ELKARRIZKETA

«Askotan jendeak eskertzen dizu egin duzun lana, eta horrek betetzen zaitu»

Imanol Garcia Landa 2024ko urr. 19a, 07:59

Joxe Anjel Olariaga brigadako biltegian, 'Tolosana' baldosa eskuan duela. I.G.L.

Joxe Anjel Olariagak 40 urte daramatza udalean, azken hamabost urteak brigadako lantaldearen arduradun gisa eman ditu lanean. Egunerokoan denetariko jakintzak behar dira: arotzeria, igeltserotza, elektrizitatea...

Tolosako udal langile bezala 1984an hasi zen Joxe Anjel Olariaga (Tolosa, 1963), lorezaintzan. Han urte batzuk egon eta gero, lan horiek enpresa batzuen esku uzten joan ziren, eta brigadako lantaldera pasatzea eskaini zioten. Ordudanik bertan dabil, 27 bat urte, eta azken hamabostak brigadako buru.

Nola lortzen du norbaitek brigadako buru izatea?

Brigadan egun 11 langile daude, muntaiak eta obra txikiak egiteko. Hasieran, peoi bezala sartu nintzen, gero jarri ninduten txofer bezala, eta arduraduna jubilatu zenean eskaini zidaten arduradun izatea, azterketa bat pasa ondoren.

Zer prestakuntza maila izan behar da brigadan lan egiteko?

Hemen ia denetik jakin behar da. Lan ezberdinak egiten gabiltza erabat, tokatzen dena. Gerta daiteke eskultura bat lekuz aldatu behar izatea, edo kalea pistolarekin garbitu behar izatea. Obra txikiak ere kontuan hartu behar dira, baita kaleko elementuen mantenua ere: seinaleak, baldosak, trabagarriak, bankuak, zakarrontziak...

Tolosan ia astebururo karpak jarri eta kendu behar izaten dira.

Bai, muntatze eta desmuntatze lanak egiten erabat ibiltzen gara. Talde bat dago muntatze eta desmuntatze lanak egiteko, eta beste bat obra txikiak eta konponketak egiteko. Batzuetan, gertatzen zaigu lan pilaketarengatik denak arlo batean edo bestean aritu behar izatea. Horregatik, denetik egiten jakin behar da. Bestalde, udal eraikin batean elementuren bat izorratzen bada, hura konpontzen saiatzen gara. Beraz, lanbide pila bat —arotza, igeltseroa, argiketaria...— bakarrean biltzen dira.

«Urteko sasoiaren arabera astebururo gerta daiteke karpak jarri eta kendu behar izatea»

Astero ez da tokatzen, baina urteko sasoiaren arabera astebururo gerta daiteke karpak jarri eta kendu behar izatea. Ia urteko asteburu guztietan ekitaldiren bat izaten da Tolosan. Ekitaldirik gabeko hiru edo lau asteburu izango dira guztira.

Astean zehar aritzen zarete lan horiek egiten edo asteburuetan ere tokatzen zaizue lan egitea?

Asteburuetan ere tokatzen zaigu askotan, baina urtearen hasieran osatzen dugu egutegia, eta horrenbestez, badakigu noiz tokatuko zaigun lan egitea. Larunbateko ohiko azokara ere beti joaten da langile bat. Eta inauteriak edo sanjoanak direnean ere, tokatzen zaigu bertan lanean aritzea.

Festetan parte hartzeko aukera izaten duzue?

Saiatzen gara konbinazioak egiten, lana eta festa uztartzen, baina nahiko justu ibiltzen gara. Lan egin behar baduzu, festa eta lana, biak uztartzea ez da oso egokia izaten.

Zein izaten da urteko garairik beteena?

Indartsuenak udaberria eta udazkena izaten dira. Urrian izaten da lan dezente, eta gero, azaroan azoka berezi ugari elkartzen dira. Urte bukaeran ere ekitaldi dezente antolatzen dira. Urtarrila eta otsaila, inauteriak arte, pixka bat lasaiagoak izaten dira.

Inauteri egunak sei badira ere, zenbat lanegun eskatzen du horrek?

Bai, inauterietan bertan lan egin behar dugu, baina aurretik gauzak muntatuz eta ondoren desmuntatuz ibiltzen gara. Orokorrean, guk lana ekitaldien aurretik egiten dugu, ekitaldian zehar desagertu egiten gara, eta jendea joaten denean, berriro agertzen gara. Gordeta egongo bagina bezala aritzen gara.

Arduradun bezala, zure funtzioa zein izaten da?

Lanak antolatzea, muntatzeak eta desmuntatzeak, eta bai kaleko konponketak ere. Ondoren, lanak gainbegiratu behar dira, zuzen dauden baieztatzeko. Bulegoan pasako ditut eguneko bi edo hiru ordu, eta gainontzekoak pasako ditut lekuetara joaten, egoerak gainbegiratzera. Udaletxean bilerak egiten ditugu zer lan dauden ikusteko, eta gero hori antolatu egiten dugu, libre dugun jendearen arabera. Dei asko ere jasotzen ditut.

Zer alde on ditu lanak?

Askotan jendeak eskertzen dizu egin duzun lana, eta horrek betetzen zaitu. Tarteka ere bestelakoak gertatzen dira: zure ustez zerbait ahal den ondoen egin, eta gero, kontrako iritziak jaso. Normalean jendeak eskertzen dizu, eta alderik onena hori da. Askotan herritarrek eskertzen dizute, bere ezkaratzaren ondoan zerbait puskatuta dagoenean, lurrean edo banku batean, bertaraino joatea eta hori konpontzea.

