraipatzen dute. Jendea oso gustura ateratzen da egia esan.


