Tolosako 47 eraikin aztertuko ditu udalak, Ondarearen Udal Katalogoan sartzeko

Ataria 2024ko urr. 3a, 19:00

Kondeaneko Aldapako 14 eta 12 zenbakietako eraikinak. Argazkia: Tolosako Udala

Azterlanak erakutsiko du eraikin horiek interes arkitektonikoagatik babesik behar ote duten eta, baiezko kasuetan, zein mailatakoa beharko luketen. Behin-behinean etengo dira eraikin horiek erabat eraisteko lizentziak, baita fatxadei eragiten dieten obretarako baimenak ere.

Maiatzeko osoko bilkuran, San Frantzisko ibiltokiko 37. zenbakian dagoen Villa Sagrado Corazon eraikina babestea onartu zuen Tolosako udalbatzak. Hilabete beranduago, berriz, Udal Katalogoa berritzeko prozesuari ekitea onartu zuen. «Urrats garrantzitsua eman genuen, herriko arkitektura ondarea babesteko bidean», adierazi dute udaletik. Hori dela eta, interes arkitektonikoa duten herriko txalet, bizitegi-eraikin eta eraikin instituzionalak katalogoan barneratzeko egokitasunaren azterketa jarriko du martxan. Prozesuari ekiteko, katalogoan sartu beharreko eraikinen «azterlan zehatz bat» egingo du, «babesik behar ote duten, edota babes horren maila ondorioztatzeko».

Ekaineko osoko bilkuran, udal gobernuaren babesarekin onartu zuten erabakia; EAJk eta PSE-EEk abstentziora jo zuten. «Ondorio negatiboak eragin ditzakeen prozesu bati ekin diogu. Katalogo honek tolosarrek etxebizitzak izateko duten eskubidea erraztu edo zailtzen du?», esan zuen Joxe Mari Villanueva zinegotzi sozialistak. «Katalogoa eguneratzeak arazoak sortuko ditu udalaren eta jabekide sustatzaileen artean. Neurtu dituzue sortu ditzakeen talka urbanistiko eta juridikoak? Eta ondorio ekonomikoak?», gaineratu zuen Xarles Iturbe zinegotzi jeltzaleak.

Entzunaldi publikoa igarota, udalak aurki jarriko du abian azterlana. «Helegite bakar bat izan da, eta azterketan eskuratutako informazioarekin emango zaio erantzuna. Bien bitartean, kontratazio proposamenen txostenak osatu dira jada, eta datozen egunotan formalizatuko da kontratua, azterketarekin has daitezen».

47 dira aztertuko diren eraikinak: txalet izaerako 19 eraikin, 25 bizitegi-eraikin eta hiru eraikin instituzional. «Hautaketa hori egiteko Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko udal-arkitektoen eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondarearen Zuzendaritzaren gomendioak jarraitu ditugu», azaldu du udalak.

Hiru babes-maila

Eraikin bakoitzaren azterketa egin eta dagokion fitxa osatuko du udalak, eraikinak berak edota bere elementuek zein babes-maila duten ikusteko. «Euskal Kultura Ondarearen Legearen arabera, hiru babes-maila daude. Babes berezia, ertaina edota oinarrizkoa. Eraikin bat maila horietako edozeinetan sartzeak esan nahi du edozein esku-hartzek ebaluazio- eta onespen-prozesu bat igaro beharko duela, arkitektura- eta kultura-balioen kontserbazioa bermatuko duena».

Azterketak amaitu bitarte, etenda daude eraikin horiek erabat eraisteko lizentziak, baita fatxadei eragiten dieten obretarako baimenak ere, gehienez ere, urtebetez, eta beti ere, ondare babesa duten eraikinetan egin litezkeen interbentzioekin bateragarriak ez badira. «Eten hori gehienez ere urtebetekoa da, azterketa amaitu eta Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) Katalogoaren aldaketa hasieraz onartzen den arte. Azterketa- eta katalogazio-prozesua osatzen den bitartean, ondasun horien galera saihesteko aplikatzen da eten hori», azaldu du udalak.

Eraikinen zerrenda
  1. Arkaute etxea
  2. Uzture kalea 4-6-8-10
  3. Izaskun Etxea
  4. Villa Maria
  5. Ibarralde 3 Etxea
  6. Ibarralde 1 Etxea
  7. Ibai-Gain
  8. Villa Maria Juanita
  9. Kondeaneko Aldapa 30 etxea
  10. Eguzki Toki
  11. Kondeaneko Aldapa 7 etxea
  12. Garmendia Etxea
  13. San Frantzisko 43 etxea
  14. San Frantzisko 20 etxea
  15. San Frantzisko 22 etxea
  16. Jesusen Bihotza etxea
  17. Guadalupe fabrika (Donostia hiribidea)
  18. Langileen etxebizitza (Donostia hiribidea)
  19. Iruñea ibiltokia 2 eta 4 etxebizitzak
  20. Bidezainen etxea (Donostia hiribidea)
  21. Aranguren eta Antzuola eraikinak (Larramendi auzoa)
  22. Belate pasealekua 1 bis etxea
  23. Oyarbide ostatua
  24. Felipe Gorriti plaza 4 etxea
  25. Banco Gipuzkoano (Trianguloa)
  26. San Frantzisko pasealekua 1 etxea
  27. Zumalakarregi pasealekua 1 etxea
  28. Zumalakarregi pasealekua 3-4
  29. Laskoain kalea 10-12 etxea
  30. Foru Etorbidea 1 etxea
  31. Foru Etorbidea 2 etxea
  32. San Frantzisko pasealekua 17
  33. Gudari kalea 1 etxea
  34. Nafarroa etorbidea 13 etxea
  35. San Frantzisko pasealekua 35
  36. Geltoki kalea 1 etxea
  37. Zuberoa taldea (San Esteban auzoa)
  38. Santa Klara kalea 3 etxea
  39. Kondeaneko Aldapa 3 etxea
  40. Igeralde kalea 17-19
  41. Bizkaia kalea 11-15
  42. Andra Mari Taldea
  43. Kondeaneko Aldapa 14 eta 12
  44. P. Zabala kapitainaren taldea (Berazubi)
  45. Ureta higiezinen elkartea (Lehengo Batzokia, Zumalakarregi kalean)
  46. Bigarren mailako osasun zentroa eta ama klinika (Gaur egun Correos, Galtzaundi eta Tolomendi dauden eraikina)
  47. Eskola Zaharra (Gaur egun Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskola, KZgunea eta Aitzol Udal Euskaltegia dauden eraikina)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!