Urriaren 5etik 13ra. Bederatzi egun, eta tartean, bi asteburu. Bada, egun horietan guztietan jai giroan egongo dira Tolosako Berazubi auzoan. Dagoeneko zintzilik daude festak iragartzen dituzten apaingarriak, eta auzotarrak ere prest daude inoizko egitarau luzeenerako. Aurten, baina, auzo elkarteak, ez du festarik iragarri. «Berazubi 2024 izena jarri diogu ekitaldi multzoari. Kultur astea ere antolatu ohi dugu data hauetan, baina, aurten, antolatzeko denboraz justu ibili gara, eta beraz, bi ekitaldiak batu ditugu».
Hortaz, festak eta kultur asteak bat egingo dute aurten Berazubin. Larunbatean emango diote hasiera egitarauari; Espainiako txapeldunordea den Naroa Merino zesta punta jokalariak jaurtiko du suziria, eta ondoren, hamaika ekitaldi izango dira asteburu osoan. Horrekin gutxi ez eta, auzo elkarteak, datorren aste osorako ere antolatu ditu ekitaldiak, adin guztietako herritarrentzat. Astelehenetik aurrera, egunero izango da zertaz gozatu, eta hilaren 11tik 13ra izango dira ekitaldi nagusienak.
Berrikuntzak izango dira zenbait ekitalditan. «Kultur astean antolatu ohi dugun patata tortilla lehiaketaren ordez, kroketa lehiaketa egingo dugu, estreinakoz. Masa eginda ekarri beharko da, eta gero, hemen frijitu. Bestetik, auzoko argazki zaharren erakusketa, astelehenean jarriko da martxan, baina aurten, auzoko dendetan jarriko ditugu ikusgai, hilaren 13ra bitarte. Azkenik, Tolosako Buruhandi eta Erraldoien Konpartsak emanaldia egingo du auzoan, lehen aldiz, eta aurreratu digutenez, ikuskizun berezi bat estreinatuko dute auzoan bertan».
«Hiru plater nagusi»
Auzo elkarteko kideek nabarmendu dutenez, bi asteburuetan, «hiru plater nagusi» antolatu dituzte; hirurak, kontzertuak izango dira. «Batetik, Inhumanos talde valentziarrak, egiten ari den biraren barruan, geldialdia egingo du auzoan. Bestetik, Jamaika Show orkestra erraldoiak ere ikuskizuna egingo du. Gainera, bere kamioian egingo du saioa, plazako oholtzan egin ordez. Azkenik, Leticia Sabater bartzelonarrak ere saioa eskainiko du».
Azken emanaldi horrek zeresana eman du. Bi aldeek hala adostuta, udalak finantzatu gabeko emanaldia izango da. «Bere saioa hitzartu genuenetik, bilera ugari izan ditugu udalarekin, eta eztabaida guztietan bezala, iritzi kontrajarriak egon dira. Azkenean, modu horretara egitea erabaki genuen. Auzotarren artean ere izan genituen gorabeherak erabakia hartu aurretik, baina aurrera egitea erabaki genuen». Auzo elkarteko kideek, ordea, «polemika albo batera» utzi nahi izan dute. «Nahi duena etor dadila eta, nahi ez duena, ez; etortzen direnak ongi etorriak izango dira. Jakitun gara aspaldiko jende kopuru handiena bildu daitekeela auzoan, baina lasai gaude».
Trafiko mozketak
Datozen egunetako ekitaldiak Tolosa CF plazan izango direnez, segurtasuna bermatzeko trafiko mozketak egingo dituzte auzoko bi puntutan. Asteburu honetan eta hilaren 11n eta 12an moztuko dute trafikoa. Batetik, paper eskolako biribilgunetik ezingo da Martin Jose Iraola kalera sartu eta Iurre auzora bideratuko da trafikoa. Araba Etorbidea gurutzatuz joan ahal izango da Tolosa erdigunera. Bestetik, auzoaren beste aldean, zezen plaza parean itxiko da trafikoa, zubiaren sarreran. Ekitaldiak bukatu ahala irekiko dira berriz trafikoarentzat. Kanpotik datozen bisitariei Usabal industriaguneko eta Usabal kiroldegiko aparkalekuak erabiltzeko gomendioa luzatu die Udaltzaingoak.
