Hamaika zapore dastatzeko aukera elkartasunaren truke

Ataria 2024ko urr. 16a, 11:58

Zutani elkarteak, bederatzigarren aldiz, Pintxo Tour egitasmoa egingo du larunbatean, 11:00etatik 14:00etara, Tolosako Alondegia plazan. Bertan bildutako dirua eskualdean bizi diren 200 haurrentzat izango da, elikagai osasuntsuak erosteko.

Hamaika jatorri ezberdineko herritarrak bizi dira Tolosan, eta larunbat honetan horien lurraldeetako gastronomiaz gozatu ahalko da, Alondegia plazan. Zutani elkarteak urtero antolatzen duen Pintxo Tour egitasmoa izango da, 11 herrialde 11 zapore lelopean. Bederatzigarren edizioa izango da aurtengoa, eta denera 11 herrialdetako zaporez gozatzeko aukera izango da.

Aurtengoan parte hartuko duten herrialdeak Brasil, Palestina, Kolonbia, Honduras, Maroko, Senegal, Nigeria, Peru, El Salvador, Ukraina eta Euskal Herria izango dira. Bada, 5 euroren truke bi pintxo eta edariaz gozatzeko aukera izango da. Gainera, pintxo hauen osagaiak eta errezetak bertan eskura izango dira, gerturatzen direnen intereserako.

Elkartasuna helburu

Zutani elkartearen helburua «Tolosako hainbat familia eta pertsonak pairatzen duten pobrezia eta bazterketa egoerari aurre egitea» da. Hori lortzeko, «gizarteratze prozesua ezinbestekoa» dela ziurtatu dute elkarteko kideek. Beraz, elikagaien banaketaz gain, urte guztian zehar bestelako ekimenak eta sentsibilizazio kanpainak ere sustatzen dituzte.

Gaur aurkeztu duten Pintxo Tour egitasmoaren xedea, «herritarrei gure inguruan dugun aniztasuna ikustaraztea, haiek aintzat hartzea eta haiekiko solidarioak izatea» dela adierazi dute. Beraz, alde batetik, pintxoa aitzaki gisa erabilita, beste herrialdeetako gastronomia gurera ekarri nahi dute: «gure artean kokatu nahi dugu, gure alboan bizi diren jatorri desberdineko familiak ikustarazteko, beraien kulturaz jakiteko eta elkar ezagutzeko. Aniztasunak egiten gaitu aberats eta elkar ezagutza da gizarteratze prozesuan aurrerapausoak emateko bidea».

Bestetik, ekimen «solidarioa» denez, herritarren ekarpenek garrantzia dute. Jakinarazi dutenez, «gero eta familia gehiagok du laguntzaren beharra, eta erakundeek ematen duten diru laguntzarekin ez da nahikoa izaten». Horregatik, Pintxo Tourren bildutako dirua eskualdean bizi diren 200 haurrentzat bideratuko dute, elikagai osasuntsuak erosteko, besteak beste.

Gonbita luzatu eta herritar guztiak animatu dituzte, «goiz aberasgarri bezain atsegina igarotzera, jatorri ezberdineko janariaz gozatuz». Amaitzeko, esker hitzak ere izan dituzte parte hartu duten boluntario guztientzat, eta baita elkarte eta erakundeentzat ere, hala nola, Tolosako Udala, SuperEko supermerkatua, Panelfisa, Mahala eta Garia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!