Lur Zaldua Aristik irabazi du Tolosanklisk argazki lehiaketa

Ataria 2024ko urriaren 14a

''Bizitzaren aldapak' argazkia. LUR ZALDUA ARISTI

Aurtengo gaia ‘Zaintza Tolosan’ izan da eta herritarrek 115 argazki aurkeztu dituzte. Zalduaren ‘Bizitzaren aldapak’ izeneko argazkia izango da datorren urteko Tolosako egutegiaren azala, eta autoreak 600 euroko saria jasoko du.

2025eko egutegirako irudiak aukeratzeko Tolosanklisk lehiaketak baditu saridunak. Aurtengo edizioko gaia ‘Zaintza Tolosan’ izan da eta, guztira, 115 argazki aurkeztu dira. Ura Iturraldek, Elena Marquezek eta Javier Zurutuzak osatu duten epaimahaiak egutegiaren azalerako irudia eta hilabete bakoitza irudikatuko duten beste 12 argazki aukeratu ditu dagoeneko.

Lur Zaldua Aristik Aldaba Txikin egindako Bizitzaren aldapak argazkia da lan irabazlea eta, horrenbestez, 2025eko egutegiaren azaleko irudia izango da. Zalduak, gainera, 600 euroko saria jasoko du irabazle izateagatik. Horrez gain, epaimahaiak urteko hilabeteak irudikatuko dituzten argazkiak hautatu ditu; 200 euroko sari bana jasoko dute egileek.

  • Urtarrila: Javier Zabala Acosta, Nire amona zaintzen
  • Otsaila: Miren Amorrortu Fernandez, Osasunean eta gaixotasunean
  • Martxoa: Ana Eizmendi Peñagarikano, Katutxoa
  • Apirila: Maider Gaztelumendi Garaikoetxea, Zaintza, elkar zaintza
  • Maiatza: Paula Bonilla Zagala, Gure sustraiak
  • Ekaina: Arantxa Aranburu Arakama, Zaintza sarea
  • Uztaila: Fernando Pradini, Birziklatzen
  • Abuztua: Llívià Escola Hernandez, Ama
  • Iraila: Mikel Sagasti Esteban, Tolosa begira
  • Urria: Ana Pradini, Babestu
  • Azaroa: Iñigo Goñi Labayen, Zaintzarik xamurrena
  • Abendua: Juanan Dorronsoro Ugartemendia, Elkar zaintzen

2025eko egutegiak zaintzaren eta komunitatearen balioak islatuko ditu. Udalak azaroaren amaieran abiatuko du egutegien banaketa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!