Zaintza eta etxeko lana duintzeko saioak, Andragoran

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urr. 1a, 16:49

Libe Muguruza (Andragora) eta Carola Ibazeta eta Tatiana Bellorin (SOS Arrazakeriak), atzo, aurkezpenean. J. A.

SOS Arrazakeriak mugimenduaren eskutik, etxeko langileei bideratutako doako aholkularitza- eta informazio-zerbitzua eskainiko du Tolosaldeko Emakumeen Etxeak.

Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak, SOS Arrazakeriak mugimenduaren eskutik eta Tolosako Udaleko Berdintasun Sailaren laguntzarekin, etxeko lanari buruzko aholkularitza- eta informazio-zerbitzua eskainiko du. Urriaren 7an jarriko da martxan eta saioak astelehenetan izango dira, bi astez behin, 16:15etik 18:30era.

Libe Muguruza Andragorako dinamizatzaileak azaldu duenez, «helburu nagusia zaintza lana duintzea» izango da. Eremu horretan jarduten duten langileen eskubideak bermatu eta egon daitezkeen tratu diskriminatzaileak saihestu nahi dituzte. «Langile zein enplegatzaileek etxeko lanari buruz izan ditzaketen zalantzei erantzungo diegu, hala nola, kontratuak, nominak, gizarte segurantzako kotizazioa, ordainsariak, lan istripu eta gaixotasun arruntagatiko bajak edota kitapenak, betiere, Etxeko Langileentzako Sistema Bereziko araudiaren arabera. Zaintzak eta etxeko lanak bizitzaren iraunkortasunerako ezinbesteko lan gisa ikusarazi, aitortu, eta sozialki babestea da gure nahia».

Zerbitzua doakoa izango da, baina aurrez hitzordua eskatu beharko dela aurreratu dute. Horretarako, hiru bide egongo dira aukeran: Andragorara bertaratuz, andragora@andragora.eus helbidera idatziz edo 943 008 967 edo 747 496 469 telefono zenbakietako batera deituz. «Eskualdeko emakume orok izango du parte hartzeko aukera», esan du Muguruzak.

Kafearen edo tearen bueltan

Bestetik, SOS Arrazakeriak mugimenduko etxeko langileen taldeak sustatuta, Andragoran Kafe tertulia izeneko elkargune bat daukate. Jatorri anitzeko emakumeei bideratutako espazioa da, eta asteazkenero biltzen dira, 17:00etatik 19:00etara. «Bertan, kafe edo te baten bueltan, elkarrekin tarte bat partekatzeaz gain, euren bizipenak elkarbanatu eta zalantzak argitu ahal izateko espazioa da. Erlaxatuta egoteko gune bat ere bada», adierazi du Carola Ibazeta SOS Arrazakeriak mugimenduko kideak eta tertulietako koordinatzaileak. «Zerbitzu berriaren irekiera aprobetxatu nahiko genuke jatorri anitzeko emakumeei elkargune honetara gonbita luzatzeko», gaineratu du Muguruzak.

Andragorako dinamizatzaileak azaldu duenez, Tolosaldeko Emakumeen Etxean atzemandako behar bati erantzuteko sortu dute aholkularitza- eta informazio-zerbitzua. «SOS Arrazakeriak mugimenduko kideekin harremanetan jarri ginen, izan ere, aipatutako Kafe tertulia saioetan sentitu genuen zerbitzu berri hau eskaintzeko beharra».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!