ELKARRIZKETA

«Modak zerbait librea izan beharko luke»

Aitor Arroyo Askarai 2024ko urr. 20a, 07:59

Myriam Lizarralde moda estilista. A.A.A.

Ogibidearen esparru ezberdinetan aritu da Myriam Lizarralde moda estilista: hainbat euskal artisten estilista da, berriki Tolosan egin duten moda desfilea antolatzen aritu da eta bi filmetako jantzitegian ere egin du lan.

Jantziak ofizio, afizio eta pasio ditu Myriam Lizarraldek (Tolosa, 1996). Eta ez da gutxiagorako; besteak beste, Tolosa&CO elkartean Gogoko zerbitzuko arduraduna da, moda editorialak prestatzen ditu, parte hartu du bi filmetako jantzitegian eta zenbait euskal artistekin lanean aritu da estilista gisa. Norbere burua «libreki» adierazteko baliabidetzat du moda, eta ogibidean irrikaz aritzen denaren bizitasunez hitz egin du proiektuez, egunerokoaz eta, oro har, modaz.

Nondik datorkizu modarako interesa?

Interesa betidanik izan dut, baina gakoa izan zen Chiara Ferragniren bloga: The Blonde Salad. Hori topatu eta hor hasi nintzen informatzen. Bera hainbat tokitan egoten zen: Milango modaren astean... Hor hasi nintzen diseinatzaileak ezagutzen eta desfileak ikusten.

Gustatzen zitzaidan denetik begiratzea, alderatzea, bakoitzetik zer nabarmentzen zen aztertzea... Bai arroparekin, bai diseinatzaileekin. Gaur egun blogak ia desagertu dira [barrez], baina modaren asteak oraindik egiten dira. Influencerrak bilatu beharrean, zuzenean, diseinatzaileak begiratzen ditut.

Zer da moda editorial bat?

Moda editorial bat da argazki sesioa bat, non istorio edo kontzeptu bat garatzen den. Niri gustatzen zait loratzen ari diren diseinatzaileekin lan egitea; polita da horiek sustatzeko aukera izatea eta editorialak badira horretarako bitarteko bat. Estetika batekin istorio bat kontatzen da eta kontuan hartu behar da zein aldizkarirentzako ari zaren lanean, bakoitzak bere kodeak eta irizpideak baititu. Batzuk moda jasangarria sustatzen dute, beste batzuk luxuzko markak... Horren arabera aldatzen da lana.

Duarte eta Ferragamo jantziekin, 'Sticks and stones' aldizkarirako editoriala. UNAI ECHEVARRIA

Eta nola egiten dira?

Lehen pausoa izango litzateke non argitaratu erabakitzea; hortik aurrera aldizkariarekin hitzartu behar da argitaratuko duten edo ez. Eta behin hori eginda, istorioa edo kontzeptua garatu. Nire lana litzateke look-ak egitea, hau da, diseinatzaileen edo marken arropekin modeloa janztea, betiere kontuan hartuta haren profila, markaren ezaugarriak eta editoriala non argitaratuko den. Arropa piezak aukeratzen ditut eta diseinatzaileak edo markak argitzen dit ea erabilgarri dauden ala ez. Dena muntatzen duzu, eta kito.

Moda editorialak egin dituzu eta jendearen estilista ere izan zara. Aritu al zara bestelako proiekturen batean?

Bi pelikulatan aritu naiz lanean, jantzitegi sailean. Bata Netflixeko No puedo vivir sin ti eta, bestea, Atresmediak ekoiztutako Vestidas de azul, zeina Veneno seriearen bigarren denboraldia den. Lanbidearen hirugarren arlo moduko bat da, eta oso ezberdina. Masterra ikasi nuenean helburu nuen bateratzea ikus-entzunezko karrera eta estilismoa. Zentzu horretan, jantzitegian lan egitea iruditzen zitzaidan sekulakoa, idealena. Bi lan horiekin konturatu naiz asko aldatzen dela egitekoa proiektu batetik bestera, eta oso gogorra da: abiada handian egiten da lan, eta ezegonkortasun handia dago.

Guillermo Justiciaren jantziekin, 'Stoic' aldizkarirako editoriala. IBAI GOÑI

Bi horietan oso gustura aritu naiz, lantaldearekin gozatu egin dut; ordu asko pasatzen dituzu eta harreman hori polita da. Baina oso ezberdina da. Iruditzen zait interesgarriagoa izango dela garai zehatz batean kokatutako proiektuetan lan egitea, gaur egunean girotutako pelikula batean baino.

Zein dira zure inspirazio iturriak?

