55. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Haurren koruak entzuteko aukera izango da aurten

Aitor Arroyo Askarai 2024ko urr. 14a, 19:59

Joan den ostiralean aurkeztu zuten lehiaketa ekimenaren antolatzaileek, babesleek eta ordezkari politikoek. A. ARROYO

Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketak 55. edizioa du aurten; urriaren 31tik azaroaren 3ra egingo dute eta 17 talde arituko dira lehian.

Urriaren 31etik azaroaren 3ra egingo dute Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa eta, aurten, 55. edizioa izango du. Urtero bezala, Tolosako Ekinbide Etxeak antolatu du eta, guztira, hamazazpi koru bertaratuko dira, hain zuzen, hamaika helduen abesbatza eta sei haur abesbatza. Aurtengo lehiaketan ez da izango Euskal Herriko talderik.

Hainbat herrialdetatik etorriko dira abesbatzak: zortzi europarrak izango dira; zazpi, asiarrak; eta bi, afrikarrak. Luis Miguel Espinosak, lehiaketako zuzendaritzako kideak, nabarmendu du «denetariko ahotsak» eta abesbatzen «askotariko ñabardurak» entzuteko aukera «aparta» izango dela.

Parte hartzaileen aniztasuna goratu du Goiuri Eceiza Tolosako Udaleko kultur zinegotziak ere, baina taldeen ibilbideari egin dio erreferentzia: «Eskarmentu handiko abesbatzak zein sortu berriak, denetik ikusiko dugu». Hari berari tiraka, lehiaketako beste bi «ardatz» ere ekarri ditu gogora Eceizak: epaimahaia eta boluntarioak. Bi taldeei «eskerrak» eman dizkie «urtero sekulako lana» egiten dutelako, eta «adore hitzak» ere zuzendu dizkie: «Besteok besaulkian eseri eta gozatu besterik ez dugu egiten. Haiek egiten dute lan, eta hori nabarmendu eta eskertu behar da».

Kepa Goikoetxeak, Tolosako Ekinbide Etxeko zuzendari berriak, boluntarioen «garrantzia» ekarri du gogora eta «egoera larria» dutela ere gehitu: «Asko kostatzen ari zaigu ingelesa menperatzen duten boluntarioak topatzea». Zentzu horretan, lagundu nahiko lukeen guztiei harremanetan jartzeko gonbidapena ere egin die.

Nazioartea tolosan
Xabier Ormazabal lehiaketako zuzendaritzako kidearen ustez hitzordua «gakoa» da Euskal Herriko kultura «nazioartean» zabaltzeko: «Bertan izaten diren taldeek pieza komun bat prestatu behar izaten dute eta euskal konpositore batenak izaten dira. Gerora obra horiek beste txapelketa batzuetan ere egiten dituzte, eta gure kultura nazioartean ezagutarazi».

Hari berari tiraka, aurtengo pieza komunak zein izango diren ere zehaztu du: polifoniako ahots nahasien kategorian, Valentin Zubiaurreren O quam suavis eta ahots berdinetan, berriz, Xabier Sarasolaren O sacrum convivium. Folklorearen sailean, aldiz, ahots nahasien taldeek David Azurzaren Dantzantik egin beharko dute eta, ahots berdinekoek Eva Ugalderen Hitzak. Azkenik, haurren abesbatzek Javier Bustoren Hegan pieza interpretatu beharko dute nahitaez.  

Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultur sailburuordearen iritziz nazioartean «ekitaldi erreferentea» da Tolosako abesbatza lehiaketa, eta «horrelako» proiektuen «garrantzia» nabarmendu du: «Tolosa eta Euskadi nazioartean kokatzen ditu jaialdi honek. Horrez gain, erakusten du nolako indarra duen kulturak gure gizartean, zenbateraino dagoen errotuta eta eragina du gazteak eta, oro har, gizartea erakartzeko».

Munduko hainbat herrialdetatik bertaratuko dira abesbatzak. Europatik, guztira, zortzi koru etorriko dira, hain zuzen, Belgikatik, Danimarkatik, Frantziatik, Letoniatik, Lituaniatik eta Suediatik; Asiatik, berriz, zazpi abesbatza etorriko dira, zehazki, Filipinetatik, Indonesiatik, Thailandiatik, Hego Koreatik eta Txinatik. Horiez gain, Hegoafrikatik beste bi abesbatza ere etorriko dira.

Txartela jokoan
Nazioarteko epaimahai batek aukeratuko du irabazlea, eta ondorioz, Abesbatzen Europako Sari Nagusiko Tolosako ordezkaria. Abesbatzen Europako Sari Nagusia Nazioarteko Abesbatza Lehiaketek –Tolosarekin batera, Italiako Arezzo, Hungariako Debrecen, Esloveniako Maribor, Letoniako Jurmala eta Bulgariako Varna– antolatzen duten lehiaketa bat da. Horietako irabazleek, urtebete beranduago Lehiaketen Lehiaketan parte hartzen dute, eta lehiaketa hori txandaka ospatzen da elkarteko kide diren herri edo hirietako batean. 2025ean Tolosan ospatuko da, ziurrenik, urriaren 26an. Hori horrela, aurten irabazten dutenak hurrengo urtean ikusteko aukera ere izango da, baina «maila altuagoko» lehiaketa baten testuinguruan.

Tolosako Abesbatza Lehiaketarako bonuak zein banakako sarrerak jartzen dituzte eskuragarri, baina dagoeneko bukatu da bonuak erosteko epea. Hemendik aurrera, beraz, banaka eskuratu beharko dira sarrerak: 18 euroan erosi ahal izango dira helduen sarrerak; eta 10 euro balioko dute, haurrenak. Amaiera ekitaldiko sarrerak, berriz, garestiagoak izango dira: 20 euro helduena eta 12 euro, berriz, haurrena. Txapelketako emanaldi guztiak Tolosako Leidor antzokian egingo dituzte eta bertan erosi ahal izango dira sarrerak saio bakoitzaren aurretik.

Lehiaketako kontzertuez gain, beste hainbat emanaldi ere egingo dituzte iragarri dute antolatzaileek, nazioarteko «maila goreneko» taldeak bertan daudela «baliatu» eta eskaintza «ahalik eta gehien» zabaltzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!