Gizonezko bat atxilotu dute Tolosan lapurreta egiteagatik

Ataria 2024ko urriaren 10a

Segurtasun Sailak jakinarazi du Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuela asteartean, Tolosako ostalaritza establezimendu batean indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta.

Atxilotutako gizonak Tolosako Rondilla-Belate auzoko lokal batean egin zuen lapurreta eta ihes egiten ari zela atzeman zuten. Ertzaintzak esan duenez ileorde morea zuen gizon bat sartu zela lokalean jakinarazi zieten. Ertzainek eraikina aztertu zuten eta gizonezkoa une horretan saiatu zen ihes egiten, baina harrapatu egin zuten. Gizonari, besteak beste, Gabonetako loteriaren hogeita hamar bat dezimo, iPad batzuk, 480 euro inguru, bihurkinak eta labana bat aurkitu zizkioten. Lokal barrua hankaz gora zegoen, eta langileen armairuak eta kutxa erregistratzaileak behartuta zeuden.

Antzeko egitateengatik aurrekariak dituen 30 urteko gizona da atxilotutakoa eta polizia-egoitzara eraman zuten zegozkion polizia-eginbideak betetzeko. Azaldutako egitateen aurrean, agintari judizialak behin-behineko espetxeratzea agindu zuen Martuteneko espetxean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!