Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun talde batek ibaien inguruko dibulgazio-jardunaldia eskainiko du asteartean, hilak 15, 18:00etan, Tolosako Topic aretoan. Tolosako Udalak adierazi duenez, «ibilbide luzea eta ezagutza mardula» duten lau adituk parte hartuko dute: Iñaki Antiguedad hidrogeologoak, Askoa Ibisate geografia fisikoan doktoreak, Arturo Elosegi biologo tolosarrak eta Naiara Valcarlos arkitekto paisajistak.
Hitzaldi bana egingo dute eta, besteak beste, uholdeekin, dragatzeekin, ekosistema eta biodibertsitatearekin edo azpiegiturekin lotutako gaiak jorratuko dituzte. Horretarako, ikuspegi orokor batetik abiatuko dira, hau da, uholde-arriskuen aurkako kudeaketan, alderdi horietako bakoitzarekiko politika orokorren nondik norakoak azalduko dituzte. Ondoren, udalak Tolosako kasuaz hitz egingo du, eta zubia ordezkatzearen zergatia azalduko du.
Udalak eta Tolosako Ingurumen Zentroak, Asteklimaren testuinguruan elkarlanean antolatutako hitzordua da, Zubiberria ordezkatzeko proiektuaren inguruan dagoen eztabaidak eraginda. «Hitzorduak, ordea, ikuspuntu zientifiko, dibulgatzaile eta tekniko independentea ematea du helburu, modu horretara, ibaiaren inguruan gauzatzen diren politikak ulertzeko», azaldu du Andu Martinez de Rituerto alkateak.
Zubiberria ordezkatzeko proiektua dela eta, udal gobernutik bigarren iritzi baten bila jo zutela aurreratu du alkateak. «Proiektuarekin inolako loturarik ez duten eta Ura agentziarekiko independenteak diren zientifiko batzuengana jo genuen. Horien artean, jardunaldian parte hartuko duten pertsona batzuk zeuden. Erreferente handiak dira euren lan esparruetan», nabarmendu du.
Zubiaren proiektuari buruz dagoen eztabaidaren erdian, udalak esan du «konponbide alternatibo gisa zuzenak ez diren hainbat ideia» azaleratu direla ikusi duela, «adituek gomendatutakoaren eta gaur egun leku askotan egiten diren berreskuratze-lanen kontra doazenak. Esate baterako, dragatzea edota ibaiaren bi aldeetako landaredia kentzearena. Jardunaldian, besteak beste, bi gai horiek modu objektiboan jorratuko dira, zentzu horretan hartzen diren politiken zergatiak uler ditzagun», esan du alkateak.
Udalak ere Ura agentziaren proiektuaren nondik norakoak azalduko ditu. «Ildo horretan, uste dut jardunaldia oso interesgarria izango dela edonorentzat, edozein dela ere proiektu honen inguruan duten iritzi eta jarrera, eta, beraz, bertara joateko gonbita egiten diet herritarrei», gaineratu du alkateak.
Jardunaldia euskaraz izango da, baina entzungailuen bidez aldi bereko itzulpena eskainiko da, baita zeinu-hizkuntzaren interpretazioa ere. Hitzartzeen bideo-grabazioak herritarren eskura jarriko dira gero, udalaren kanaletan.
Programa
- Sarrera orokorra: uholdeak lurralde ikuspegitik. Iñaki Antiguedad
- Azpiegiturak, sedimentazioa eta dragatzea. Askoa Ibisate
- Ibaiertzeko ekosistemaren garrantzia: landaredia eta biodibertsitatea. Arturo Elosegi
- Azpiegituren integrazioa paisaian. Naiara Valcarlos
- Tolosako kasua: zubia ordezkatzearen zergatia. Udala
- Mahai-ingurua, Edurne Ayusok gidatuta.
Hizlariak
- Iñaki Antiguedad: Hidrogeologian katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitateko Geodinamika Sailean, eta 1979tik dihardu bertan irakasle. Zientzietan doktorea eta Geologian lizentziatua da. Eusko Jaurlaritzak Talde Kontsolidatu gisa aitortutako Hidrogeologia eta Ingurumen Taldeko zuzendaria da.
- Askoa Ibisate: Geografian lizentziatua, Geografia Fisikoan doktorea eta Geografia Fisikoko irakaslea da EHUn. Ibaien geomorfologia, hidrologia, arrisku naturalak, urpean gera daitezkeen eremuen kudeaketa, ibaietako paisaiak eta ibaien lehengoratzea ikertzen ditu. Ibai-ekosistemak hobetzeko edo ibaien leheneratze hidromorfologikoa egiteko Estatuko eta Europako proiektuetan parte hartzen du ikertzaile gisa, besteak beste.
- Arturo Elosegi: Tolosarra jaiotzez eta Biologian doktorea, Ekologiako irakasle katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Nazioarteko aditua da ibai-ekologian, bereziki giza jarduerek ibai-ekosistemen funtzionamenduan duten eraginean.
- Naiara Valcarlos: Arkitekturan eta paisajismoan lizentziaduna da Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan eta Wageningeneko Unibertsitatean (Herbehereak), hurrenez hurren. Bere lana ikuspegi ekologikoko paisaia-arkitekturaren diseinuan espezializatzen da.