Inspiratzeko hainbat iturri ditut. Batzuetan, diseinatzaileek argitaratzen dituzten bildumak; jantziak ikusi eta mentalki kokatzen ditut espazio eta pertsona profil zehatz batzuetan. Beste batzuetan, gustatzen zait joko modura hartzea eta, adibidez, abesti bat hartzea eta iradokitzen didanaren arabera sortzea editorial bat. Eta gauza bera liburu bateko pasarte edo esaldi batekin, olerki batekin...

Kokalekuak ere izan daitezke inspirazio; museo bat, adibidez. Eta pertsonek ere inspiratzen naute. Horiez gain, euskal kulturak ere asko inspiratzen nau eta, izatez, egin izan ditut zenbait pieza euskal jantziekin erlazionatuta. Mila ohar hartzen ditut eta gero denbora falta zait guztiak gauzatzeko.

 

«Gustatzen zait estilo ezberdinetako erreferenteak edukitzea»

 

Eta erreferenteak?

Asko ditut... Badago neska euskaldun bat: Ana Floubet. Marka oso handiekin aritu da, eta bere lana asko gustatzen zait; eta berdin Sofia Larrarte tolosarraren lanarekin ere. Gustatzen zait estilo ezberdinetako erreferenteak edukitzea. Polita da estilo bat zure egitea, baina ezagutzen ez duzun horretatik gehiago daukazu ikasteko. Horregatik gustatzen zait erreferente ezberdinak jarraitzea. Batzuk aipatzekotan... Aritz Larrabe, Alicia Padron eta Paty Abrahamsson.

Horiez gain, Loewe asko gustatzen zait, eta oso gustuko ditut diseinatzaile nordikoak. Adibidez, Avavav markak oihartzun handiko desfile bat egin du Adidas markarekin elkarlanean. Freskoa da, diseinatzaile gazte asko daude... Ez dira ezagun-ezagunak, baina sormen aldetik esateko asko izango dute, ziur.

Hainbat artistekin aritu zara estilista lanetan, besteak beste, Josune Arakistain, Ana Arsuaga eta Antton Telleria. Nolakoa izan da esperientzia?

Egia esan, oso ona. Aurretik editorialak bakarrik egiten nituen eta sormena gehiago lantzeko aukera ematen dute, baina hau beste mota bateko lana da: pertsonalagoa. Harreman bat sortzen da eta garrantzitsua da hori, pertsona bakoitzarekin identitate bat sortzen baitugu. Josune Arakistainekin, adibidez, hutsetik hasi ginen eta oso dibertigarria izan zen. Malgutasun handia izan genuen eta oso polita izan zen.

Verde Pratok, aldiz, sortua zuen identitate bat ni hasi nintzenerako. Gehiago izan zen hori garatzea eta album berrirako identitate puntu berri batzuk sartzen joatea... Garapen hori ere oso-oso polita da. Anttonek, berriz, aurreko biran bazuen estilista bat. Berak ez zekien ni honetan nenbilenik, bada behin hizketan hasi eta abantaila handia denez biak tolosarrak izatea... Horrela hasi ginen elkarlanean.

Harremana sortzea edo elkar ulertzea da kontua: berak azaltzea zer behar duen eta zuk ulertzea, baina ez arrazionalki bakarrik. Harreman hori oso polita da.

Nola uztartzen dituzu moda eta haien estilo pertsonala?

Gauza bat dira joerak; eta horiek jarrai ditzakezu edo ez. Arropa ezin duzu asmatu, existitzen diren piezekin jantziko duzu pertsona; eta, gaur egun, bigarren eskuko arropa janztea ere goraka doan zerbait da.

Moda da, nire ustez, dibertitzea; eta espresio moduan erabil dezakezun baliabide bat. Joera eta estilo pertsonala uztartzea baino gehiago da artistak nahi duena ulertzea eta topatzea elementuak, zeinak berak indartu nahi duena nabarmenduko duten.

Izango dira errazagoak eta zailagoak.

Gaur egun denetik dago, bilatzea eta topatzea da kontua. Joeretan oinarritutako artista bat baldin badaukazu, erraz egiten da lan. Baina identitate bat joera batean oinarritzea... Igarokorra da, efimeroa. Nire ustez, hobea da elementu zehatz batzuk aukeratzea eta horiekin jolastea; artisten ezaugarria ere izan daiteke malgutasun hori. Hori ere aldatu da: lehen izaera zurrunagoa zuten artistek.

Labur esateko: joerak jokoaren parte dira, baina zuk oinarri bezala beste gauza batzuk izan behar dituzu. Hortik aurrera jolastu, moda dibertitzeko da; baina betiere, oinarri batetik abiatuta.

Jantziak prestatu izan dituzu hainbat testuingurutarako: bideoklipetarako, zuzenekorako... Zer aldatzen da?

