Bihar abiatuko da Mugi Tolosaren ikasturte berria

Ataria 2024ko urriaren 1a

Asteazkenero egingo dituzte ibilaldiak, Zerkausitik hasita, eta bi taldetan banatuta. Bost kilometroko ibilbidekoak 10:30ean abiatuko dira; kilometro bakarra egingo dutenak, berriz, 11:00etan.

Bueltan da Mugi Tolosa, bakardadeari eta sedentarismoari aurre egin eta adinekoen artean ohitura osasuntsuak sustatzea helburu duen egitasmoa. Bihar hasiko dira irteerak. Ekaineko lehen astera bitarte, asteazkenero egingo dituzte ibilaldiak Tolosan zehar, nahiz eta tartean badiren salbuespen batzuk. Abenduko zubian, Gabonetan, Inauterietan eta Pazko astean ez baitute irteerarik egingo. 

Bi taldetan egingo dituzte ibilaldiak. Lehen taldea 10:30ean aterako da, eta herrian zehar bost kilometroko ibilbidea egingo dute. Bigarrenak, berriz, mugikortasun murritzagoa duten pertsonentzat pentsatutako kilometro bakarreko ibilbidea egingo du, 11:00etan abiatuta. Ibilbidean zehar, boluntario eta ikasleen laguntza izango dute parte hartzaileek. Izan ere, elkarte sozial, ikastetxe eta udalaren artean elkarlanean gauzatzen da egitasmoa. Aurten, besteak beste, Inmakulada Lanbide Ikastolak, Orixe institutuak, Laskorain ikastolak, Herrikide ikastetxeak, Tolosako OSIak, Iturriza Erretirodun Elkarteak, Goyeneche Fundazioak, Iurreamendi eta Uzturre egoitzek eta Nagusilanek parte hartuko dute.

Mugi Tolosak, ohitura osasuntsuak sustatzeaz gain, parte hartzaileen arteko sozializazioa ere bultzatzen du. «Zahartze aktiboa sustatzeko egitasmoa izateaz gain, topagune ere bihurtu da, lagunartean kalera ateratzeko eta ibilbideez gozatzeko aukera eskainiz», azaldu dute antolatzaileek. Hori horrela, asteazkenetako ibilaldiez gain, bestelako ekintzak ere antolatuko dituzte ikasturtean zehar: hondartzara irteera, Inauterietako kalejira, Tolosa-Ibarra VI. egitasmoa, Bizikletan adinik ez eta erorikoak ekiditeko gomendioen, bide-segurtasunaren eta belaunaldien arteko tailerrak.

Astelehenetan Alondegia plazan egiten diren jarduerei jarraipena ematea aurreikusten dute antolatzaileek. Hain zuzen, aurten egitasmora batu dira Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua eta Gainberri, saio horiek kirol ikasketetan murgilduta dauden ikasleek gidatzeko asmoz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!