Merkatarien elkarteak Katilu edalontzi berrerabilgarria sortu du

Ataria 2024ko urriaren 16a

Tolosa & Co elkarteak kafea hartzeko edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatu nahi du eta Katilu izeneko edalontzia jarri du tolosarren eskura.

Tolosako merkatarien elkarteak azaldu duenez, eramateko kafeen kontsumoak gora egin du azken urteotan, eta, honekin batera, erabili-eta-botatzeko edalontzien erabilerak. Hala, edalontzi horiek egunerokotasunean sortzen duten hondakin bolumena oso handia dela diote merkatariek, eta horregatik, ingurumenarekiko erantzukizuna eta kontzientziazioa sustatu nahian,  Katilu edalontzi berrerabilgarriak sortu dituzte. «Aukera iraunkor eta erosoa da, erabiltzaileek behin eta berriro erabiltzeko diseinatutakoa», esan dute Tolosa&Co-ren arduradunek.
 
Katilu merkatarien elkarteko hainbat kafetegitan dago eskuragarri. Bi euro aurreratuta eskuratu daiteke, eta erabiltzaileek edaria bukatu ostean, edalontzia ekimenera harpidetutako kafetegietan itzuli eta berri bat jasoko dute eskaera berriarekin batera. Gainera, noiznahi eskatu daiteke aurreratutako 2 euroak itzultzea.
 
Katilurekin erabilera bakarreko edalontzien kopurua murriztu nahi dute, ingurumenarekiko konpromisoa sendotuz, lehen urratsa Tolosako kafetegi saretik eginda. Esan dute erabiltzaileek aukera paregabea izango dutela beren egunerokotasunean sortzen duten hondakin kopurua murrizteko.

Katilu ondorengo establezimendutan eskuratu daiteke: Iparra Beer, Larramendi Okindegia, Mujika, Rondilla kaleko eta San Frantzisko pasealekuko Eceiza gozotegiak, Gozona, San Frantzisko 25 Cafe eta San Frantzisko pasealekuko Erreberrin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!