ELKARRIZKETA

«Ez dut uste babes handirik dagoenik gizartearen aldetik»

Aitor Arroyo Askarai 2024ko urr. 12a, 07:59

Hamarkada bat baino gehiago darama Marta Agirrezabala Zubillagak Lanku kultur zerbitzuen enpresan; aurretik koordinatzaile lanetan aritu zen eta, gaur egun, «ikuskizun bereziak» ekoizteaz eta kudeatzeaz arduratzen da.

Hamarkada bat baino gehiago darama Marta Agirrezabalak (Tolosa, 1965) Lanku kultur zerbitzuen enpresan lanean. Izatez, Biologia ikasketak egin zituen, baina bedaiotarra hiru gaik erakartzen dute batik bat: euskarak, nekazaritzak eta kulturak. Hizkuntzari AEKn egin zion ekarpena, ikasten zuen bitartean eskolak ematen baitzituen; nekazaritzarekin lotu zuen, berriz, EHNE sindikatuko jardunak; eta euskal kulturari ekarpena egiteko aukera zabaldu zion Lankuk. Gogobeteta hitz egin du egunerokoaz eta, oro har, arloaren bilakaeraz zein erronkez.

Nola irudikatu behar dugu zure egunerokoa?

Niri dagokit bertso saio bereziagoak ekoiztea, saltzea, zabaltzea eta kudeatzea. Hori da nire egitekoa, gutxi gorabehera. Aurretik izan ditut beste ardura batzuk: koordinatzailea izan nintzen; baina ardura horiek pixkanaka uzten joan naiz. Ez dira batere osasungarriak eta urte batzuk pasa ondoren nik uste ondo datorrela beste batek hartzea eta norbera gehiago zentratzea gustuko dituen arloetan.

Lanetik zer da gehien atsegin duzuna?

Gehiena gustatzen zaidana da ideia berri bat entzutean erne egotea, proposatu duen pertsona edo talde horrengana hurbiltzeko eta zerbait berezia prestatzeko. Lantaldean ekarpenak egiteko jende asko dago eta ideia politak izaten dituzte pil-pilean dauden gaiei eta formatu berriei buruz. 

Eta, kontrara, gutxien gustatzen zaizuna?

Ez dakit zehatz esaten. Pribilegiatua sentitzen naiz daukadan lanarekin eta oso gustura joaten naiz. Gutxien gustatzen zaidana da lan asko pilatzen dela momentu jakin batzuetan eta, beste batzuetan, hutsuneak egoten direla. Oso prest egon behar duzu lan bolada horietarako.

Eta bada beste gauza bat ere: burokrazia. Diru laguntzak eskatzea, tramitatzea... Proiektuak defendatzea gauza bat da, baina hari horretatik zintzilik egon beharra jakiteko aurrera egin dezakeen edo ez... Hori da gehien kostatzen zaidana. 

Nola aukeratzen duzue zein proiektu garatu?

Ez da erraza; asmatu egin behar da. Hasieran traketsago aritzen ginen horretan, baina urte batzuetako esperientzia ere badakarkigu dagoeneko eta eskarmentua bildu dugu. Baina oso aldakorra da dena. 

Kulturaren kontsumoa —ez zait aditz hori erabiltzea gustatzen, baina— aldatzen ari da. Pantailetatik asko hartzen da, etxetik mugitu gabe... Hartzailearen profila ere asko aldatu da, eta aldakortasun horretan asmatzea ez da batere erraza.
Batzuetan konfiantza guztiz egiten duzu apustu, eta gero ikusten duzu proiektua edo pieza ezinean dabilela. Kultur zirkuitua bera aldatzen ari da, eta baita arduradunek zer programatzen duten ere. Identifikatu behar da gazteek —eta ez hain gazteek— zein joera eta ohitura dituzten... Ez da erraza.

Azken urteetan bertsolaritza profesionalizatu egin dela esango zenuke?

Bertsolaritzatik bakarrik bizi direnak esku batekin konta ditzakegu; beste kontu bat da bertsolaritza uztartzea gidoigintzarekin edo beste sorkuntza diziplinaren batekin. Hortik harago, nire ustez txapelketek eta halakoek ematen dute bertsolaria beste lanketa berezi batera —lehian sartzen dira— eta hortik baita beste gauza batzuk sortu beharrera edo. Horri ere ez dakit profesionalizazio dei diezaiokegun.

Administrazio aldetik asko aldatu da: lehen plazara joaten ziren, eskura ematen zieten dirua eta kito. Gerora jarraitu dute plazetatik deitzen bertsolariak eskatuz, baina horri zein forma ematen zaio lan arloan? Hori kudeatzeko 2003an Lanku sortu zuen Bertsozale elkarteak, eta lan garrantzitsua egin du horretan. Gaur egun ere hori du izateko arrazoia: bertso saioen, ikuskizun bereziagoen eta egile eskubideen kudeaketa.

Aldaketa horretan izango zuen eraginik lehen aipatutako burokraziak.

Urte hauetan burokraziarena izugarria izan da: lan asko pilatu du. Denei eragin die: bertsolariei, guri eta baita antolatzaileei ere. Zentzu horretan, zerga guztiak ordaintzearekin batera, bertsolariari iristen zaiona ere gutxiago da. Zergak ordaintzea tokatzen zaio langile guztioi bezala, baina bertsolarien ordainsaria oso baxua da.

