Iritsi da Tolosako Herri Krosaren hitzordua

Imanol Garcia Landa 2024ko urr. 8a, 18:00

IƱaki Sanchez eta Jose Luis Goenaga, bi krosetako kartelekin.

Larunbatean, urriaren 12an, izango dira Tolosako XXXVI. Herri Krosa eta IX. Txiki-Krosa. Helduen kroserako izen ematea ‘Kronoak.com’ webgunean egin behar da, eta azken eguna ostirala da.

Urte luzez egin duten moduan, urriaren 12rako Tolosako Herri Krosa antolatu dute San Esteban auzoko Ttonttor Kultur Elkarteko kideek. Aurtengoan 36. aldia izango du helduen krosak, eta Txiki-Krosak, berriz, bederatzigarren urtea. 

Helduen ibilbidea azken urteetan egiten den 8,1 kilometrokoa izango da. San Estebanetik ateratzen da eta itzuli txikia bat egin ondoren San Frantziskotik bueltatuz eta helmugatik pasa ondoren, beste itzuli luze bat egingo dute, Olarrain auzoraino joanez, eta ondoren Berazubitik eta Alde Zaharretik pasatuz. «Aurtengoan berezitasuna izango da korrikalariak pasatzen diren tartean errepideak guztiz itxita egongo direla izango da», esan du Jose Luis Goenaga antolakuntzako kideak. «Aurten, beraz, errepidetik ariko dira korrika egiten, beste urteetan zati batzuetan espaloitik joaten baitziren lasterkariak». 

Helduen krosa 11:00etan hasiko da eta izen emateak 12 euro balio ditu. Kronoak.com webgunean bakarrik eman daiteke izena eta epea ostiralean 22:00etan bukatzen da. Kamiseta ematen zaie parte hartzaileei, eta dortsalarekin batera Tolosako Shanti Kirolak dendan jaso dezakete ostiralean bertan. «Bertara joaten badira, gure lana erraztuko digute», esan du Iñaki Sanchez antolakuntzako kideak. Egun horretan ezin badute, larunbatean jasoko dituzte proba hasi aurretik. 

Gutxieneko adina parte hartzeko 16 urtekoa da, baina aukera dago gazteagoek parte hartzeko heldu baten laguntzarekin. «Proba ez da hain luzea, eta 16 urtez azpiko gazteak ere aritzen dira atletismoan», azaldu du Goenagak. Iaz 220 parte hartzaile inguru izan ziren. «Urtero kopuru antzekoa izaten da», esan du Sanchezek, «eta jende gehiagok izena eman nahi badu, badago lekua». Korrikalari askok datorren hilean egingo den Behobia-Donostia kroserako prestatzeko ere erabili ohi dute Tolosako Herri Krosa. «Tolosan eta inguruan jende ugari aritzen da korrika egiten, eta animatu nahi ditugu Tolosako Herri Krosean parte hartzera».

Tolosako IX. Txiki-Krosa 12:00ak aldera hasiko da, helduen krosa amaitu eta gero. Parte hartzea doanekoa da, baina hasieratik egin den moduan, parte hartzaileek eskola materiala eraman behar dute izena ematerakoan. Material hori Tolosaldea Sahararekin elkartearen bidez, saharar kanpamenduetara bidaltzen da. Parte hartzeagatik ere kamiseta izango dute. Bi maila izaten dira: 9 urtera artekoek 500 metroko ibilbidea egingo dute, eta 10 eta 14 urte bitartekoek 1.250 metro. San Esteban auzotik bertatik aritzen dira korrika egiten, eta ez da sailkapenik izaten. «Urtero haur gehiago etortzen dira parte hartzera», esan du Sanchezek. «Iaz 300dik gora izan ziren». 

Boluntario ugari izaten dira laguntzen egunean bertan, eta eskertuta daude jasotzen duten laguntza horregatik. Hori bai, antolakuntza nagusia egiten «betikoak» daudela esan dute Sanchezek eta Goenagak, eta auzoko gazteei dei egin diete lekukoa hartzen joateko. 

San Esteban auzoko Kultur Astearen barruan txertatzen dira krosak. Asteburu honi dagokionez, larunbatean egingo dira krosak, eta igandean mendi ibilaldia eta paella jatea egingo dute. 09:30ean elkartuko dira auzoko egoitzan eta bertan erabakiko dute egingo duten ibilaldia. Datorren astean, hilaren 17tik 20era, osatuko da Kultur Astearen egitaraua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!