Bilboko Udal Musika Bandak 2024-2025 denboraldiko lehen kontzertuetako bat eskainiko du igande honetan, urriak 6, Euskalduna Jauregian. 12:00etan izango da kontzertua Auditorium aretoan, eta sarrerak salgai daude Euskalduna.eus webgunean, 5 eurotik hasita. Begiradak izeneko emanaldian, lau obra interpretatuko ditu bandak, eta horietako bat, Jon Esnaola musikagile tolosarraren Ortzi izango da; Esnaolaren obraren kasuan, bere estreinaldia izango da. Beste hiru obrak, Jesus Santandreuren Le Fifre, Ernesto Aurignacen Breathe II for piccolo and wind band –estreinaldia– eta Modest Moussorgskyren eta Maurice Ravelen Tableaux d’une exposition izango dira. Jose Rafael Pascual Vilaplana valentziarrak zuzenduko du banda, eta Paco Varoch bakarlari arituko da, flautinarekin.
Esnaolak, bere obraren izenaren jatorria azaldu du. «Ortzik zerua esan nahi du. Kontzeptuak, baina, bere baitan gertatzen diren fenomeno naturalei egiten die erreferentzia. Denboraren poderioz, zeru hitzak ordezkatu du; izan ere, erabilerarekin batera, hitzek jatorrizko esanahia gal dezakete, eta zentzu berriak hartu, ideia garaikideagoak irudikatzeko».
Banda sinfonikorako obra bat da Ortzi. «Zeruan gertatzen diren fenomeno naturalek sortutako soinuak ekartzen ditu gogora. Banda sinfonikoan haize-instrumentu ugari egoteak haize-bolada bortitzak islatzen ditu. Obran zehar, fenomeno naturalen antzeko soinuak indartzen dira, hala nola, argi-izpiak, tximistak, euria, trumoiak eta ortzadarra, ortzi eta adarra hitzetatik datorrena.
Esnaolak azaldu duenez, perkusiozko instrumentuek «bitartekari gisa» jokatzen dute obran zehar, «bi soinu-mundu kontrajarri bateratuz. Lasaitasun uneetako erresonantzia handiko instrumentuen erabilerak, asaldura-pasarteekin kontrastatzen du, non soinu gutxi egiten duten eta perkusio gehien duten instrumentuak nagusitzen diren. Sonoritate horien artean, euskal folklorearekin lotura duten elementu melodikoak agertzen dira, sorkuntza berri honetan soinu-baliabideen etengabeko iturri bihurtzen direnak. Testura horien guztien artean, Basahaideak izeneko Xiberuko kantuen oihartzun txikiak entzun daitezke, dultzainei eta txistulariei erreferentzia egiten dietenak. Doinuok zintzarrietan inspiratutako artzainen soinu bukolikoekin osatzen dira».