Helburua lortzeko denboraldi zaila Tolosalarentzat

Imanol Garcia Landa 2024ko urr. 3a, 07:59

Tolosala taldeko kideak, denboraldiaurreko argazki batean.

Tolosako gizonezkoen areto futbol taldeak 2. B Mailara igo nahi du, baina araua aldatu da eta ez da igoera faserik izango, ligan lehenengoa geratzen dena bakarrik igoko baita.

Aurreko denboraldiaren ondoren areto futboleko Laskorain eta Tolosala kluben artean gizonezkoen lehen taldea elkartu zuten, eta aurten Tolosala izenarekin lehiatzen ari dira Hirugarren Mailan. Denboraldiko helburua argi dute, datorrenean 2. B Mailara igotzea. Denboraldi honetan, baina, araua aldatu dute, eta ez da lehenengo lau taldeen arteko igoera faserik izango. Ligako irabazlea zuzenean igoko da. Javi Mujika Tolosalako entrenatzaileak azaldu duenez, «igoera lortzea zailagoa izango da, liga derrigorrez irabazi behar duzulako horretarako. Gure helburua da astero lana egin eta emaitza onak ateratzea, eta pixkana ikustea zertarako gai garen».

Bi kluben arteko bateratzea aurretik zetorren ideia zen, eta aurreko denboraldi amaieran Laskorain taldea 2. B Mailatik Hirugarren Mailara jaitsi zen, eta horrez gain, hainbat jokalari beteranok utzi egin zuten. Tolosalaren lehen taldeak denboraldi ona egin zuen Hirugarren Mailan, igoera faserako sailkatuz; talde horretatik ere jokalari beterano batzuek utzi egin zuten. Elkartzea erabaki zuten, eta ez dutela inongo arazorik izan esan du Mujikak: «Denak Tolosakoak gara, eta elkar ezagutzen genuen. Ez dugu arazorik izan, erraza izan da. Jokalari bat dago Zaldibiakoa, aurreko denboraldian Tolosalan zegoena, eta jarraitzea erabaki du. Denak gertukoak gara, eta talde giroa sortzea errazena izan da». Denboraldiaurrean taktika ez dute hainbeste landu, eta batez ere elkarrekin jokatzeko ohitura hartzen aritu dira.

Igandean izan zuten ligako lehen partida eta 2-7 irabazi zuten tolosarrek Usansolo taldearen aurka, sailkapeneko lehen postuan jarriz. Emaitzarekin bai, baina jokoarekin ez dago gustura Mujika: «Emaitza ikusiz gero, ematen du partida erraza izan zela, baina kontrakoa izan zen. Partida guztiak zailak izaten dira jokatzeko, eta lehenengo partidan beti izaten dira urduritasunak. Gure partida kaskarra izan zen, baina kalitate handia duten jokalari batzuk ditugu, eta horretaz baliatuz aurrera atera genuen partida».

Usabal kiroldegia da taldearen etxeko kantxa, eta larunbat honetan jokatuko dute Antiguokoren aurka. «Azken urteetan beraiek izan dira ligako txapeldunak, eta aurkari oso gogorra izango da», esan du Mujikak. «Aurten beraiek dira ere faborito nagusiak lehen postua lortzeko. Beraz, ikusteko partida polita da, baina guretzako lan handia eskatzen duen norgehiagoka izango da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!