Onddo zaleen elkargune izango da Tolosa, larunbatean

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urriaren 16a

Tolosako Casino Elkarteak antolatuta, Mikologika azoka berezia egingo dute; askotariko jarduerez gozatu ahalko da Trianguloan.

Larunbatean, hilak 19, onddo eta perretxikoen festaren edizio berri bat ospatuko dute Tolosan, Tolosako Casino Elkarteak antolatuta. Goizeko lehen ordutik, Mikologika azoka berezia izango da Trianguloa plazan.

Azken urteetan bezala, perretxiko desberdinekin kozinatutako pintxo dastaketa izango da plater nagusia. Pintxo hauek dastatu ahalko dira: potxak onddoekin eta belar freskoen kimuekin, perretxiko-kroketa erremolatxa-coulisearekin, onddo-nahaski tradizionala, gourmet brabak onddo salteatu eta ali-oliarekin, onddo exotikoz beteriko brick-a, kardu-perretxikoen takoa plantxan guakamolearekin, txanpiburger-a eta txanpiñoiak saltsan Fakiren estilora.

Pintxo dastaketaz gain, onddoen erakusketa bat ere izango da Trianguloan. Tolosaldeko ikastetxeetako DBH-ko lehenengo mailako ikasleek Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen laguntzarekin bezperan bildu eta sailkatutako perretxikoekin osatuko dute erakusketa. Bestetik, haurrek eskulanak egiteko aukera izango dute, Mikologika Totebag poltsak margotzeko tailerrean. Azkenik, Zenbat kilo? perretxikoz osatutako otarraren pisua asmatzeko lehiaketa ere egingo dute. Radio Rebelde taldeak musikaz girotuko du azoka, 11:30ean hasita.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!