Ikusmenaren Mundu Eguna dela eta, Retina Gipuzkoa Begisare elkarteak ikusmen murriztua duten herritarrak ikusgarri egiteko Ikusmen murriztua dut sentsibilizazio kanpaina burutuko du. Urtero, herri bat aukeratzen dute kanpaina burutzeko, eta aurten, Tolosa&Co merkatarien elkartearen bitartez, Tolosan egingo dute. Hala, bihar, 10:30etik 13:30era bitarte, Trianguloa plazan eta saltokietan egongo dira, herritarrak informatzen.
Ikusmen murriztua duten pertsonak identifikatzeko erabiltzen den ikurra ezagutaraztea da kanpainaren helburua. Hala, ikusmen urritasuna izan arren, oraindik Ikusmen murriztua dut bereizgarria ez dutenei erabiltzearen abantailak erakutsiko dizkiete. «Bereizgarriaren erabilerak giza-harremanak errazten ditu eta ulergarritasun ezak sortzen dituen arazoak saihesten laguntzen du», azaldu dute.
Aurtengo berritasuna bideo bat da, kanpainarako bereziki landua. Helburua ikusmen murriztua dutenen sintomak simulatzea da, identifikatzen dituen bereizgarria erakustea eta herritarrei kontuan har dezatela eskatzea. «Ikusmen murriztua ez da ez betaurreko, ez tratamendu farmakologiko, ezta ebakuntzarekin ere zuzentzen. Hortaz, eguneroko hainbat jarduera burutzea zaildu eta eragozten du», adierazi dute.
Hauek dira desgaitasun hau eragiten duten gaixotasunetako batzuk: endekapen-makularra, glaukoma, magna miopia, erretinopatia diabetikoa, aniridia, erretinosi pigmentarioa, Leber-en neurapatia optikoa eta erretinaren beste distrofia batzuk. Horiek, ikusmen narratsa, erdiguneko ikusmen-eremuaren galera, ikusmen- periferikoaren galera edo eremuaren zati batenarena bezalako sintomak eragiten dituzte. «Arazo hauek ez dute sendabiderik. Ikusmen murriztua ez da ez betaurreko, ez tratamendu farmakologiko, ezta ebakuntzarekin ere zuzentzen. Hortaz, eguneroko hainbat jarduera burutzea zaildu eta eragozten du», adierazi dute.
Elkartetik adierazi dute biztanleen gehiengoak ez duela ezagutzen ikusmen murriztua duten pertsonen existentzia. «Ezjakintasun hori dela eta, ez gara ulertuak sentitzen; batik bat, sarri gertatzen den moduan, eragindako pertsonak itxuraz osasuntsuak diren begi eta begirada dituelako. Gutariko askok eguneroko zenbait jarduera burutzea ahalbidetzen digun ikusmen-hondarra izan arren, beste hainbat ekintzetarako laguntza edo makil txuria edota gida-txakurra behar izaten ditugu».