Bideoklipa gertu dago editorialetik; esan nahi dut, sormenari leku gehiago utz diezaiokezu. Istorio bat kontatzen da eta... Bideoklipak ere geroz eta gertuago daude zinetik.

Zuzenekorako, berriz, asko eragiten du artistak: oholtza gainean asko mugitzen den edo ez... Erosotasuna kontuan hartu behar da. Sunek, adibidez, trikitia erabiltzen du. Bada, jantziko diozunak ez du trabatu behar hauspoarekin. Verde Pratok pianoa jotzen du. Bada, kontuan hartu behar da zein mugimendu egingo dituen pianoan, dantzan...

Tradizioz emakumeek presio handiagoa izan dute irudia zaintzeko. Aldatzen ari al da hori?

Zertxobait aldatzen ari da, baina oraindik oso bide luzea geratzen da egiteko. Pixkanaka-pixkanaka hasi dira azaltzen profil ezberdinak pasarelen gainean, baita editorialetan ere... Irudi oso ezberdinak ikusten hasi gara: azal perfekturik ez duten modeloak edo, oro har, itxura perfektutzat hartzen denetik ateratzen direnak. Baina oraindik lan izugarria geratzen da egiteko.

 

«Bizi garen gizarte honek —eta berau osatzen duten pertsonek— muga asko dituzte, oraindik, gainditzeko»

 

Emakumeek jasaten duten presio hori ez da arindu, eta pixka bat hasi da hedatzen gizonengana: modaren mundua, azala edo ilea zaintzeko ohiturak... Presioa, baina, ez da gutxitu. Eta, gainera, gizonengan beste konnotazio bat hartzen du, homosexualen ezaugarritzat hartzen baitira interes horiek. Bizi garen gizarte honek —eta berau osatzen duten pertsonek— muga asko dituzte, oraindik, gainditzeko.

Hala ere, emakumeek, zalantzarik gabe, jarraitzen dute presio askoz handiagoa jasaten.

Jendeak garrantzi handiegia ematen dio irudiari?

Denetik dago, baina bai. Dena da itxura: publizitatea, marketina... Eta kalean ere berdin. Gainera, bertatik bertara asko epaitzen dugu elkar. Modak zerbait librea izan beharko luke: dibertitzeko baliabide bat, eta inork ez luke inor epaitu behar. Jende askok moda ez du horretarako erabiltzen, baizik eta janzteko eta are besteak gutxitzeko.

 

«Jende guztia janzten denez egunero, estilismoari edo modari ez zaio baliorik ematen»

 

Hor badago beste kontu bat ere, hain zuzen, jende guztia janzten denez egunero, estilismoari edo modari ez zaio baliorik ematen. Badago jendea jarduera profesionaltzat ere hartzen ez duena.

 

«Modak izan behar du espazio bat nork bere burua libreki adierazteko»

 

Modak beti izan du alderdi normatiboa.

Modak izan behar du espazio bat nork bere burua libreki adierazteko. Atzera begira modak funtzio oso normatiboa izan du, zalantzarik gabe. Emakumeak kortseekin itota; galtzak erabiltzea? Pentsatu ere ez... Coco Chanelek galtzak egin zituenean, zentzu horretan, iraultzailea izan zen. Garapen bat egon da, baina urte asko hartu ditu. Eta gaur egun ere, esparruaren arabera, badago oraindik sorbaldak estalita eramatearena, gona belaunaren azpitik...

 

«Atzera begira modak funtzio oso normatiboa izan du, zalantzarik gabe»

 

Eta arroparen industria ere estu lotuta dago kontsumismoarekin.

Aitor Goikoetxearen jantziekin, 'Lewis' aldizkarirako editoriala. UNAI ECHEVARRIA

Modak ere badu eragina kontsumismoaren joeran. Kontsumoan hainbat aldaketa ari dira gertatzen: batetik, jendeak badu beste kontzientzia bat bigarren eskuko gauzak erosteari edo gutxiago erosteari buruz. Baina, bestetik, pasa gara fast fashion-etik, ultra fast fashion-era. Shein eta antzeko zenbaitek sekulako indarra hartu dute, eta Inditex eta orain artekoak baino are azkarrago doaz.

Neroni saiatzen naiz lan egiten lehenengo alor horretara bideratuta: gutxiago kontsumitzen eta kontsumitutakoa zentzu batekin izaten. Nahiz eta diru gehiago gastatu gauza bakarrean, izan dadila zerbait benetan ondo sentiarazten zaituena; kontzientzia batekin, ez izateko ultra fast fashion hori.

Tolosan orain gutxi egin du moda desfile bat Tolosa&CO merkatarien elkarteak eta antolakuntzan aritu zara. Nolako esperientzia izan da?

