Irakurzaletasuna sustatzea helburu

Ataria 2024ko urriaren 10a

Tolosako Elkar dendan erosketa bat eginez hartu daiteke parte kanpainan. A. ARROYO

Kanpainaren parte den denda batean erosketa bat egiten duenak kinielan parte hartu eta hainbat sari eskuratzeko aukera izango du; urriaren 20an amaituko da egitasmoa.

Irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina bat jarri dute martxan Gipuzkoako 30 liburu dendak, tartean, Tolosako Elkar saltokiak. Zilarrezko Euskadi Sarien inguruan antolatu dute egitasmoa eta urriaren 20ra bitarte kanpainan parte hartzen dutenek aukera izango dute hainbat sari jasotzeko.

Egitasmoan parte hartzeko nahikoa da 18 urte baino gehiago izatea eta kanpainako edozein liburu dendatan erosketa bat egitea. Erosketarekin batera orri markagailu bat emango diote parte hartzaileari, non kode bat jasoko duen kinielan parte hartzeko. Kode horrekin kategoria bakoitzeko finalisten artean «gustukoen» duen lanaren alde bozkatu ahal izango du Gipuzkoaliburudendak.com web orrialdean.

Sailak eta sariak
Hiru kategoria dituzte Zilarrezko Euskadi Sariek, hain zuzen, narratiba euskaraz, narratiba gazteleraz eta nobela grafikoa.

Kiniela irabazten dutenek  hainbat sari eskuratu ahal izango dituzte: batetik, bazkari bat Donostiako jatetxe batean eta aurtengo sarietako irabazleekin; eta, bestetik, kategoria bakoitzeko lan saridunak bilduko dituen liburu sorta. Sariak urriaren 30ean banatuko dituzte, Donostiako Fermin Calbeton kaleko Elkar liburu dendan.

Urteroko lanketa
Gipuzkoako liburu denden elkarteak banatzen ditu Zilarrezko Euskadi Sariak eta helburu dute hilero jasotako argitalpenen artean «aitortza osoa» jaso ez duten lanak «erreskatatzea». Horrela, «balioa» eman nahi diete lanei eta, «eskerrak», horien alde egiten duten argitaletxeei.

Kanpainaren beste helburuetako bat da irakurtzea «goraipatzea», pertsonentzako jarduera «atsegin eta onuragarri» bat dela-eta. Antolatzaileek azaldu dutenez, lagungarria da estresa murrizteko, gaitasun mentala handitzeko, ikasteko aukerak «zabaldu» egiten ditu, enpatia garatzen laguntzen du eta intelektualki «aberastu» egiten du. Ekimenarekin bat egin dute Andoaingo, Arrasateko, Azkoitiko, Beasaingo, Bergarako, Donostiako, Eibarko, Elgoibarko, Errenteriako, Hernaniko, Irungo, Pasaiako, Tolosako eta Zarauzko 30 liburu dendak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!