Kaletik zenbat aldiz gelditu zaitu jendeak?

Ba iristen da une bat ia jende guztiak ezagutzen zaituela, eta horrelakoak esaten dizkizutela: «Amarotzen zubiaren azpian bi baldosa txikituta daude, edo Bedaion seinale bat erorita dago». Igande arratsalde batean izan daiteke, eta jendeak ez du kontrolatzen zu lanean zauden ala ez; askotan berdin zaie. Baina izan daiteke jendearekin duzun harreman eta konfiantza horrengatik. Eta, bestalde, eskertzen duzu jendeak abisatzea zerbait puskatuta dagoenean; gu ez baikara iristen auzo guztietara eta herriko leku guztietara. Mugikorrentzako aplikazio bat badago —HorKonpon—; hura erabiliz badago eskaerak eta abisuak bidaltzea. Aplikazio horren bitartez asko jasotzen ditugu.

Nola funtzionatzen du aplikazio horrek?

Demagun Berazubin zakarrontzi bat puskatuta dagoela, eta handik pasatzen den herritarrak argazki bat ateratzen duela aplikazioa erabilita, honela udaletxera bidaliko du. Aplikazio horren bitartez jasotzen dugu guk abisua. Udalak du kontratatuta aplikazioa; inguruan lau bat udalek dute —Tolosa, Pasaia, Errenteria eta Andoain—. Gero eta jende gehiagok ezagutzen du eta erabiltzen du HorKonpon.

«Gero eta jende gehiagok ezagutzen du eta erabiltzen du HorKonpon aplikazioa»

Zertan aldatu da zure lana hasi zinenetik?

Orain jendeak pixka bat gehiago exijitzen ditu konponketak-eta. Duela urte batzuk, banku bat puskatuta bazegoen, noizbait konponduko zutela pentsatzen zuten herritarrek. Orain, jendea gehiago arduratzen da abisuak jakinarazteaz. Herritarrek bere auzoa eta ingurua txukun egotea nahi izaten dute.

Gauzak konpontzen ala muntaiak-eta egiten pasatzen duzue denbora gehien?

Urte guztia kontuan hartuta, antzekoa esango nuke. Bi lantalde daude, eta bat ia erabat ibiltzen da muntatze eta desmuntatze lanak egiten, eta beste talde bat konponketak egiten.

Zein da lanaren alderik zailena?

Hemen gauden gehienak urte dezente daramatzagu, eta dagoeneko martxa hartuta dugu, badakigu gutxi gorabehera, zein den egitekoa. Gutxi-asko dena kontrolatzen dugu. Muntaiak direnean, egoera pixka bat konplikatu daiteke, ordu jakin baterako muntaketa egin behar behar delako eta larri zabiltzalako, edo materiala beste leku batean dagoelako... Beraz, tarteka izaten dira estuago pasatzen ditugun momentuak.

Brigadaren egoitzan denetariko materiala duzue. Zer da bitxiena?

Bertan ditugu urtean zehar erabiltzen ditugun materialak, inauterietan eta sanjoanetan, azoka berezietan... Hori alde batetik, eta hortik aurrera, obretarako erabiltzen ditugun material guztiak. Tolosan, esaterako, izango dira 60 baldosa mota ezberdin, eta bat puskatzen denean izan behar dugu berdina edo antzekoa. Banku bat puskatzen bada, horrentzako ordezkoa izan behar dugu ere. Gainera, badaude herrian soberan dauden elementuak; denek hemen bukatzen dute. Adibidez, hemen dago Plaza Berritik kendu zen eta ehunka urte dituen erloju bat.

Tolosan 60 bat baldosa mota ezberdin daude, beraz. Baldosa ikusita badakizu nongoa den?

Denak ez, baina gehienak bai. Tolosak badu baldosa bat, udalean bertan diseinatuta, Tolosana izena duena. Leku askotan dago, adibidez, Gorosabel kaleko bi espaloietan, edo tren geralekuaren inguruan, Berazubin... Gainera, baldosa oso ona da, eta bere gainetik pasatzean gutxi irristatzen zara. Beste batzuk badaude irristakorragoak, adibidez, Trianguloan dagoen pizarra.

Anekdotaren bat izango duzu hainbeste urteren ondoren.

Ni hemen hasi eta urte batzuetara kontratatu zuten ingeniari agronomo bat. Ni orduan lorezaintzan nengoen. Motozerra behar genuen zerbait egiteko, eta zorrozten hasi zen soldatzeko elektrodo batekin, pentsatuz lima bat zela. Barreari eutsi, eta esan genion hori ez zela lima bat.

Beste herri edo hiri batzuetara joaten zarenean, zure lanarekin zerikusia dutenei begira egoten zara?

Bai, gertatzen zait. Aurten, oporretan izan gara familiarekin, eta gogoan dut kalean gindoazela baldosa bat puskatuta ikusi nuela, eta gero beste bat ere bai, eta honakoa bota nuela: «Hemen badute lana gauzak konpontzen». Eta familiakoek esan zidaten ez geundela Tolosan, oporretan geundela, eta bertakoak uzteko bakean. Baina egia da, edonon egonda ere, nahi ez duzuna ikusi egiten duzula, egunero horretan aritzen zarelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!