55. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Urriaren 31tik azaroaren 3ra ospatuko da 55. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urr. 8a, 07:59

Suhar gizonezkoen koruak irabazi zuen, iaz, 54. Tolosako Abesbatza Lehiaketa. LEYRE CARRASCO

Europako, Asiako eta Afrikako 17 koruk parte hartuko dute –horietatik seik, haur abesbatzen kategorian–, eta irabazlea berriro itzuliko da Tolosara, 2025eko urriaren 26an ospatuko den Abesbatzen Europako Sari Nagusian lehiatzeko.

Udazkena heltzearekin batera, urtero, kultur ekintzen eskaintza areagotu egiten da Tolosan. Urri amaieran, nazioarteko abesbatza onenen elkargune izan ohi da herria, eta aurten ere, Abesbatza Lehiaketaren edizio berri bat ospatuko dute. 55. aldiz egingo dute mundu mailan erreferente bihurtu den lehiaketa; aurten, urriaren 30ean hasiko da, eta azaroaren 3an egingo dute amaiera saioa eta sari banaketa.

Saio guztiak Leidor aretoan izango dira, eta jaialdirako abonuak salgai daude jada, Kutxabanken webgunean. Esteka honetan erosi daitezke urriaren 11ra bitarte; 200 inguru geratzen dira oraindik. Saioetarako sarrera soilak, berriz, hilaren 17ko 18:00etan jarriko dituzte salgai.

Europako eta Asiako taldeez gain, aurten, Hegoafrikako bi abesbatzek ere abestuko dute Tolosan. Guztira, 17 koru arituko dira, 11 ganbera abesbatza eta 6 haur abesbatza. Urtero moduan, polifonia eta folklore modalitateetan abestuko dute koruek, eta Valentin Zubiaurreren O quam suavis eta David Azurzaren Dantzantik izango dira nahitaez abestu beharreko obrak.

Nazioarteko epaimahai batek aukeratuko du irabazlea, eta ondorioz, Abesbatzen Europako Sari Nagusiko Tolosako ordezkaria. Abesbatzen Europako Sari Nagusia Nazioarteko Abesbatza Lehiaketek –Tolosarekin batera, Italiako Arezzo, Hungariako Debrecen, Esloveniako Maribor, Letoniako Jurmala eta Bulgariako Varna– antolatzen duten lehiaketa bat da. Horietako irabazleek, urtebete beranduago Lehiaketen Lehiaketan parte hartzen dute, eta lehiaketa hori txandaka ospatzen da elkarteko kide diren herri edo hirietako batean. 2025ean Tolosan ospatuko da, ziurrenik, urriaren 26an.

Tolosako Ekinbide Etxeak eskerrak eman nahi dizkie lehiaketa egonkortzea ahalbidetu duten boluntario guztiei. «Lehiaketak ez luke gozatzen duen ospea izango, urtez urte babestu duten ehunka tolosarren babes eskuzabala izan ez balu», esan dute.

Parte hartzaileak
  • Ganbera abesbatzak
    • Sing Phillipines Youth Choir (Filipinak)
    • Amaranthe (Belgika)
    • Suanplu Chorus (Tailandia)
    • Bel Canto Choir Vilnius (Lituania)
    • Cape Town Camerata (Hegoafrika)
    • Mixed Choir of Riga Cathedral Choir School (Letonia)
    • De La Salle University Chorale (Filipinak)
    • Camerata Chamber Choir (Danimarka)
    • Storkyrkans Chamber Choir (Suedia)
    • Manado Catholic Choir (Indonesia)
    • Mikrokosmos (Frantzia)
  • Haur abesbatzak
    • Children Choir Kivi (Lituania)
    • The Dream Children's Choir of Banlam Grand Theatre (Txina)
    • World Vision Korea Children's Choir (Korea)
    • Tygerberg Children's Choir (Hegoafrika)
    • Children's Choir Lielvarde (Letonia)
    • The Resonanz Children's Choir (Indonesia)
Egitaraua
  • Urriak 31, osteguna
    • 19:30. Abesbatza Lehiaketan Polifonia eta Folklore modalitateetan parte hartuko duten ganbera abesbatzen emanaldia, Leidor antzokian: Sing Phillipines Youth Choir (Filipinak), Amaranthe (Belgika) eta Suanplu Chorus (Tailandia).
  • Azaroak 1, ostirala
    • 16:00. Abesbatza Lehiaketan Polifonia eta Folklore modalitateetan parte hartuko duten ganbera abesbatzen emanaldia Leidor antzokian: Bel Canto Choir Vilnius (Lituania), Cape Town Camerata (Hegoafrika) eta Mixed Choir of Riga Cathedral Choir School (Letonia).
    • 19:30. Abesbatza Lehiaketan Polifonia eta Folklore modalitateetan parte hartuko duten ganbera abesbatzen emanaldia, Leidor antzokian: De La Salle University Chorale (Filipinak), Camerata Chamber Choir (Danimarka) eta Storkyrkans Chamber Choir (Suedia).
  • Azaroak 2, larunbata
    • 11:00. Haur Abesbatzen Lehiaketan parte hartuko duten haur abesbatzen emanaldia, Leidor antzokian: Children Choir Kivi (Lituania), The Dream Children's Choir of Banlam Grand Theatre (Txina), World Vision Korea Children's Choir (Korea), Tygerberg Children's Choir (Hegoafrika), Children's Choir Lielvarde (Letonia) eta The Resonanz Children's Choir (Indonesia).
    • 16:00. Abesbatza Lehiaketan Polifonia eta Folklore modalitateetan parte hartuko duten ganbera abesbatzen emanaldia, Leidor antzokian: Manado Catholic Choir (Indonesia) eta Mikrokosmos (Frantzia).
  • Azaroak 3, igandea
    • 11:00. Lehiaketaren amaiera saioa eta sari banaketa, Leidor antzokian.
    • Jarraian. Abesbatzen bazkaria, Zerkausian.
    • 19:00. World Vision Korea Children's Choir (Korea) abesbatzaren kontzertua, San Frantzisko elizan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!