Eskola Mendiko Finalistaren eguna egingo dute urriaren 27an

Ataria 2024ko urr. 15a, 11:58

Gazteentzako mendi martxa ibilbidea antolatu du Alpino Uzturrek, Gipuzkoako Mendizale Federazioarekin elkarlanean; hilaren 24a arte egongo da izena emateko aukera, telefono edo helbide elektroniko bidez.

XXXVI. Eskola Mendiko Finalistaren eguna antolatu du Alpino Uzturrek, Gipuzkoako Mendizale Federazioak lagunduta. Urriaren 27an izango da, eta ibilbidea Zerkausian hasiko da, 9:30ean.

Bertan, Gipuzkoa osoko ikastetxeetako 6 eta 16 urte bitarteko gazteek eman ahalko dute izena, eta horretarako azken eguna hilaren 24a izango dute. Antolatzaileei datuak jakinarazi beharko zaizkie, 747 456 014 zebakira deituta edo info@alpinouzturre.eus helbidera idatzita. Antolatzaileek gaineratu dutenez, gurasoek ibilbidea bere seme-alabekin batera egin ahal izango dute. Ibilbidea amaitzean parte hartzaile bakoitzak opari bana izango du.

Ibilbidean zehar ez dira hornidura puntuak izango. Hortaz, parte hartzaile bakoitzak bere hamaiketako eman beharko du. Horrez gain, ibilbidean zehar jarritako seinaleak errespetatzea derrigorrezkoa izango dela gogorarazi dute, eta hori txukun mantentzea eskatu dute, «mendia denon gozamenerako inguru paregabea baita».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!