Gainera, gutxiespen handia dago zentzu horretan. Askotan entzuten da «bertso pare bat kantatzea bestetik ez da-eta». Hain erraza bada, egin dezala norberak. Baina aurrekoari helduz, oraingo sistema antolatuagoa da —nolabait definitzeagatik— eta antolaketa horretan burokrazia handiagoa sortu da denontzat. Horrekin galtzen denok ateratzen gara, bai sortzaileak, antolatzaileak... Fakturak egiteko traba asko izaten dira, bakoitzak bere sistema erabiltzen du... Administrazio lan handia sortu da, eta horretan lanean jende gehiago aritzea ere eskatu du.

Eskaintza zabaltzeko nahiak eragin du bertsolaritza ikuskizun ezberdinak garatzea?

Aspaldi-aspalditik egin den zerbait da bertsolaritza uztartzea beste zenbait arterekin: musikarekin, dantzarekin... Betidanik egon dira halako ikuskizunak. Gaur egun, agian, kontzienteago egiten dugu apustu hori. Gerorrek lantzen dugu, eta baliabide bat da beste publiko mota bat bertsolaritzara gerturatzeko. Beraz, ikuskizunak —eta bertsolaritza— zabaltzeko lan horretan tresna baliagarri bat da, baina aspalditik datorren zerbait ere bada. 

Tradizioz gizonak izan dira protagonista espazio publikoan. Hori aldatzen ari al da?

Bilakaera eman da eta horretan ari gara, baina oraindik asko dago egiteko. Oraindik asko-asko dago egiteko. Eta garapen bat egon bada ere, bide hori irabaztea ez da izan makala. Asko kostatzen ari da; nahiz eta kanpotik, agian, ezetz iruditu. Uste dut emakumezkooi gauzak bitan frogatzea eskatzen digutela: batetik, bertsolari ona izatea; eta, bestetik, bide hori bakarrik egiteko gai izatea. Eta sasi asko pasa behar izaten dira horra iristeko. Bikoitza eskatzen zaigu emakumeoi, eta ez kultur arloan bakarrik. 

«Uste dut emakumezkooi gauzak bitan frogatzea eskatzen digutela»

Zein erronka ditu Lankuk?

Beste ezer baino lehen nabarmendu behar da Bertsozale elkartearen tresna bat dela Lanku. Eta landu beharreko hiru zehar lerro ditu zehaztuta: emakumeen presentzia sustatzea, belaunaldien arteko transmisioa eta herrialdeen arteko oreka edo lurraldetasuna. Ez dira lan makalak.

Bada, horren barruan, Lankuren lan lerroak dira ikuskizun bereziak ekoiztea, sustatzea zein kudeatzea eta egile eskubideak kudeatzea. Azken hori, agian, ezezagun samarra da, baina oso garrantzitsua. Plazara ateratzen denean sortzaileak sortu egiten du, horretatik eskubide batzuk zor zaizkio eta horiek ordaindu egin behar dira.

Eta hori ulertzen al du jendeak? Ala kosta egiten da?

Dena jartzen da auzitan: bertsoa norena den, horregatik kobratu behar den edo ez... Askotan oso erraza iruditzen zaigu, baina sortzaile batek plazara atera aurretik zenbat lan egin behar duen berak bakarrik daki; eta gertukoek, agian. Baina entzuleek, behintzat, ez. Berdina gertatzen da musikarekin eta antzeko beste hainbat diziplinekin. Aitortza bat behar da sortzaileentzat, eskubide horiek ordaindu daitezen.

 

«Sortzaile batek plazara atera aurretik zenbat lan egin behar duen berak bakarrik daki»

Kultura kontsumitzeko moduak aldatzen ari dira eta, gaur egun, bitarteko nagusi bat dira pantailak. Horretara nola ari zarete moldatzen?

Bertsozale elkarteak badu hori lantzeko talde bat: hedapen eta komunikazio taldea. Egia esan, bere garaian hori kudeatu zutenak oso azti ibili ziren. Kanal ezberdin bat sortu zuten: Bertsoa.eus; martxan dago eta hortik ikustaldi asko biltzen ditugu. Hori da iris-ahalmena zabaltzeko modu garrantzitsuenetako bat. Eta bestea da euskal telebistarekin aspalditik datorren hitzarmen bat, zeina urtero berritzen den programa bat egiteko: Hitzetik Hortzera. Hori da pantailen bitartez iristeko beste baliabide bat. 

Pandemiak sortutako salbuespen egoeran oihartzun handia hartu zuen kulturaren arloko langileen egoerak. Ordutik sentitzen duzue gizartearen babesik?

Pandemia garaian umezurtz geratu ziren sortzaileak; pentsa, gauetik goizera ezin zuten ezer egin. Beste ofizio batzuk ere sufrituko zuten, ziur; nik gurean gertatu zenaz soilik hitz egin dezaket. Babesa egon daiteke, puntuala, baina beste kontu bat da —erabat ezberdina— egunerokotasuna. Eta hori gailentzen denean, jendeari ahaztu egiten zaio. Ez dut uste babes handirik dagoenik gizartearen aldetik. Orain gutxi eratu dute euskaraz sortzen duten langileen elkarte bat: Lanartean. Zerbaitengatik sortu dute; haien baldintzak kaskarrak direlako eta duindu egin nahi dituztelako. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!