Gazteek kirola egiteko «oztopo ekonomikoak» dituztela nabarmendu dute Tolosako Gazte Asanbladako Maddi Etxeberria eta Ugaitz Mozo kideek. Horri erantzuteko sortu dute Egurra borroka taldea, eta Ezpala gaztetxean egingo dituzte entrenamenduak.
Nola sortu da proiektua?
Maddi Etxeberria. Herriko gazteok kirola egiteko doako espazio baten falta sumatu genuen.
Ugaitz Mozo. Hutsune edo arazo horri aurre egiteko jarri genuen martxan Egurra borroka taldea Ezpala gaztetxean, instituzio eta enpresetatik kanpo.
Eta zein da helburua?
Etxeberria. Herriko gazteek Ezpala gaztetxean kirola egiteko aukera izatea da helburua.
Mozo. Gazteek ia edozein kirol egiteko oztopo ekonomikoak dituztela-eta, arazo horri aurre egiteko proiektua da. Momentuz boxeoa praktikatzen dugu, baina kirol ezberdinak eskaintzeko asmoa dugu.
Gazteentzako eskaintza da, beraz.
Etxeberria. Asanbladaren eskaintza guztiak bezala, herriko gazteei bideratuta sortu dugu. Kasu honetan nerabeei eta gazteei zuzenduta pentsatu dugu proiektua, horiek baitira lehen aipatutako gabezia gehien bizi dutenak.
Nola funtzionatzen du?
Mozo. Guztien artean antolatuta jarduten du Egurra borroka taldeak; bakoitzak bere aletxoa jarriz ari da proiektua aurrera ateratzen.
Etxeberria. Horrez gain, hiru oinarri edo ardatz ditu: ez du onartzen eraso matxista, arrazista, klasista eta homofoborik; zapalkuntzarik gabeko gizarte askeago baten alde borrokatzen du eta, aurretik esan bezala, instituzioetatik eta enpresetatik kanpo jarduten du.
Beste proiekturik ba al duzue esku artean?
Mozo. Apustu handi bat izan da Egurra borroka taldea sortzea, baina ez gara horretara mugatuko. Kurtsoan zehar beste hainbat aisialdi eskaintza ere antolatuko ditugu: kirol txapelketak, zinema, mural margotzea...
Etxeberria. Urtero bezala Gazte Eguna ere antolatuko dugu ekainean, eta arraun txapelketa ere izango dugu. Parte hartu edo lagundu nahi duena gerturatu dadila beldurrik gabe asanbladara!