Bi elkartruke egingo dituzte ikasturte honetan Orixe BHIn

Ataria 2024ko urr. 9a, 07:57

Lehen batxilergoko 24 ikasleek Belgikara bidaiatuko dute urriaren 18an, eta DBH3ko 42 ikasle Groningan herrira joango dira apirilean; hango ikasleen bisitak ere jasoko dituzte.

Ikasturte berria hasi den honetan, ohi bezala, hainbat elkartruke antolatu dituzte Orixe BHIn. Hain zuzen, bi izango dira aurtengo ikasturtean gauzatuko dituzten elkartrukeak eta guztira, 66 ikasle inguruk parte hartuko dute horietan. Esaterako, Batxilergoko lehen mailako 24 ikasle Belgikako Menen herrian kokatu dagoen Sint Aloysius ikastetxera joango dira urriaren 18an, eta ondoren, hango ikasleak otsailean etorriko dira Tolosara.

«Hezkuntza hobetzea eta kulturartekotasuna bultzatzea dira Erasmusek dituen helburuetako batzuk», aipatu du Arantxa Mendizabal Orixe Insitutuko Erasmus batzordeko kideak, «eta hori proiektu batean islatu beharra dago». Batxilergoko ikasleak trukatzeko aurtengo gai nagusia aniztasuna da, eta helburu hori gauzatzeko proiektuak Rainbow Nations du izena. «Dibertsitatea, jasangarritasuna eta etorkizuneko hiriak nola eraiki nahi ditugun landuko da», eta datozen hilabeteetan Tolosan eta Menen herrian jorratuko dute hori.

Aitzol Etxeberria, Lore Tolosa eta Eki Etxabe dira urrian Belgikara bidaiatuko duten 24 ikasleetako hiru. Etxeberriak badu esperientzia, aurretik Erasmus programan parte hartutakoa baita. Hala ere, Belgikara bidaiatuko duen lehen aldia izango du. «Herrialdeak oso desberdinak dira beraien artean eta beste kultura bat ezagutzea ondo etorriko zait», esan du.

Tolosa eta Etxabe ere lurraldea ezagutzeko gogoz daudela diote, «baina gure lehen aldia izango da eta urduri gaude». Astebetez izango dira Belgikako Menen herrian, eta denbora «gutxi» bada ere, familia faltan sumatuko duela aitortu du Tolosak: «Euskal Herritik atera naizen guztietan nire familiarekin batera egin dut, eta alde horretatik arraroa egingo zait jende ezezagunarekin egotea, baina aldi berean ilusioa egiten dit». Hango familia baten etxean izango dira, astebetez, «eta dagoeneko elkar ezagutzeko aukera izango dugu».

Etxeberriak jakinarazi duenez, «azkar moldatzen zara hangora, eta familiak ere horretan laguntzen du». Horregatik, beldurrak eta lotsak alde batera uzteko gomendioa eman die ikaskideei, «ez baita edozeinek izan dezakeen aukera bat, eta horregatik, disfrutatzera eta ondo pasatzera joan behar dugu».

Bestetik, Groningan herriko ikasleen bisita jasoko dute azaroan, eta ondoren, DBH3ko 42 ikasle Harens Lyceum izeneko eskolara joango dira apirilean astebetez. Hauek, berriz, alfabetatze mediatikoa landuko dute, eta batez ere, fake news edo albiste faltsuen inguruan ariko dira.

Elkartruke hauek Erasmus programak finantzatzen ditu. Hain justu, 43.000 euroko laguntza jaso dutela jakinarazi du Mendizabalek, «eta horri esker egin dugu hau posible, bestela familia gehienek ezingo liekete kostu honi aurre egin, beraz, denentzako aukera bat da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!