Honakoak izango dira trafiko mozketak:
- Urriak 5, larunbata
- 17:00-19:00. Buruhandiak ibiliko dira kalez kale.
- 23:00-02:00. Kontzertua.
- Urriak 6, igandea
- 17:30-19:00. Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa.
- Urriak 11, ostirala
- 18:00-01:00. Buruhandiak eta kontzertuak.
- Urriak 12, larunbata
- 18:30etik kontzertuak amaitu arte. Buruhandiak, danborrada eta kontzertuak.
Egitaraua
- Urriak 5, larunbata
- 10:00. 3x3 Futbol Txapelketa 2011 eta 2014 artean jaiotakoentzat (sailkatze fasea). Izen ematea, auzo elkartean.
- 11:00. II. Piragua Txapelkea Oria ibaian, Zumardia elkarteak lagunduta. Izen ematea, auzo elkartean.
- 12:30. Haurrentzat kirol alternatiboak, Tolosaldea LHII-ren eskutik.
- 13:00. Txupinazoa Naroa Merino zesta punta jokalari auzotarraren eskutik.
- 16:30. Holly hautsen festa, plazan.
- 17:00. Pottoka ibilaldiak, auzoko kaleetan.
- 18:30. Buruhandiak auzoko kaleetan.
- 19:00. Erromeria, Alaiki taldearen eskutik.
- 22:30. Primo Bayo DJ-a, auzoko kaleak alaitzen.
- 23:30. Inhumanos, Valentziako taldearen kontzertua.
- Ondoren. Primo Bayorekin festa plazan.
- Urriak 6, igandea
- 12:00. Gizonezkoen toka txapelketa.
- 14:30. Larreak zerbitzatutako bazkaria. Izen ematea, auzo elkartean.
- 16:00. Musika, Peruren eskutik.
- 17:30. Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren kalejira.
- 19:00. Disko mugikorra Parti Man, haurrentzat.
- Urriak 7, astelehena
- 19:00. Berazubiko argazki zaharren erakusketa, auzoko dendetan.
- Urriak 8, asteartea
- 19:00. Umore bakarrizketa. Amaia Ruiz de Galarreta, Asier K, Esti Curiel eta Ander Malbadi.
- Urriak 9, asteazkena
- 19:00. Ardo dastaketa maridajearekin, auzo elkartean. Bertan eman behar da izena.
- Urriak 10, osteguna
- 19:00. Kroketa lehiaketa (bertan frijituta) eta pintxo-potea txosnan.
- Urriak 11, ostirala
- 18:15. Buruhandiak.
- 18:15. Iver DJ.
- 22:30. Leiticia Sabaterren kontzertua eta argazki saioa (finantzatu gabeko ekitaldia).
- Ondoren. Iver DJ.
- Urriak 12, larunbata
- 11:00. Xake txapelketa, Tolosako Enroke Xake Klubak antolatuta.
- 11:30. 3x3 futbol txapelketako finalerdiak eta finala.
- 12:00. VI. Europako Txapel Jaurtiketa. Berazubin futbol partida egonez gero, Tolosa CF plazan egingo dute.
- 15:00. Mus txapelketa azkarra.
- 16:30. Zumbaton. Zunba saioa, adin guztietako herritarrentzat.
- 18:00. Haurrentzat txokolatea, plazan.
- 18:30. Buruhandiak auzoko kaleetan.
- 19:30. Jamaika show orkestra. Lehen saioa.
- 21:00. Danborradako partaideen afaria, elkarte atarian.
- 22:30. Danborrada auzoko kaleetan, Lasko txarangarekin.
- 23:45. Su artifizialak Berazubiko zubitik.
- 00:00. Jamaika Show orkestraren emanaldia.
- Urriak 13, igandea
- 09:15. Tolosako Udal Txistulari Bandaren diana.
- 11:30. Emakumezkoen toka.
- 13:00. Tolosako Udal Musika Bandaren kontzertua.
- 14:30. Paella erraldoia. Izen ematea, auzo elkartean.
- 16:00. DJ Meyd.
- 19:00. Udaberri dantza taldearen saioa.
- Ondoren. Kalejira auzo elkartetik arratoiarekin.
- Jarraian. Arratoiaren erretzea.
- 21:30. Festa amaierako txupinazoa.
*Euria eginez gero, kontzertuez aparteko ekitaldiak auzo elkartearen aurreko karpan egingo dituzte.