Tolosaldeko Sortzaileen I. Artisau Azoka egingo dute San Estebanen

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urr. 15a, 16:00

Herri Krosaren atzetik, XXXVI. Kultur Astea ospatuko dute Tolosako auzoan, ostegunetik igandera bitarte

Badator San Esteban auzoko kultur astearen txanda. Larunbatean, Tolosako XXXVI. Herri Krosa eta IX. Txiki Krosa jokatu ziren auzoan, eta igandean, mendi ibilaldia egin zuten. Bada, ostegunetik igandera bitarte, hamaika ekitaldi antolatu ditu Ttonttor auzo elkarteak, adin guztietako auzotar eta herritarrentzat.

Etzi, osteguna, kulturarteko pintxo-potea egingo dute Hiru-Aldeta tabernan eta auzo elkartean, 19:00etan hasita. Aldi berean, auzoko txarangak musikaz lagunduta, ongi etorria egingo diote Estebania auzoko erraldoiari. 20:00etan, berriz, latindar dantza saioa egingo dute nahi duten guztientzat, San Estebango saltsa zaleen eskutik.

Ostiralean ere gastronomia eta kultura uztartuko dituzte. 19:00etan hasiko da XXI. Patata Tortilla Lehiaketa. 22:30ean, Improvisación teatral antzezlana egingo du Sergio Salinasek. Amaitzeko, 00:00etan, Txanpa Mix saioa egingo dute Iñigo Etxenikek eta Mitxelek. 1970 eta 1999 urteen arteko musika entzun ahalko da.

Larunbatean izango dira ekitaldi gehienak, horietako bat, gainera, estreinakoz egingo dute,  10:30etik 14:00etara: Tolosaldeko Sortzaileen I. Artisau Azoka. 11:00etan, Gure Zirkuaren karpa txikian, haurrentzako zirku tailerra hasiko da. Arratsaldean, haur jolasak –17:00etan– eta buruhandien eta zezen txikien entzierroa –18:00etan– egingo dituzte. Egun guztian zehar, 3X3 Bolei Txapelketa Mistoa jokatuko da Ferialekuan, Toloboleik antolatuta –sari banaketa, 19:30ean–. Azkenik, 23:00etan hasita, Nikotinaren eta DJ Gomaren emanaldiak izango dira.

Igandean, musika izango da protagonista: 09:00etan, txistularien diana, 10:00etan, trikitilariak, 12:00etan, auzoko txaranga eta 14:00etako auzo bazkariaren ondoren, dantzaldia eta karaokea Joxe Mendizabalekin. Tartean, toka txapelketa eta bingoa egingo dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!