Aniztasunaren Gala egingo dute Topic-en

Ataria 2024ko urriaren 10a

Larunbatean izango da, 18:30ean hasita; Herrikide ikastetxeak eta Goienetxe Fundazioak ikuskizun bat eskainiko dute, elkarlanean.

Bihar, etzi eta igandean, hilaren 11n, 12an eta 13an, Aniztasunaren IV. Gala ospatuko dute Gipuzkoako hiru museotan. Bihar, ostirala, Irungo Oiasso Erromatar Museoan egingo dute ekitaldia. Etzi, larunbata, Tolosako Topic museoan izango da, 18:30ean, museoko antzokian. Eta igandean, Hernaniko Txillida Leku museoan egingo dute jardunaldia. «Aniztasunaren ekitaldi hau, musika, dantza eta antzerki festa bat da, sorkuntzari lekua egiten diona», adierazi dute antolatzaileek.

Artista ezagun ugari gonbidatu dituzte galara: Iñaki Salvador, Jakes Txapartegi, Simon Ezkiaga, Juncal Cepeda, Olga Grande, Ezezagunok Antzerki Konpainia, Uikan Dantza Taldea eta Verdini Dantza Taldea. Dantza garaikideko konpainia honetako Isabel Verdinik, Donostiako Udalaren Urrezko Danborra jaso du aurten, desgaitasunen bat duten pertsonekin egindako lanagatik. «Musika eta dantza emanaldiek erakutsiko dute arteak ez duela mugarik, eta museoek etorkizun justu eta iraunkor bat eraikitzeko duten balioa berresteko aukera emango dute».

Emma Larretak aurkeztuko duen laugarren edizio honetan, Ana Perez aktore eta antzerkigilea eta Ezezagunok taldearen sortzailea omenduko dute. «Irabazi-asmorik gabeko antzerki konpainia hau 2008an sortu zen, eta bere helburua desgaitasun intelektuala duten aktoreekin antzerki-muntaiak jendaurrean prestatzea eta antzeztea da».

Tolosako Herrikide ikastetxeko DBHko bigarren mailako ikasleek, Ibarrako Goienetxe Fundazioarekin batera, Topic-eko galan parte hartuko dute. Musika, dantza eta antzerkia uztartuko dituen Kaia barrenean ikuskizuna eskainiko dute. «Esperientzia aberasgarria izan da. Gaitasun artistikoak garatzeaz gain, gaitasun sozialak, emozionalak eta etikoak ere garatu ditugu», esan dute Herrikidetik.

Herrikide ikastetxeko kideak, Aniztasun Galarako prestatzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!