Oso polita izan da; eta, baita oso luzea ere. Duela hilabete asko hasi ginen antolatzen eta polita izan da ikustea nola joan den forma hartzen. Gure lehen desfilea izan da, eta erronka gogotsu hartu dugu. Esperientzia gogorra eta, aldi berean, polita izan da.

Eduardo Gimenoren jantziekin, 'Kaltblut' aldizkarirako editoriala. IBAI GOÑI

Duela urte batzuk lanean aritu nintzen Bartzelonako modaren astean, diseinatzaile batentzat asistente bezala; eta kuriosoa izan da hura eta hau esparru ezberdinetakoak izanda ere, estres maila berdina izan dela. Atzean egiten den lana izugarria da; baina, orokorrean, esperientzia polita izan da.

Azkar samar izango da, agian, baina emaitza aztertu al duzue?

Orokorrean oso-oso erantzun ona jaso dugu ikusleen eta merkatarien partetik. Badakigu hobetzeko gauza batzuk baditugula, eta identifikatu ditugu puntu ahulak aurrera begira hobetzen joateko. Pixkanaka saiatuko gara gorantz joaten eta datozenak profesionaltasun gehiagoz antolatzen.

Aurrez aipatutakoaz gain, Tolosa&CO elkartean aritzen zara lanean eta, besteak beste, Gogoko zerbitzuko arduraduna zara. Zein dira zure egitekoak?

Alde batetik, bezeroarekiko arreta. Produktua dendetan bilatzeaz gain, suertatzen dira egoera batzuk, non bezeroak aholku eskatzen digun, demagun, opari bat egiteko. Zentzu horretan, erosketa laguntzaile moduan edo funtzionatzen dugu.

Bestetik, erosketa horiek bidaltzeaz ere arduratzen gara. Horrez gain, argazki saioak egiten ditugu produktuak promozionatzeko: hilean lau eta sei denda inguru ateratzen ditugu. Zozketak ere jartzen ditugu martxan... Eta aurten hasi gara kolaborazioak egiten zenbait pertsona ezagunekin, besteak beste, Antton Telleria, Josune Arakistain, Lur Errekondo... Merkataritza txikiarekiko atxikimendu edo lotura duten jendearekin ari gara.

Zein beste lan lerro dituzue?

Esandakoez gain, komertzio txikia sustatzeko hainbat lanketa dauzkagu. Batetik, diru laguntzak lortzen laguntzen diegu. Horiek lortzeko trabak izaten dituzte hiztegi administratiboagatik, dokumentazio aldetik... Laguntzak irisgarriak izatea nahi dugu, eta asko kudeatzen ditugu.

Zein beharri erantzuten dio Gogokok?

Batez ere saltoki txikiek duten digitalizatzeko beharrari erantzuten dio. Ez da inongo sekretua merkataritzak indar handia hartu duela Interneten eta saltokiek ere ikusten dute hori. Sustatu behar da tokiko saltokietan erostea —denda fisikoetan—, baina aldi berean gabeziak ere konpondu behar dira, eta horregatik komertzio digitalerako laguntza.

Jende gazteak kontsumitzen du gehien digitalki, eta non dauden horiek? Sare sozialetan. Horretara ere bideratzen dugu edukia eta horren bidez ea lortzen dugun fisikoki ere saltokia laguntzea. Atzean geratzea saihesteko da, finean.

Behar berri horietara moldatu behar du tokiko merkataritzak?

Osagarria izan behar du. Saltoki txikien berezko ezaugarria da kaleak biziagotzen dituztela; haiek gabe hil egiten da kalea. Hori mantendu eta sustatu behar da, baina bezero batzuk hortik kanpo geratuko dira, online erosten dutelako. Eta hau da modu bat horiengana ere heltzeko.

Bertako jendea erabiltzen duzue produktuak promozionatzeko. Zergatik da hori?

Nahiz eta bidalketak penintsula guztira ere egin, Gogoko gertuko zerbitzutzat sentitzea nahi dugu, hori baita tokiko merkataritza. Izaera hori transmititzeko nahi dugu modeloak ingurukoak izatea: ezagutzen dugun jendea.

 

Motzean

 

Zaletasun bat.

Modaz aparte? Zeramika.

Deskonektatzeko leku bat.

Itsasora begira.

Jantziko zenukeen euskal pertsonaia bat.

Urrutira joan gabe: Alai; eta Miruak ere aldaketa interesgarriak egin ditu.

Lan egingo zenukeen marka bat.

Loewe.

Zer da ondo janztea.

Jantzi eta kalera ateratzen zarenean edozer egiteko gai zarela sentiarazten zaituena janztea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!